argia.eus
INPRIMATU
Psikiatrikoen aurkako salaketa kalera aterako du Harro Zoroa mugimenduak asteburuan Bilbon
  • “Hego Euskal Herria da elektroshock gehien praktikatzen den Espainiako Estatuko lurraldea; Basurtuko ospitalean sei elektroshock makina daude”, azaldu dio ARGIAri Heiko Elbira Zoroa GAM taldeko kideak. Hori eta beste hainbat praktika psikiatriko salatzeko Harro Zoroa eguna Euskal Herrian ospatuko dute lehen aldiz, ekainaren 3an.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko maiatzaren 31
\"Zoroak oraindik oso minduta daude, batzuek medikazio gogorra hartzen dute eta drogatuta bazaude zaila da ongi jabetzea edo kontzientzia hartzea\".

Psikiatrizatuta egon den jendeak osatzen du Zoroa GAM, 2018an sortua. Heiko Elbiraren hitzetan, talde zoro autogestionatua dira, eta salaketa nagusi bat dute: praktika psikiatrikoan sistematikoki gauzatzen da tortura, eta hala jasotzen da gainera Nazio Batuen Kontalari Bereziaren azken txostenetan (2017 eta 2020koetan).

Euskal Herria ez da salbuespen

Elbirak kontatu digunez, psikiatrikoetan izan duten esperientzia ez da batere ona. “Medikazioa indarrez ematen da, berdin euste mekanikoak, ume nahiz heldu izan, eta elektroshockak eta mehatxuak ere eguneroko ogia dira". Gehitu duenez, "psikiatrikoetan pobreenak sartzen dituzte, emakumeak, arrazializatuak, bakarrik daudenak… Aberatsek ez dute hor amaitzen".

"Medikazioa indarrez ematen da, berdin euste mekanikoak, ume nahiz heldu izan, eta elektroshockak eta mehatxuak ere eguneroko ogia dira. Psikiatrikoetan pobreenak sartzen dituzte, aberatsek ez dute hor amaitzen"

Mugimendua oraindik oso oinarrian dagoela aitortu digu Elbirak: “Zoroak oraindik oso minduta daude, batzuek medikazio gogorra hartzen dute eta drogatuta bazaude zaila da ongi jabetzea edo kontzientzia hartzea, indarrez eta behartuta dituzte praktika psikiatrikoetan…”.

Duela gutxi albiste izan den adibidea jarri digu: Galizian, 19 urteko gazte bati elektroshocka aplikatu diote, nahiz eta ez berak ez familiak ez zuen nahi, baina psikiatrek epaitegietara jo eta lortu dute gaztearen borondatearen kontra horretara behartzea.

Espainiako Estatuko hainbat lekutan egingo duten aldarrikapenarekin bat eginez, Harro Zoroa antolatu dute ekainaren 3an: manifestazioa egingo dute Bilbon, Unamuno plazatik Areatzara, 12:00etan abiatuta.