Idatzi honen bitartez Zaballako espetxean pairatzen ari garen egoera bat salatu nahi dugu.
Jakina da azken urteotan, egoera klimatikoaren aldaketa dela-eta, tenperaturak gora egiten ari direla munduko zoko guztietan. Baita Euskal Herrian ere.
Espetxean, eguneko eta gaueko ordu asko ziegetan itxita ematen ditugu. Ziegetan ez dago haize korronterik eta egunean zehar egin duen beroa espetxeko hormen zementuan mantentzen da. Gauean, kanpoan tenperatura freskatzen denean, ziegetan tenperatura altuak mantentzen dira. Egunotan, gauerdian, 29 gradu inguru egin ditu Zaballako ziegetan.
Egoera hau dela eta, iazko udaran, haizagailuak erosteko aukera galdegin genion Zaballa espetxeko zuzendaritzari, eta ezezko borobila jaso genuen. Aurten, eskaera berriro egin dugu preso askok; ziegetako tenperaturak jasangaitzak direla, beste espetxeetan haizagailuak erosteko aukera dagoela, pertsona askoren osasun egoera, adineko pertsonena, eta abar argudiatuz. Gezurra badirudi ere, ezezko borobila jaso dugu berriro.
Sinesgaitza bada ere, 2026.urtean eta Gasteiz bezalako hiriburutik kilometro gutxi batzuetara, haizagailu bat erostea debekatuta dago. Noiz eta kalean egoera honen aurrean beharrezkoa den toki guztietan ezohizko neurri eta plangintzak garatzen ari direnean, gu presoak baztertuta utzita. Nola da posible haizagailuak debekatzeko espetxe zuzendaritzak arrazoitzea ez duela bero nahikoa egiten EAEn, ondoren kartzelarientzat haize egokitua jartzen duenean?
Gure eskaria sinplea eta argia da: 2026. urtean, haizagailuak erosi ahal izatea beste espetxeetan egin daitekeen moduan. Espetxe horietan guztietan haizagailuak erosteko arazorik ez badago, ezin uler daiteke Zaballan arazo bat suposatzea.
Guzti hau kontutan hartuta, gure eskaerarekin bat egin dezazun eskatzen dizugu, inguruan dituzun talde, erakunde edo lagunei idatzi hau ahalik eta azkarren helaraziz, egoera honi konponbide bat bilatzeko denon artean.
Eskerrik asko
Zaballan, 2026ko maiatzan