Gasteizko Udalak bosgarrenez espedientatu du PPko zinegotzi Antépararen enpresa

  • Alde Zaharreko atiko batean lizentziarik gabe egindako obra eraisteko agindu zion Gasteizko Udalak jabeari, Luxury Rental Apartments SL enpresari. Atikoa etxebizitza turistiko gisa alokatzen jarraitzen du Luxuryk, Jaurlaritzak horretarako ezinbestekoa den erregistrotik kanporatu badu ere. Enpresaren sortzailea eta %50aren jabea Gustavo Antépara da, EAEko PPko kide esanguratsua.


2026ko maiatzaren 17an - 09:33
Azken eguneraketa: 22:48
ARGIA CC BY SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

2025eko abenduan Gasteizko Udalak hilabeteko epea eman zion Luxury enpresari Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalean duen atikoko obra eraitsi eta lehengoratzeko. Atariak lau solairu ditu, solairu bakoitzeko etxebizitza bana du, eta guztien jabe da Luxury. Atikoa laugarren eta azken solairuan kokatuta dago.

Booking bidez atzemana

Hiri Eredu, Hirigintza, Etxebizitza, Garbiketa eta Ingurumen Sailaren 2025/DU_LEUR/000063 espedienteak jasotzen duenez, eraisketa aginduaren jatorria urte bereko maiatzeko txosten batean dago. Teknikari batek aurkitu zuen Booking atarian –etxebizitza turistikoen alokairuan mundu mailako erreferentzia den plataforman– “apartamentu bat, kointziditzen duena” aipatu Pintore kaleko atikoarekin. Bookingeko argazkiak ikusita, teknikariak ondorioztatu zuen “berritze lanak” egin zirela “bizitokiaren estantzia guztietan”, eta “aldaketa garrantzitsuak” azpiegituran, elektrizitatea edo aireztatzea kasu.

Baina legeztatutako etxebizitzaren azken planoak 1943koak ziren; hortaz, obrak baimenik gabe egin ziren.

“Zailtasunak” obra legeztatzeko

Uztailaren 4an, Gasteizko Udalak obrak legeztatzeko hilabeteko epea eman zion Luxury enpresari. Espedienteak agerian uzten du prozesua ez zela erraza izan enpresarekin: “Telefono bidezko elkarrizketa askoren ondoren, zeinetan obrak legeztatzeko beharrezko dokumentazioa aurkezteko zailtasunak azaldu zizkiguten, eta behin legeztatzeko eskaera aurkeztu ondoren (2025/RJEOM/2216 espedientea), ez zen onartu beren eskaera”.

 Espedientearen pasarte bat, baimenik gabe egindako obren legeztapen saiakerari aipamena egiten diona.

Zein izan zen ez onartzearen arrazoia? Hauxe dio espedienteak: “Legeztatu beharreko obrak ez dira obra txikien bidez izapidetzen, eta obra handien bidez izapidetu behar dira (hori guztia aurretik hitz egin eta zehaztu zen jada)”. Obra handiek, besteak beste eta txikiek ez bezala, arkitekto batek sinatutako proiektua eskatzen dute, gastuak nabarmen handitzea dakarrena.

Luxuryk ez zuen obra baimen berririk eskatu epearen barruan, eta ondorioz, udalak enpresari agindu zion “lizentziarik gabe egindako etxebizitzaren erreforma integrala eraistea eta lur-eraikina/fatxada jatorrizko egoerara lehengoratzea”. Hilabeteko epea eman zion horretarako, egin ezean isunak ezarriko zizkiola adierazita. Luxuryk helegitea aurkezteko aukera zuen, udalean edo epaitegietan.

Etxebizitza turistiko gisa alokatu, baimenik gabe

ARGIAk ez du jakiterik izan Luxuryk helegitea aurkeztu duen edo ez. Baina ez du ematen udalak agindutako eraisketa obrak egin dituenik. Batetik, inguruko bizilagunek ez dute horren zantzurik ikusi edo nabaritu; eta bestetik, eta batez ere, Luxuryren webgunean zein etxebizitza turistikoen alokairurako Booking edo Gipes atarietan alokairuan jarraitzen du.

Urteak dira Luxuryk hainbat jabetza alokatzen dituela etxebizitza turistiko gisa, hainbat kasutan baimenik gabe; hau da, derrigorrezkoa den Jaurlaritzaren Euskadiko Turismo Enpresa eta Establezimenduen Erregistroan egon gabe.

Atikoaren kasua are deigarriagoa da. Ofizialki, 2023ko otsailaz geroztik, Gasteizko Udalak ez du baimenik ematen Alde Zaharrean etxebizitza turistikoak irekitzeko. Hala eta guztiz ere, 2023ko irailean Luxuryk Pintore kaleko lau etxebizitzetako bi erregistroan sartzea lortu zuen, tartean laugarren pisuko atikoa –aurretik ere baimenik gabe alokatzen zituen atariko lau etxebizitzak–. Azken hilabeteetan, ordea, erregistrotik kanporatu dute atikoa; baina alokairuan jarraitzen du.

Luxury Rental Apartments SL enpresaren webguneko irudia, espedientatutako atikoa irudietan. Informazio hau argitaratzeko orduan, atikoa enpresak alokairuan dituen etxebizitzen artean dago. luxuryvitoria.com/
Booking enpresaren webguneko irudia, espedientatutako atikoa irudietan. Informazio hau argitaratzeko orduan, atikoa enpresak alokairuan dituen etxebizitzen artean dago. Booking

Kasua ezagutzen duen Jaurlaritzaren Turismo Saileko iturri batek ARGIAri azaldu dio Luxuryren baimenekin gertatu den guztiaren “erantzukizuna” Gasteizko Udalarena dela, bere txostenen arabera hartzen baitu sailak erregistroan sartzeko edo kanpo uzteko erabakia (2025eko maiatzeko albiste honetan jaso genituen xeheago erregistroaren prozedura eta Luxuryk eskuratutako baimenen inguruko informazioa).

Bosgarren espedientea 2022tik

ARGIAk eskuratutako informazioaren arabera, Pintore kaleko atikoko espedientea Gasteizko Udalak 2022ko azaroaz geroztik Luxury enpresaren aurka abiatzen duen bosgarrena da, gutxienez. Guztien arrazoia berbera izan da: etxebizitzetan eraberritze lan integralak egitea horretarako baimenik izan gabe.

Luxuryk Gasteizko hainbat auzotan ditu turismorako alokatzen dituen etxebizitzak, baina espediente guztiak Alde Zaharreko etxebizitzetan egindako obrengatik ireki dizkio udalak; lau Pintore kaleko atariko etxebizitzetan, eta beste bat Hedegile kaleko batean. Antepararen “inpunitatea” salatu zuten Luxuryren obrek kaltetutako hainbat bizilagunek.

Gustavo Antépara: enpresaria eta PPko kide garrantzitsua

Gustavo Antépara PPko kidea da aspaldidanik. Besteak beste, zinegotzia izan zen 2016-2019 artean Gasteizko Udalean; 2023ko udal eta foru hauteskundeen ostean Gasteizko PPko udal taldearen aholkulari izendatu zuten; eta 2024tik zinegotzia da berriz ere.

Baina bere jarduna ez da Gasteizera mugatzen. 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan, maiz agertu zen PPko lehendakarigai Javier de Andrésekin eta bere taldearekin batera. 2025eko apirilean, alderdien buruekin bilera erronda egin zuen Imanol Pradales lehendakariak, tartean De Andrésekin. Gustavo Antéparak lagunduta heldu zen bilera tokira.

Ezkerretik eskuinera Iñaki Oiarzabal, Javier de Andrés eta Gustavo Antépara PPko kideak, 2024ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen garaian. Argazkia: rtve.es

Antéparak Luxury sortu zuen 2003an, enpresaren jabego osoa izan du gutxienez 2016 urtera arte, eta egun %50aren jabe da, Gasteizko Udaleko Ondare-ondasunen Erregistroaren arabera. Enpresaren administratzaile bakarra ere izan da 2022ko uztailera arte. Data horretan enpresak Pilar Perosanz izendatu zuten administratzaile bakar, Antépararen ordez. Perosanz etxebizitza turistikoen araudia moldatzeko lobby lana egin duen Arabatur elkarteko presidentea da, eta Antépararen bikotekidea.

2021eko ekainaz geroztik, ARGIAk hainbat ikerketa eta informazio argitaratu ditu, Antépararen eta Luxuryren negozioen inguruan. Guztiak irakurgai daude ARGIAren Gustavo Antépararen negozioak kanalean.


2023ko apirilaren 26
Manu Arakama (Gasteiz Txiki auzo elkarteko presidentea)
"Lotsagarria litzateke etxebizitza turistikoen araudia pertsona horiek baldintzatzea"

2021eko ekainaren 1
IKERKETA | Nor dago Gasteizko etxebizitza turistikoen lobbyaren atzean?
Esku batekin etxebizitzak erosi, bestearekin araudia moldatu

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.