Jakin aldizkariaren Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbaki bereziak jaso du Prentsako Argia Saria, Azurmendirenganako zubi-lana egiteagatik, ia ehun kulturgileren gogoeten bidez haren balioa jasotzeagatik, eta irakurlea galderen munduan murgiltzeagatik. Saria Haritz Azurmendik eta Xabier Eizagirrek jaso dute Jakin-en izenean.
Honengatik saritu du ARGIAk Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbaki berezia:
"Xentimoka pentsatzen duen herria omen gara. Kondairarik ez duena. Pobrea dena. Ez daukana pirata koxkor parerik, ez langile sufritu batzuk ere. Kontrara: muga zentzugabe asko ditugu, eta mila zorigaitz. Libre izan nahi dugu, baina ikaragarri zaila da.
Hala omen gara, edo ginen. Horrelaxe idatzi zuen poema-sorta, Manifestu atzeratua, herri honek eman duen pentsalari handietako batek, Joxe Azurmendik.
60ko hamarkada amaitzen ari zen. Fuerte zebilen gizon zegamar hura, Alemanian bizi arren, idazki kritiko eta polemikoak bidaltzen argitaletxeetara, besteak beste Zeruko Argia-ra. Azurmendik goxo zaindu zuen ARGIA.
Kritika bultzatu eta galderak eta galderak egin zituen beti Joxe Azurmendik. Esaten zuen erantzunak beti zirela inportanteak, baina inportanteagoa zela jakitea zein den unean uneko galdera. Eta bazioen ere zubiak eraiki behar zirela, eta horretarako, gazteei ere entzun behar zitzaiela.
Eztabaida sustatu eta jakintza goratzea izan zuen xede Azurmendik. Ziurrenik 60ko hamarkadan egin baino era ezkutuagoan, isilerago, atzeko planoan, Jakin aldizkariaren kidetzan".
Xabier Eizagirre Jakineko kideak dio transmisioan urrats bat eman nahi izan dutela saritu dugun zenbaki berezian, Joxe Azurmendi ezagutarazteko: “Euskal Herrian azken hamarkadetan egon den pentsalari garrantzitsuena da, eta hala ere, atentzioa ematen du, ze gutxi ezagutua den. Gure hizkuntzaren, gure kulturaren, gure herriaren egoera minorizatuaren sintoma bat gehiago besterik ez da”.