argia.eus
INPRIMATU
Presoen aldeko ekimen desobediente "masibo eta determinatua" egingo du Bakegileak abenduaren 19an
  • Ehunka boluntario beharko direla ohartarazi dute. Handituz joango den mobilizazio ziklo berri baten lehen deialdia da. Presoen eremuan Parisek ezarritako blokeoaren aurrean, “zabaltzea” eta “gogorrago jokatzea" erabaki dute bakegileek.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 19a
Irailaren 19an Baionako suprefekturaren aurrean murru bat altxatu zuten herritarrek, Bakegileak deituta. Argazkia: Patxi Beltzaiz.

Bakegileak deitutako biltzar “bereziari” erantzunez 60 pertsona bildu dira asteburuan Baionan, ekimen berriak zehaztea helburu. Gaur jakinarazi dute adostutako lehen mobilizazioa: abenduaren 19an, “euskal presoen aldeko desobedientzia zibileko” ekimena egingo dute, “masiboa eta determinatua” eta “filosofia baketsuaren” ildoan. Bakegileek aurreratu dute ehunka boluntario beharko direla “ekintza indartsu” hori gauzatzeko, “egun osoa eskaintzeko prest egongo direnak, eta gehiago ere”. Aurrerago emango dute “hitzorduen eta beharrezkoak diren ekipamenduen” inguruko informazioa. Deialdiak bat egiten du Luhusoko polizia operazioaren laugarren urteurrenarekin.

Mobilizazioa ziklo “determinatu eta iraunkorra”

Mobilizazioa ziklo berri baten lehen urratsa da abenduaren 19ko ekintza. Ohartarazi dutenez, larunbatean bildutako pertsonek –tartean erakundeetako ordezkariak eta hautetsiak–, “mobilizazio ziko determinatu eta iraunkor” bat abiatzea erabaki dute, handituz joango dena hurrengo hilabeteetan, “euskal presoek pairatzen duten blokeo politikoa eta salbuespeneko neurriak” amaitu arte. Orain arteko ekimenekin Parisek entzungor jarraitzen duela eta “botere publikoak prozesuan sartzeko garaia” dela iritzita, “interpelazio eremua zabaltzea” eta gogorrago jokatzea” adostu du Bakegileak taldeak, Euskal Herrian eta “harago ere”.

Presoen eremuan dagoen blokeoak “bakea eta elkarbizitza” oztopatzen duela uste dute bakegileek: “borroka armatuaren behin betiko amaiera, erabateko eta baldintzarik gabeko desarmea eta ETAren desegitea ikusi duten 10 urteko aldebakartasunaren ondoren, estatuek ez dute erronkei aurre egiteko erantzunik ematen”.