Mozal Legean oinarrituta eta desobedientziaz akusatuta, guztira 7.000 euro baino gehiagoko isunak jaso dituzte Korda espazioa defendatu zuten kideek. Isunen kontrako helegiteak jarri zituzten eta ostegunean hasi dira horiek ebazteko epaiketak. Protesta eskubidea aldarrikatu dute epailearen aurrean.
Duela urtebete baino gehiago Ertzaintzak indarkeriaz hustu zuen Gasteizko Korda espazioa. Herrizoma Elikadura Sareak, Zaharraz Harrok eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak 2022an berreskuratu zuten espazioa. 21 Zabalgunearen –Gasteizko Udalaren hirigintza-sozietatearen– jabetzakoa zen lokala, eta hamabi orduko polizia operazioa muntatu behar izan zuten hura husteko.
Hiru kolektiboek egun horretan jasandako errepresioa salatu dute. Izan ere, poliziak auzoa militarizatu zuen eta barruan zeuden kideren kontra oldartu zen. Ertzaintzak guztiak identifikatu zituen eta horietako bat zauritu eta atxilotu zuen. Zauritutako kidea ospitalera eraman zuten eta bertan kidea artatu zuen erizaina ere identifikatu eta mozal legearengatik isuna jarri zioten, ustez, poliziaren agindua desobeditzeagatik. Azkenik, Korda itxi zuten.
Errepresioa baina ez zen egun horretara mugatu. Atxilotutako kidearen kontrako prozesu judiziala hasi zen, eta baita Mozal Legean oinarritutako isunen tramitea ere. Zauritutako kideak salaketa jarri zuen poliziaren aurka eta gaur gaurkoz ez dago horren inguruko inolako berririk. Atxilotutako kidearen kontrako prozesu judiziala artxibatu zen, epaileak ez zuelako delitu zantzurik ikusi baina gainerako hamar kideren eta erizainaren kontrako isunak ere iritsi ziren, guztira 7.000 eurotik gorakoak, desobedientziaz akusaturik.
Herrizomak, Zaharraz Harrok eta Auzoan Bizik Mozal Legea askatasun politiko eta zibilen kontrakoa dela eta poliziaren inpunitatea handitzen duela salatu dute, eta horregatik, beti Mozal Legearen indargabetzea aldarrikatuko dutela azaldu dute. Kordako desalojoari dagokionez, haien protesta eskubidean berresten dira eta ez dituzte jarritako isunak onartzen. Ondorioz, administrazioarekiko auzi-demandak jarri zituzten eta gaur, uztailaren 16an, hamar epaiketetatik lehena izan da. “Epaileak erabaki beharko du egin zutena delitua den edo kontrara, protesta eskubide legitimo eta demokratikoa gauzatu zuten.”, adierazi dute.