argia.eus
INPRIMATU
Prezioen garestitzeak gehiago eragin du etxe xumeenetan
  • Ipar Hegoak, LAB sindikatuaren ikasketa sindikaletako fundazioak, “Ikusmiran Egoeraren Azterketa, 2022ko udaberria” txostena kaleratu berri du (hemen deskargatu daiteke). Hau da atera duen ondorio nagusia: "2008tik hona ezagutu ditugun krisiek ezaugarri espezifikoak izan badituzte ere (finantza krisia, eredu globalistaren krisia edota lehia gerra inperialistaren eremuan kokatzearen ondorioz sortzen den krisia), kapitalismoaren berezko ezaugarriek eragindako krisiak dira, sistemak berak sorturiko krisiak. Kapitala bidegabeki metatzen jarraitzeko helburuarekin mahai gaineratu diren ustezko irtenbideek langile klasea kaltetzen dute; izan ere, langileak pobretu zein prekarizatzen duen ereduan sakontzeko neurriak izan dira".

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 07a

2021. urtean KPI-ak azken urte luzeetako igoerarik handiena izan zuen, % 6,5 inguru, eta 2022ko maiatzean % 8,7ra iritsi da. Igoera honek eguneroko erosketa saskian eragin handia izan duela adierazi du Ipar Hegoak: olio eta koipeak %32 garestitu dira; irinak eta bestelako zerealak %14,3; pastaren prezioak %21,4ko igoera izan du; argindarra %107,8 garestitu da; eta ibilgailuen erregaia %40,2a. "Herritar guztiok gure poltsikoetan nabaritu arren, etxe xumeetan gehiago nabaritu da, aurrekontuaren %66a baino gehiago erabiltzen baita etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak eta elikagaiak zein alkoholik gabeko edariak erosteko" salatu du Ipar Hegoak.

Ukrainiako gerra "sistema honen berezko ezaugarrien ondorio politiko bat dela" oroitarazi du Ipar Hegoak eta ondorioak, "berriro ere, herritarrok ordaintzen ari gara". Aldi berean, gastu militarra maximo historikoetan dagoela esan du: Espainiako estatuak 2021eko BPG-aren %1,4a bideratu zuen eta Frantziako estatuak 2020ko BPG-aren %1,9a eta epe motzean handitzen jarraituko duela iragarri dute. "Argi eta garbi, gastu militarrera bideratuko den dirua ez da herritarron eskubide sozialak bermatzera bideratuko" seinalatu du Ipar Hegoak.

"Euskal Herria prestatu behar da datorkigunari aurre egiteko"

Horri guztiari Ipar Hegoa fundazioaren irakurketak gaineratu dio egungo eredua ez dela ekologikoki iraunkorra eta "lehengaiak ahitzeraino" ustiatzen duela natura "bidegabeki". Sistema honek Berotegi Efektuko Gasen isurketaren gaia prozesu kolektiboen bidez landu beharrean, "erantzukizuna norbanakoan zamatzen" duela salatu du.

"Egoera honen aurrean, Euskal Herria prestatu behar da datorkigunari aurre egiteko (edo datorkigunak hartuko gaitu). Herritarron ongizate osoa lehenetsiko duen herria izan nahi badugu, erabaki politikoak hartu behar dira gaurdanik trantsizio energetikoa gauzatzeko, elikaduraren esparruan ahalik eta burujabeenak izateko, ekonomikoki beharrezkoak ditugun erabakiak hartu ahal izateko… Herri erabakiak hartzeko garaia da, lehentasunak ezarri eta politika publiko ausartak garatzekoa".