Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta auzoan kolektiboki baserria eta lurrak erosteko Amillubi proiektua martxan du laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak. Bertan hainbat ekimen ari dira aurrera eramaten, esaterako, formazioa eta lan praktikoa uztartzen dituen Eskola Haziak saioak. Aurtengo hirugarren saioa ekainaren 14an izango da, Amillubin bertan, eta pribilegio zuriaren gaia lantzeko dagoen beharraz arituko dira. Besteren artean, Apartheida bizi izan zuen Hegoafrikako Nontokozo Sabic emakume beltzak hartuko du hitza: klima eta gizarte justiziaren, komunitate bizitzaren eta Ipar-Hegoaren arteko adiskidetzearen aldeko ekintzailea da. Antolatzaileek dei hau luzatu dute: "Bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu elkarrizketa hau lurraren defentsan lanean ari diren mugimendu eta proiektuetara hurbiltzea, gure borrokak zeharkatzen dituzten erantzukizunen inguruan kolektiboki hausnartzeko".
Goizeko 9:00etan Amillubin da hitzordua, Eskola Haziak formazioen hirugarren saioari ekiteko. Ohiko moduan, auzolana egingo dute lehenik, Amillubi proiektuak egun dituen beharrei erantzunez. 11:00etan kafea eta indarrak hartuko dituzte, eta 11:30ean hasiko da solasaldia: esperientzien elkartrukea egingo dute Ubuntu Co-create, Meloia Zuritzen eta Amillubi proiektuek, eta pribilegio zuriaren gaian dituzten erronkak elkarrekin aztertuko dituzte.
Nontokozo Sabic izango da kideen arten, Ubuntu Co-create proiektuko partaidea. Hegoafrikarra jatorriz, egun Europan bizi da. Munduko hainbat lekutako mugimendu sozialekin lan egiten du, zapalkuntza sistemak desegiteko estrategiak garatzen, deskolonizazio-prozesuetan eta barneratutako arrazakeria askatzen: hemen irakur daiteke Ekhi Belarrek eta kitto! hedabidean formazio saio horiez egina dion elkarrizketa. Izan ere, ikasturte honetan Gipuzkoan hainbat saio eskaini ditu, hausnarketarako, prestakuntzarako eta topaketarako, bai pertsona zurientzat bai pertsona arrazializatuentzat.
Amillubi proiektuko kideek dei egin diete herritarrei, "entzute, truke eta ikaskuntza partekaturako gune honetan" parte hartzeko.
