argia.eus
INPRIMATU
Preso eta erbesteratu ohiek bizi duten "prekaritateaz" ohartarazi du Harrerak
  • Euskal preso eta erbesteratu ohien egoeraren diagnostikoa egin du Harrera elkarteak. Euskal gatazkaren ondorioz espetxea, erbestea edota deportazioa pairatu duten norbanakoak modu kolektiboan laguntzeko tresna da egitura hau.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko martxoaren 11
Harreraren prentsaurrekoa Baionan (Argazkia: @EkhiErremundegi)

Presondegitik zein erbestetik Euskal Herrira itzuli ondoren ere segitu ohi dute zailtasun sozial zein ekonomikoek. Horren berri ematen du Harrera elkarteak egindako diagnostikoak, pairatzen duten "prekaritateaz" ohartarazirik. Ehun bat pertsonekin zuzeneko harremana ukan dute egoeraren inguruko informazioa lortzeko, eta orotara 175 lagun ingururekin jarri dira harremanetan prozeduraren berri emateko gisan.

Prentsaurrekoa eskaini dute elkarteko hainbat kidek martxoaren 10 honetan, Baiona Ttipian. 300 bat preso eta erbesteratu ohi bizi dira gaur egun Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan barna. Horien artean egoera zailenean direnak identifikatu dituzte: presondegian edo erbestean iragan urte luzeen ondorioz ez dutenak gizarte segurantzan gutxieneko denbora kotizatu edo kotizatuko; baita gatazkaren ondorioz traumatismoren bat pairatu dutenak ere.

Hain zuzen, elkarrizketatutako 29 erretretan dira, baina bakarrik lauk dute tasa osoko erretreta; gehienek diru sarrera osagarria jasotzen dute. Hots, prekaritate ekonomikoa izan ohi dute errealitate. Traumatismoei dagokienez, bederatzik torturak pairatu izana salatu dute; beste batzuk zaurituak izan dira GALen edo beste talde paramilitarren atentatuen ondorioz. Gainera, etxean egon arren, euskal militanteei begira bideratu salbuespen neurriak direla eta, anitzek "Damoklesen ezpata dute buru gainean". 

Kazeta.eus komunikabidean irakurri daitekeenez, prentsaurrekoan egon da Kattin Haranburu Frederik ‘Xistor’ Haranbururen emaztea ere, "labur baina bihotzetik mintzatuz": hiru hamarkadako espetxeratzearen ondotik egoera ez dela erraza adierazteaz gain, Harreraren, abokatuen eta beste zenbait eragileren lana eskertu du.

Guztion beharra, instituzioena ere bai

Txosten sakon eta mamitsu hau esku artean, Ipar Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzionalengana joko du Harrerak, arazoei begira aterabideak bideratzeko gisan, denen inplikazioa eta lankidetza aktibatuz: "Elkarte, eragile politiko eta instituzioen laguntzarekin erantzun beharko da, kolektiboki". Adibidez, Garapen Kontseiluan gatazkaren konponbideaz abiatu duten gogoetan ere parte hartzen ari dira.