Beste ezer baino lehen, nire elkartasuna, babesa eta enpatia Ekain Perrinorentzat eta bere familiarentzat, eta nire kezka handia taldean jarduten duten eta jarrera supremazistak eta izugarri bortitzak dituzten gazteak egoteagatik.
Ekaini entzun nion bere frustrazioa eta haserrea adierazten, 2021eko ekainean gorroto-delitu hori egin zutenei ezarritako bi urteko kartzela zigorrak "ez nahikoak, irrigarriak" direla iritzita. Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioak "atentatu amorratu" gisa definitu zuen erasoa, "umiliazio eta mespretxu handia" erakutsiz burutua, Ekain "bortizki" jo zuten, "marikoia!" oihu artean... Uf, izugarria!
Nire proposamena da ‘matonismoa’ egiten dutenek gizartearen aniztasunak zabaltzen, sakontzen eta defendatzen diharduten gizarte kolektiboetan parte hartzea
Salhaketa Araban izan dudan esperientzia pertsonalak, eta Kartzela-Instituzioan espezializatutako kolektiboek espetxe zigorren ondorioei buruz egindako ikerketa-lanek erakusten dutenez, gazte horien kasuan ere, kartzelak are gehiago kirtenduko ditu.
Zigor Kodeak, 49. artikuluan, aukera hau jasotzen du: "Komunitatearen aldeko lanak, onura publikoko ordaindu gabeko zereginetan dautza, (...) helburu berrezitzailea dutenak eta lan-merkatuan lehiatu ezin direnak". Nire proposamena da matonismoa egiten dutenek gizartearen aniztasunak zabaltzen, sakontzen eta defendatzen diharduten gizarte kolektiboetan parte hartzea. Parte-hartze horrek enpatiaren praktika eta gure gizartearen errealitate kaleidoskopiko zoragarria ezagutu, ikasi eta sakontzea bultzatu beharko lituzke, maila teorikoan zein praktikoan. Eta goza dezatela.
Bego Oleaga Erdoiza
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.