Preso sahararren gose greba

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Irailaren 23tik Gdeim Izik taldeko bederatzi preso politiko sahararrek ekin dioten gose greba mugagabea dela eta, SEADen Lagunen Elkarteak euskal jendarte, erakunde eta hedabideei dei egin nahi die ekintzaile haien bizitza eta osasun egoera orokorra babesteko eta eskatzen dituzten bidezko neurriak lortzeko ahalik eta laguntza gehien ematera, berandu izan baino lehen.

Izan ere, Mohamed Bani (Ait Melloul 2 espetxean), Abdalah Abhah, Mohamed Lamín Haddi eta Bachir Jadda (Tifelt 2n), eta Sidi Bachir Butenguiza, Ahmed Sbai, Naama Asfari, Hussien Zawi eta Hassanna Dah (Kenitrako presondegi nagusian) sahararrek hamasei urteko atxiloketa arbitrario eta bidegabea igaro dute eta, nazioarteko hainbat erakundek salatu duten bezala, giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzte, hala nola tortura fisikoa eta psikologikoa, isolamendu-ziegetan urteetako konfinatzea, arreta medikoa eta sanitarioa ukatzea, sakabanaketa eta Mendebaldeko Saharako hirietara lekualdatzeko eskubidea ukatzea. Hainbat gose greba mugaturekin erantzun dute orain arte –azkena Naama Asfarik egin zuena 2026ko ekain eta uztailean, 47 egunekoa–, baina protesta haien ondorioz Marokok eginiko promesak inoiz ez dira bete.

Oraingoan gose greba mugagabeari ekin diote, Marokoko espetxeetako agintariek nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arauak, bereziki eta zehazki Genevako IV Hitzarmena, Mendebaldeko Saharako esparru juridiko derrigorrezkoa dena, bete ditzaten.

Horrekin batera eskatzen dute Nazio Batuen Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Misioa (MINURSO) giza eskubideak gainbegiratu eta babesteko agindua eskura dezala, eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari (CICR) Mendebaldeko Saharako lurraldera berehala eta baldintzarik gabe sartzen uztea.

Euskal Herriko jendarte eta erakundeei eskerrak eman nahi dizkiegu saharar herriari beti erakutsi dioten elkartasunagatik eta, gose greba hau dela eta, egin eta egingo diren elkartasun eta laguntza adierazpen guztiengatik.

Gora Sahara askatua!
Gora herrien arteko elkartasuna!

PS: Medikuak aginduta, 2026/09/26an Mohamed Banik gose-greba utzi behar izan du, bere osasun-egoera dela eta.

Informazio gehiago lotura honetan.

Arabako SEADen Lagunen Elkartea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.