Maiatzean hainbat lanpostu eskaintza publikotako euskarazko probetan izandako akatsen harira azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk Gasteizko udal gobernuari. PSEk erantzun du akatsak onartzen dituela, baina ez dela eskubide urraketarik eta diskriminaziorik egon probetan.
Ostegun honetan gertatutakoa aztertu dute Gasteizko Udalaren Funtzio Publikoaren batzordean. Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak zehaztu duenez, “azterketa euskaraz egitea hautatu zutenak zigortuak izan ziren”. Bere esanetan, euskaraz egitea erabaki zutenek hainbat zailtasuni egin behar izan diote aurre: “Bat, ikasmaterial gehiena gaztelaniaz dago; 258 herritarrek erabaki zuten azterketa euskaraz egitea, eta udalak, ikasmateriala euskaraz ere badagoela bermatu beharrean, hizkuntza aldatzeko gonbita egin zien. Hala ere, batzuek erabaki zuten euskaraz egiteko asmoarekin jarraitzea. Eta akatsez jositako azterketak jaso zituzten, 30 errata baino gehiago, akats sintaktikoak, eta gutxienez zentzurik gabeko bost esaldi”.
Beraz, Uriarteren ustez, “egoera larri batean aurrean gaude, zeinak eragiten dien enplegu publikora jo dutenei, baita hizkuntza normalizazioari ere”. Egoera horrek berdintasun eskubidea urratu duela esan du Uriartek eta hori onartu duela Funtzio Publikoaren Departamentuak, “hizkuntza aldatzeko aukera eman zien euskara hautatu zutenei, horiek berme guztiekin prestatu ahal zitezen probara”. Eta gainera, zehaztu du euskarazko azterketarekin batera erdarazkoa ere banatu zitzaiela, “ulergarritasuna errazteko”.
Akats horiek eta horren bueltan gertatutakoek adierazten dute, Uriarteren iritziz, Gasteizko Udal Gobernuak euskarari menpeko hizkuntza izaera ematen diola. 2026an enplegu publikorako azterketa batean “halako akatsak izatea lotsagarria da, eta hautagaiekiko errespetu falta handia erakutsi du. Pertsona bakoitzaren atzean ikasketa ordu asko dago, uko egite pertsonal asko eta gastu ekonomikoak ere bai, eta Gasteizko Udalak ahalegin hori guztia kolokan jarri du”.
Uriarteren esanetan, azterketetako akatsak hain ziren larriak, “argi dagoela inork ez zituela gainbegiratu eta hori arduragabekeria handia da. Hau ez da akats isolatu bat, baizik eta udal talde honek euskararekiko duen borondate politikoaren erakusle”. Eta honako galdera utzi du aretoan: “Zer egingo du udal gobernuak ziurtatzeko horrelako akatsak ez direla berriro gertatuko?”.
Armentia (PSE): "Zintzoki deitoratzen ditugu akatsak"
Jon Armentia PSEko zinegotziak zintzoki deitoratu du “euskarazko proba batzuetan izandako akatsak. Proba horiek egiten dituztenek tentsio egoera oso gogorrak bizi dituzte, eta egoera horretan, edozelako akatsek, areago hizkuntza kalitateari eragiten badio, sortzen ditu egoneza, etsipena eta bidegabekeria sentsazioak”. Hori esanda, adierazi du ez daudela ados “egiten diren zenbait errelatorekin, zeintzuek azpimarratzen duten euskarari egiten zaion mespretxua, euskararen diskriminazioa eta eskubideen urraketa”.
Armentiaren esanetan, udal gobernu honek “azterketa ofizialak diren bi hizkuntzetako batean egin ahal izatea bermatu du. Horretarako indarrean dagoen legea bete du eta sekulako ahalegina egin du. Eta hori guztia, berdintasun aukera bermatuta”.
Ondoren azaldu du komeni dela LEP honen testuinguru zehaztea: “Maiatzaren 15a eta 24aren artean 50 bat azterketa desberdin kudeatu ziren, 2.400 galderatik gora, 12.000 enuntziatutik gora galderetan eta erantzunetan; eta 10.700 pertsona baino gehiago azterketetara deituak izan ziren. Gainera, bermatu behar zen pertsonen hizkuntza hautaketa. Horrek eskatzen zuen oso konplexuak diren ikasgai ugaritako milaka kontzeptu tekniko aztertu behar izatea”.
Argi utzi nahi izan du Gasteizko Udalarentzat euskara ez dela bigarren mailako hizkuntza, “baina argi adierazi behar dugu izan diren zailtasunak”. Udalaren euskara zerbitzuak deialdi honi erantzuteko sekulako lana hartu duela azaldu du, beste batzuetan IVAPi ere eskatzen diotela laguntza, baina oraingoan hark ere ezin izan duela lagundu. “Proben izaeragatik, gainera, azterketen konfidentzialtasun handia behar da. Galderetako asko test motakoak dira eta erantzunetan ñabardura semantikoekin jolasten da. Zailtasun horiek ez dituzte akatsak justifikatzen, baina gainbegiratzean huts egin dugu, hori da guztia”. Alabaina, azpimarratu du ez dutela nahi hori euskararen bazterketa nahiarekin nahastea eta proba hauetan ez dela inongo eskubide urraketarik egon: “Euskararen zaintza eta normalizazioa garatzeko udal honen konpromisoa erabatekoa da”.
Horrelakorik berriz ez gertatzeko lanean ari direla esan du. Hizkuntzen aldez aurreko berrazterketa linguistikoak indartuko dira; barne mailako itzulpen zerbitzuak errepasatuko dira, eta kontrol tekniko eta humanoak areagotuko dira: “Autokritika egiten dugu, hobetzeko borondatearekin agertu gara ona, baina, aldi berean, udal zerbitzuek egindako lana defendatzen dugu, eta euskara hiri eta udal honetako hizkuntza gisa defendatzeko borondatea dugu”.