PSE-EEk “ia ezinezko” ikusten du EAJrekin administrazioko euskara eskakizunen inguruko akordioa lortzea

  • “Beste proposamen bat egin beharko digute gure adostasuna lortu nahi badute”, adierazi du Eneko Anduezak. EH Bildurekin akordioa erabat ezinezko jo du, eta EAJ eta EH Bilduren arteko akordioa “gizartearen kontrakoa” litzatekeela azaldu du.

PSE

2026ko apirilaren 21ean - 14:55
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Astearte goizean egin ditu adierazpenak PSE-EEko presidente Eneko Anduezak, Bilbon, alderdiaren Batzorde Exekutiboaren ondorioak azaltzeko prentsaurrekoan. Eusko Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legea eztabaidatzen ari da, eta administrazioko euskara eskakizunen inguruan bi proposamen daude mahai gainean, EAJrena eta EH Bildurena. EAJk orain arteko ardatza zen derrigortasun indizea kentzea eta euskara eskakizunak erakunde bakoitzak erabakitzea proposatzen du. EH Bilduk euskara eskakizuna lanpostu guztiei ezartzea defendatzen du, eta ondoren eskakizun horren gauzatze praktikoa “malgutzeko” aukera ematea.

EAJren zein EH Bilduren proposamenen aurka egin du Anduezak: “Bi proposamen horiekin atea irekitzen zaie herri-administrazioei euskararen egungo eskakizuna areagotzeko, baita egungo egoeraren gainetik ere, jada gehiegikeria nabarmenak gertatzen direnean". Bere irudiko, proposamen horiekin “sententziak eta ebazpenak heltzen jarraituko dute”.

EAJren proposamenean eta posizioan zentratu du bere mintzaldia Anduezak. “EAJren proposamen honekin ez dugu akordio posiblerik ikusten. Ezinezkoa da. Hitz egiteko prest gaude, baina adostasun bat nahi badugu beste baldintza batzuetan izan beharko du”. Hain zuzen ere, beste proposamen bat aurkeztera deitu ditu jeltzaleak, “gure adostasuna lortu nahi badu”.

EAJrekin akordioa “ia ezinezko” ikusten badu, EH Bildurekin guztiz: “Hori baztertuta dago”. Administrazioko lanpostuetarako euskara eskakizunen alorrean legebiltzarrean eredu berria adosteko hirugarren bide posiblea EAJ eta EH Bilduren arteko akordioa litzateke –legebiltzarkideen aldetik, babes handiena lukeena–. PSEko presidenteak aukera horri zilegitasunik ere ez dio aitortu, bere esanetan, “euskal gizartearen kontra” egitea bailitzateke.


Euskara kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.