EGO-ren neguko topaketa
Egitaraua: Rameau, von Biber, Corelli eta Haendelen lanak.
Non: Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
Noiz: urtarrilaren 2an.
------------------------------
Eguberri guztietan bezala, EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak kontzertu sorta bat eskaini du, hainbat hiritan, topaketa deiturikoak. Topaketa horietan, gure herriko musikari gazte nabarmenak elkartzen dira, entseatu egiten dute, eta urte osoan haiek bezalako artistek egindako lanaren fruituak publikoari eskaintzen dizkiote. Donostian eskainitako kontzertua ikusi eta entzunda, euskal musikaren harrobia indartsu dagoela esan dezakegu.
Egia esan, aurtengo proposamena desberdina eta berezia izan da. Normalean, orkestra gazteak titulu handiak eskaintzen ditu, lan handiak eta oso aproposak luzimendurako. Baina oraingoan nahiago izan dute kontzertu tematiko, delikatu eta findu bat eskaini. Programaren aukeraketak orkestraren konposizioa bera ere baldintzatu du. Orkestrak 30 kide baino ez ditu, aurreko aldietan ez bezala, horietan askoz musikari gehiagok parte hartzen baitzuten.
Goza ezazue musika barrokoaz: ordena, edertasuna eta bitxikeria izenburupean, musikari gazteek XVII. eta XVIII. mendeetako lan nabarmenen errepasoa egin zuten, eta horien bidez Frantziako, Alemaniako, Italiako eta Erresuma Batuko barrokorik onenaz gozatu ahal izan genuen.
Hasteko, Rameau-ren Les Boreades suitea interpretatu zuten, eta taldearen diziplina nabaritu ahal izan genuen, Pedro Gandia zuzendariaren esanei adi. Doikuntza eta afinazio zailtasun batzuk izan ziren, baina emaitza orokorra delikatua eta dotorea izan zen.
Ondoren, barroko alemaniarraren txanda iritsi zen, Heinrich von Biber konpositorearen obra bitxi eta dibertigarri batekin: Hamar lagunen arteko borroka. Obra berezia da, nolabait ere genero programatikoari baitagokio. Mosketero-talde bateko festa, mozkorraldia eta zaurituen lamentoa kontatzen ditu. Musika-interpretazioarekin batera, musikariek nolabaiteko antzezpena egin zuten. Dena berezi-berezia.
Azken bi obrak izan ziren agian onenak taldearen interpretazioari dagokionez. Corelliren Concerto grosso op. 6-VIII sol minorrean –Fatto per la notte di Natale– eta Haendelen Water music suite-a Fa maiorrean –HWV 348–, oso konpaktatuta entzun ziren, fraseo dotoreekin eta soka sendo eta soinu ederrarekin.
Gainera, bereziki azpimarratzekoak dira Water music suitean haizezko bakarlariak: bi oboe, bi tronpa eta fagot bat, obraren zailtasunak aisetasunez gainditu baitzituzten.
Ederra.