Santurtziko udaltzainen esku-hartzearen ostean hil zen Anderren kasuaren harira, atxiloketaren irudiak jasotzen dituen bideoa publikatu eta astebetera, Santurtziko PSEk eskatu du Herritarraren Segurtasunerako zinegotzi Imanol Urrutxua (EAJ) kargugabetzeko. Itziar Carrocera alkateak adierazi du Urrutxuak karguan jarraituko duela. "Ez dugu presio politikoek baldintzaturiko erabakirik hartuko", ez behintzat abian diren ikerketen ondorioak ezagutu aurretik.
"Orain arte azaleratutako guztiaren ondorioz, [Urrutxuak] dimisioa aurkeztuko du, poliziaburuak egin zuen bezala, egoera bideratu ahal izateko", adierazi du PSEko eledun Juan Emilio Andradesek: "Horrelakorik gertatu ezean, ulertzen dugu alkateak bere eginkizunetatik kargugabetu behar duela eta, horrelakorik ere gertatzen ez bada, alkateak berak dimititu beharko duela. Ez dezagun ahaztu bera dela Udaltzaingoaren arduradun nagusia".
Andradesek argi utzi nahi izan du PSEren asmoa sekula ez dela izan "egoera hain mingarri batetik etekin politikoa ateratzea", eta kexu agertu da, bideoa publikatu ostean eskatu zaiolako Udaltzaingoari ekainaren 22an gertatutakoari buruzko txostena egiteko.
Itziar Carrocera alkateak, bestalde, adierazi du udalak lehen momentutik egin duela lan gertatutakoa argitzeko, eta dagokien erakundeekin kolaboratu duela prozesu osoan zehar. "Esku-hartzearen irudi berriak ikustean, udalak txosten eta azalpen berriak eskatu zituen, beharrezko informazio guztia eskura izateko". Herritarraren Segurtasunerako zinegotziak karguan jarraituko duela esan du. Bere hitzetan, gobernu-taldeak ez du bere erantzukizuna saihestuko, "ez politiko ez instituzionala", baina adierazi du erabakiak "zorroztasunez" eta frogetan oinarrituta hartu behar direla, eta ez "ultimatum politiko baten ondorioz".