“Praktika antidemokratiko eta sasimafiosoak dira euskararen aurkako helegiteak”

  • ARGIAren ikerketak frogatu ondoren ‘Errenteria auziko’ sabotaje euskarafoboa talde antolatu batek egin duela eta CCOOko kideak eta Euskara Denontzat elkartea daudela atzean, EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandianok hizkuntza-eskakizunen inguruko eztabaida parlamentuan modu “normal” batean egitea eskatu die EAJri eta PSE-EEri. Helegiteen atzean “praktika antidemokratiko eta sasimafiosoak” daude bere ustez.

Pello Otxandianok "publikoki" eskatu die EAJri zein PSE-EEri hizkuntza-eskakizunen sistemaren eztabaida Eusko Legebiltzarrean egiteko. Radio Euskadi

2026ko martxoaren 11n - 10:44
Azken eguneraketa: 15:59
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Honek erakusten du zerbait antolatua dagoela atzean. Niri praktika antidemokratiko eta sasimafiosoak iruditzen zaizkit”, hala adierazi du Pello Otxandianok Radio Euskadin, euskararen kontrako oldarraldi judizialari loturiko Errenteriako kasuaz galdetu diotenean.

EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak esan du hasiera batean “harritu” egin duela ARGIAk azaleratutakoak, baina “atzera begira jarrita, helegite horiek guztiak tantaka jartzea oso susmagarria zen”, esan du. “Baldin badaude pertsona esanguratsuak edo sindikatuak hizkuntza-eskakizunen sistemarekin ados ez daudenak, sustatu behar dutena da eztabaida demokratikoa, eta horretarako foroa Eusko Legebiltzarra da, hor ari baita izaten eztabaida hori”, gaineratu du parlamentariak.

Hala, ARGIAren ikerketak emandako “informazioaren argitan”, EAJri eta PSE-EEri eskatu die Eusko Legebiltzarrean eztabaida hori “modu normal” batean egitea: “Gu hori ari gatzaizkie eskatzen behin eta berriz pribatuan azken asteetan: eseri gaitezen mahaian eta negoziatu dezagun hizkuntza-eskakizunen sistema Enpleguaren Legearen erreformaren bidez”.

Otxandianoren arabera, bi alderdi horiek ez dute negoziazio mahaia konpartitu nahi EH Bildurekin: “Gehiago zor diotelako elkarri eztabaida demokratikoari baino, eta hori nire ustez defizit demokratiko baten seinale da”. Hizkuntza-eskakizunen eta oldarraldi judizialaren eztabaida garrantzitsua dela iritzi dio: “Informazio hau eskuan edukita, hemendik publikoki eskatzen diet EAJri eta PSE-EEri eseri daitezen”, esan du.

Gogorarazi du EH Bilduk “etengabe” egin dizkiela gaiari buruzko proposamenak batzuei eta besteei: “Printzipioak nahiko argiak dira: hizkuntza-eskubideak errespetatzea; hizkuntzen arteko berdintasuna; eta herri honetan dugun errealitate soziolinguistikora egokitzeko malgutasuna”, azaldu du.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Oldarraldia ikerketa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.