“Pribilegiotik kexa eta aldarri guztiak ikusten dira esajeratuak”

  • Nola egin kazetaritza bonben eta aurrez ezarritako narrazio markoen pean? Galdera horren bueltan aritu dira Ane Irazabal eta Olga Rodríguez kazetariak EHUko Donostiako Campusean, maiatzaren 27an, Ibaitik itsasora aurretitulua daukan hitzaldian. Izenak berak aurreratzen duenez, egungo gerra markoan kokatu dute hitzaldia, baina hortik haragoko hausnarketak ere mamitu dituzte: informazioaren merkantilizazioa eta kazetaritzaren polarizazioa, kazetariek pairatzen dituzten presioak eta beste. Honakoa, hitzaldi horren kronika.

Ezker eskuin, Bego Yebra moderatzailea eta Ane Irazabal eta Olga Rodriguez kazetariak, Donostiako EHUko Campusean. FOKU

2026ko ekainaren 11n - 13:47
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Dozenaka lagun bildu gara asteazken goizez EHUko Carlos Santamaria zentroko auditorioan, azterketa garaian liburutegi atarian pilatzen den ikasle tropela gaindituta. Hasiera batean, bi kazetaritzarrek eman beharreko lezioak ongi apuntatzeko hitzordua genuen, baina agian, baten bat maiatza bukaerako egunetan izan dugun bero sapatik babesteko gerturatu da. Bi aukerak zilegi.

Behin barruan, galdera existentzial ugari azaleratu dira. Lehenengo, klimatikoak: zergatik jasan behar dugu horrenbeste bero maiatzean? Eta behin aire girotuak bere lana egin ostean, hitzaldiaren muinean sartu eta galdera horiek periodistikoak bihurtu dira: zerk egiten du kazetaria kazetari? Nolakoa beharko luke kazetariaren jardunak? Ze jarrera hartu behar du kazetari(tz)ak gaur egungo testuinguruan? Nola kontatu, eta beraz, eraiki gaur egungo testuingurua? Hain zuzen, kazetari(tz)aren galdera existentzial horiek izan dira hizpide, Israel egiten ari den genozidio eta garbiketa etnikoan lurreratuta.

Galdera horiek guztiak erantzuteko ahalegin erromantiko batean, segituan beteko zaigu ahoa hitz ederrekin: kazetari(tz)ak izan beharko luke enpatikoa, humanoa, zintzoa, ikerlaria, kuriosoa, ausarta,... eta gehitu otu zaizkizun izenondo guztiak. Kontua da, noizbehinka, aipatutako galdera existentzial horiek azaleratzen zaizkigula, ideia erromantikoaren eta inguruan ikusten dugunaren arteko arrakala nahiko ebidentea denean. Edo beste modu batera esanda, galderen erantzunek jarduteko ipar argirik ematen ez digutenean. Eta azkenaldian nahi baino gehiagotan gertatzen ari da hori, edo behintzat hala sentitzen dute dagoela panorama nazioarteko kazetaritzan Ane Irazabal zein Olga Rodriguez hizlariek.

Lehenengoa gaur egun Berlinen bizi bada ere, Palestinan eta Kairon bizitakoa da, zonaldeko gatazka eta altxamenduen berri ematen. Bigarrenak jarraitu ditu Afrika iparraldeko zein Ekialde Hurbileko gatazka ugari, hark ere hurbiletik: Afganistan, AEBak, Egipto, Irak, Israel, Jordania, Kosovo, Libano, Mexiko, Siria, Palestina eta Yemen, besteak beste.

Hizketaldia haserre eta amorruaren arteko zerbaitek gurutzatu du momentu oro. Ez arrazoirik gabe. Izan ere, nola da posible munduaren begietan Palestinan tamainako sarraskia egitea? Are, nola da posible hori kontatu behar dutenek errealitatea ezkutatzea, desitxuratzea edo garrantzia kentzea? Irazabalek zein Rodríguezek, baina, badakite amorruari hitzak jartzen, eta gatazka kontatzen duten kazetarien edo kazetaritza agentzien gaitasunik ezetik haratago, panorama ulertzeko markoa azaldu dute.

Jipoia edo heriotza, aukeran

Lehenik eta behin, argi utzi digute Mendebaldeko hedabideek Palestinaz egiten duten kobertura eskasa ulertzeko, kontuan izan behar dugula AEBen zein Europako Batasunaren eta Israelen arteko elkarlana eta babesa. Horiek baitira errepresioa eta zentsura aplikatzen dutenak.

Azaldu dute Europari kritika egitea ezinbestekoa dela, eta bereziki Alemaniaren kasuan gelditu dira. Alemania Europako botere faktiko nagusiena da, berak erabaki zuzena izaten duelako EBren politiketan, neurriak blokeatuta edo bere interes ekonomikoen arabera bideratuta. Kontua da Alemaniak erabat erosi duela Israelen kontakizuna, holokaustoaren motxila historikoaren argudioarekin. Hala ere, Irazabal zein Rodríguez ados daude argudio hori maskara bat besterik ez dela, eta herrialdeen arteko babesa erabat materiala dela. Eman dituzte datu ugari: besteak beste, EB Israelen bigarren arma-esportatzaile handiena dela, edota aldi berean, EB Israelen teknologia militarraren inportatzaile nagusiena dela. Adibidez, Volkswagen automobil enpresak misilen aurkako teknologia israeldarra erosi du. Israel egiten ari den genozidioa salatzeko dagoen zentsura eta errepresioaren ideia bat egiteko, Irazabalek azaldu digu Alemanian debekatuta dagoela hitzaldiari izena ematen dion “Ibaitik itsasora” leloa publikoan esatea.

Gainera, Rodríguezek dio berrarmatze marko zabalago baten barruan kokatzen dela aurreko hori: Europan gastu militarra etengabe handitzen ari da, eta Espainian, esaterako, armagintzako gastua %50 igo da 2024 urtearekin alderatuta, munduan hazkunderik handiena izan duten herrialdeen artean kokatuta.

Horrek guztiak ondorio zuzena dauka: Israelen politikak salatzen dituztenen aurkako errepresioa eta kriminalizazioa. Eta informazioa zabaltzen dutenen aurkakoa ere bai. Kontua da errepresioa hain zuzena eta krudela izanik, genozidioaren inguruan informatzea gero eta zailagoa dela, kazetari eta behatzaile independenteek sarritan ez baitute lurraldean lan egiteko baimenik, eta baimena dutenak heriotza arrisku daude etengabe.

Informazioa merkantzia hutsa denean

Rodríguezek kontatu digu XX. mende amaierako neoliberalizazio prozesuan komunikabide eta enpresen arteko muga lausotu egin zela, eta Espainiako Estatuan hori zertxobait beranduago gertatu bazen ere, egun egoera horretan gaudela. Zuzen eta zorrotz azaldu dute: informazioa enpresen esku baldin badago, eta enpresak genozidioarekin aberasten badira… ba horixe, azalpen gutxi behar dira. Hala, informazioaren kalitatea zeharo jaitsi dela adierazi du Rodriguezek.

Irazabalek gehitu du logika horren arabera, informatzeko baliabideak ere asko murriztu direla. Adibide gisa jarri du kazetariei lurraldera iritsi eta lehen bost minutuetan bertan lehen kronika bidaltzea eskatzen zaiela: “Baina zer informazio mota sor daiteke baldintza horietan?!” kexatu da Irazabal, eta jarraitu du: “Kazetaritza sakonak denbora eskatzen du: tokian bertan egotea, entzutea, hitz egitea, behatzea, kontrastatzea, ulertzea eta ondoren… kontatzea”. Rodríguezek, ildo beretik, esan du ez dela benetako apusturik egiten kalitatezko informazioaren alde. Horren ordez, informazioa produktu bihurtzen da, eta espektakularizazioa nagusitzen da, sufrimendua bera ere merkatu-logikaren arabera baloratuta. Irazabalek kontatu du behin nagusiak kide bati esan ziola albistea erosiko ziola soilik bortxatutako emakume bat agertzen bazen erreportajean. Pentsa zein den maila.

Eta, noski, telebista piztu eta prime time orduetan eztabaida hutsalez osatutako tertuliak dira nagusi. Are, halako eztabaida askotan auziaren muina giza eskubideak errespetatu behar diren ala ez bezain oinarrizko galderetara mugatzeraino. Ildo berean, Ane Irazabalek amorruz kritikatu du Palestinako Estatuaren aitortza bi estatuen irtenbidearen barruan aldarrikatzen duen diskurtso zabaldua, hipokrisia hutsa bihurtu dela esanez. Bere hitzetan, nahikoa da minutu batez Palestinan egotea proposamen hori errealitatean ezinezkoa dela ikusteko; hala ere, nazioarteko aktore askorentzat ekiteko borondaterik eza estaltzen duen formula eroso bilakatu da. Ildo beretik, Rodríguezek beste galdera bat bota du: zergatik eman behar zaio ahots bera alde bati eta besteari, gertakariak eta botere-harremanak aztertuta badakigunean non dagoen erantzukizun nagusia? Zergatik ezkutatu eta babestu ustezko neutraltasun faltsu baten atzean? Epelkeria horren inguruan jaurti du eguneko titularra Irazabalek: “Pribilegiotik kexa eta aldarri guztiak ikusten dira esajeratuak”.

Erronka, beraz, narratiba horiek deseraikitzea da, are gehiago bitarteko mediatikoek askotan haiek elikatzen dituztenean. Horregatik goraipatu dute biek ala biek NBEren Palestinarako Ikuskari Francesca Albaneseren lana. Bere komunikatzeko modua eredugarritzat jo dute, ez duelako sufrimendua urruntzen duen hizkuntza teknokratikorik erabiltzen, baizik eta gertatzen ari denaren dimentsio humanoa erdigunean jartzen du, sentitzen duenetik hitz eginez eta errealitatearen gordintasuna lausotu gabe: “Nabaritzen da estaen duena sentitzen duela, eta mezu hori iristen da”, amaitu du hitzartzea Irabazabalek.

Guda zelaia nonahi

Kazetaritzaren egoerari buruzko diagnostiko zorrotza egin ostean, Bego Yebra moderatzaileak galdera garrantzitsu bat luzatu die hizlariei: algoritmoek, desinformazioak eta polarizazioak markatutako garai honetan, merezi al du tertulia hutsal eta zaratatsuetan parte hartzeak? Olga Rodríguezen erantzuna berehalakoa izan da: “Ez naiz inondik joango”. Bere ustez, ikusi eta bizi den errealitatea kontatzeko espazioak uzteak kostu handiegia dauka. Alta, hori palestinarren kontrako sarraskitik haratago ere ikusten duela azaldu du. Izan ere, gerra ez dago soilik Gazan; gure kaleetan ere presente dago, beste forma batzuetan bada ere. Migratzaileen aurkako indarkeria instituzionala da horren adibideetako bat: ez dago bonbarik edo tiro-hotsik, baina bada kontrol, sarekada eta bazterketa sistematikoetan gauzatzen den indarkeria bortitza. Eta askotan isila da, komunikabideek eztabaidaren fokua beste leku batzuetara eramaten dutelako, arazoaren muina lausotuta. Horregatik defendatu du errealitate horiek kontatzeko espazio guztiak okupatzearen beharra.

Ane Irazabalek ez du erantzun hain kategorikorik eman, baina azpimarratu du halako espazioetan ezinbestekoa dela hitzen esanahiaren inguruko borrokan ere parte hartzea. Izan ere, hizkuntza bera gatazka-eremua da: ez da gauza bera “garbiketa etnikoa” edo “genozidioa” esatea, edo errealitate hori lausotzen duten eufemismoetara jotzea. Era berean, “defentsa-industria” bezalako terminoek segurtasunaren inguruko eztabaida baldintzatzen dute, benetako galdera estalita: zer ulertzen dugu segurtasunaz hitz egiten dugunean, eta noren segurtasuna babesteko erabiltzen dira politika horiek?

Hala amaitu da eguneko hitzordua. Noski, konbentzimendu handiagoarekin irten naiz aretotik, izan ere, maiatzean horren beroa merezi ez dugun bezalaxe, ez dugu horren kazetaritza kaxkarra merezi. Baina galdera berriak hasi zaizkit buruan bueltaka, eta otu zait ez ote den oso pijoa maiatzeko beroaz kexatzea, mundua dugun bezala izanda. Agian, hasiera batean uste duguna baino lotuago daude bi gaiak, eta hori ere kontatu beharra dago.


Kazetaritza kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 6
Albistea

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...