Iparretarrak (IK) taldeko kide ohiaren omenez agorrilaren 23an estreinaturiko margolana ezabatzea galdegin dio Itsasuko Herriko Etxeari (Lapurdi) Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefet berriak. Margolan horren oinarrian den Gooxoan elkarteak gogorki salatu du egoera, eta prefetaren "mehatxu eta mespretxuaren" kontrako protestara deitu du larunbatean, Itsasun bertan.
"Egia erran, ez ginuen sekulan pentsatu gure freskak holako oihartzunik ukanen zuenik. Margolan hau, gure herriaren historia eta memoria bizirik atxikitzeaz gain, denboran zehar gure arbasoek defenditu dituzten eta guk gure egiten ditugun baloreak aldarrikatzeko egina izan da". Gooxoan elkarteko kideen hitzak dira, asteazken goizean prentsaurreko bidez zabaldurikoak.
Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefet berriak Txomin Olhagarai Iparretarrak (IK) taldeko kide ohiaren omenez egindako margolana ezabatzea galdeturik duela eta, haren jarrera gogorki salatu dute, eta oro har Frantziako Estatuarena: "Guk herri libre, anitza, parekide eta solidario bat eraikitzeko gogoa dugularik, zuk mehatxuak, kondenak, indarkeria eta debekuak baizik ez dituzu proposatzen! Zuk eta zure aitzinekoek, herriarentzat aterabide edo ezagupenik ez duzue sekulan! Eta honek argiki adierazten du problemaren parte zirela".
Margolana ezabatzea behartuta ere, Euskal Herriaren "historia eta memoriak" bizirik segituko dutela adierazi diote Feteti Gooxoaneko kideek. Etorkizunari begira, "Euskal Herri libre eta baketsu bat eraikitzeko" iragana ezagutu beharra dagoela ohartarazi dute prentsaurrekoan. Zentzu horretan, muralen garrantzia ere azpimarratu dute: "Eskoletako programetan gure historia irakasten ez bada, gure murruek transmititu dezatela". 1980ko martxoaren 26an hil ziren Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz Iparretarrakeko kideak, prestatzen ari ziren lehergailuak eztanda eginda.
Polemika sortu beharrean, erantzunik gabeko auziei begira jartzeko gomendatu diote estatuaren ordezkari berriari. Galdera zerrenda luzea pausatu diote: "Nun dira Popo, Naparra, Pertur? Zer gertatu zitzaion Jon Antzari? Noiz hartuko dituzue zuen erantzukizunak inongo legerik errespetatu gabe deportatuak izan diren eta oraindik deportaturik segitzen duten euskal herritarrekiko? Eta noiz iheslarien itzuleraren, preso politikoen askatasunaren eta beste hainbertze auziren inguruan?".
Mobilizazioa
Elkartasuna adierazi dieten herritar guztiei esker onak eman dizkiete prentsaurrekoan, baita Itsasuko Herriko Etxeari ere, margolana egin ahal izateko Sanoki gelaren pareta utzi izanagatik.
Prefetaren "mehatxua" salatu eta "margolana defendatzeko" manifestazioa antolatu du Gooxoan elkarteak. Itsasuko herriko plazatik abiatuko da, arratsaldeko 15:00etan.