ESK sindikatuak eta Salhaketa Araba elkarteak agerraldia egin dute ospitale aitzinean. Besteak beste, haur jaioberriaren eta amaren arteko "bereizketa" salatu dute. Iragarri dute epaitegietara joko dutela Arabako ESIak egungo prozedura bertan behera uzten ez badu.
Haur jaioberria amarengandik banandu, ospitaleko beste unitate batetara eraman eta emakumea "arazo sozial" gisa katalogatzen dute. Ama isolatzen dute, zaintzapean atxikitzen, bere haurrarekin neholako "intimitate" momenturik eskaini gabe. Haurra ikusteko "erregimen zorrotz" bat ezartzen zaio amari. Hori da, ESK eta Arabako Salhaketaren arabera, preso diren amen erditzeei aplikatzen zaien prozedura.
Egoera salatzeko agerraldia egin dute ESK sindikatuak eta Salhaketa elkarteak astearte goizean, Gasteizko Txagorritxu ospitalearen atarian. Hala, tratu hori "krudel eta ankerra" dela ohartarazi dute, eta Osakidetzako Arabako Erakunde Sanitario Integratuari (ESI) neurria bertan behera uzteko galdegin diote. "Inolako arrazoi mediko edo justifikaziorik gabe, giza eskubideak eta haurren babeserako nazioarteko irizpideak urratzen dira", adierazi dute. Hain zuzen, aipatu dute OME Osasun Mundu Erakundea eta UNICEFek Edoskitze Laguntza Humanizatzeko Ekimenak amaten dituzten gomendioak ez direla errespetatuak.
Salhaketak eta ESK-k salatu dute neurriak ez direla ausazkoak, baizik eta Arabako ESIak aurtengo martxoan berrikusi eta onartu zen Espetxe erregimeneko ama jaioberri baten aurrean jarduteko prozedura-k jasotzen dituenak. Baina tratu txarrak ez dira ospitaleko egonaldira mugatzen, azpimarratu dutenez: "Kartzelara itzultzean, amak agiri bat sinatzera behartzen dituzte, ospitaleko alta egunean jaioberria zein pertsonari emango zaion adierazteko".
Egoeraren aitzinean, prozedura bertan behera uzteko, eta egonaldi osoan jaioberriak beren amen ondoan egoteko eskaera egin diete arduradunei. Azaldu dutenez, idatzi ofizial bat bidali zioten irailean Txagorritxu ospitaleko zuzendaritzari, baina momentuz erantzun bakarra "isiltasuna" dela erran du ESK sindikatuko bozeramaile Blanca Saez de Ibarrak. Zuzendaritzak eskaerei entzungor segitzen badu, bide juridikoak hartu eta Adingabeen Fiskaltzan salaketa jarriko dute bi erakundeek.
Araba ESI-k ama presoei eta haien haurtxoei ematen dien tratu krudel eta gizagabea salatzen dugu, erditu ondoren banandu egiten baitituzte. Zuzendaritzak jarraibide hori aldatzen ez badu, Adingabeen Fiskaltzan salatuko dugu ▶️ https://t.co/2T9warKk81 https://t.co/Nlj4E6VGF0
— ESK Sindikatua (@ESKsindikatua) November 3, 2026