Gutxienez 141 pertsona hil dira Ceutan Espainiaren eta Marokoren arteko muga gurutzatu nahian. Espainiako Gobernuaren arabera, ortzegunetik hona 72.000 migratzaile baino gehiagok lortu dute hiri autonomoan sartzea, baina horietatik 70.000 itzularazi dituzte. Geratu direnen artean mila adin txikiko inguru daude.
Ceutako krisiak Europako zein Espainiako eskuin muturraren oldarraldia areagotu du, eta, Espainiako Gobernuari entzungor, PPk, VOXek eta Juntsek erran dute ez dutela Ceutara ailegatutako adin txikikorik onartuko haiek gobernatzen duten lurraldeetan. Momentuz, ez dago kopuru zehatzik, baina Ceutako Gobernuak uste du mila baino gehiago izan daitezkeela.
Hiriak, ordea, ezin du ardura hori beregain hartu. “Zentroan adingabeak hartzeko ohiko gaitasuna 29 pertsonakoa da. Beraz, %2.872ko gainokupazioaz ari gara hitz egiten”, adierazi du Ceutako Lehendakaritza eta Gobernazio kontseilariak SER irratian eskainitako elkarrizketan.
Hortaz, Save the Childrenek “premiazkotzat” jo du adin txikiko horiek “bertze erkidego batzuetara lekualdatzeko prozesua azkartzea”. Erakundeak gogorarazi du "haurren segurtasuna eta ongizatea bermatzea" administrazio guztien ardura dela, eta ezin dela soilik mugako lurraldeen gain egon.
PP ez dago horretarko prest, ordea. PPko idazkari nagusi Miguel Telladok asteartean erran du Ceutako egoera ez dela “migrazio krisia”, “segurtasun nazionaleko krisia” baizik: “Espainiako Gobernuak etorkinak etorri diren tokitik itzularazi behar ditu”.
PPko idazkari nagusia: "Espainiako Gobernuak etorkinak etorri diren tokitik itzularazi behar ditu"
PPko Koordinazio Sektorialeko idazkariorde Alma Ezcurrak, berriz, asteartean adierazi du PPko autonomia erkidegoek –11 dira Melillaz eta Ceutaz gain– ez dituztela beren gain hartuko "Gobernuaren arduragabekeriaren ondorioak.
Hala ere, asteazkenean Onda Cero irratian egindako elkarrizketan pausu bat gibelera egin du, eta Ezcurrak zehaztu du PPren erkidegoek “beti legea beteko” dutela: “Banaketa, gertatuz gero, bidezkoa, planifikatua eta Espainiako Gobernuarekin batera egin beharko da, bere ekintzen erantzukizuna bere gain hartuz”.
Santiago Abascal alderdi ultraeskuindarreko liderrak ere presioa egin du sare sozialetan, erranez “espainiarren euro bat bera ere ez" dela bideratuko menentzat [bakarrik dauden adingabe atzerritarren akronimoa, Voxek modu gutxiesgarrian erabiltzen duena], legez kanpokoentzat, inbaditzaileentzat edo pertsonen trafikoaren mafientzat”.
Junts alderdiak Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Mirian Nogueras ere ez da isilik geratu, eta Gobernuari ohartarazi dio ez diola “boto bat bera ere” emanen, “Katalunia adingabeen banaketatik kanpo uzten ez badu”.
Legea betetzera kondenatuak
Espainiako Gobernuak ziurtatu du iaz onartutako Atzerritarren Legearen erreformaren ondoren —hilabete anitzeko blokeoaren ondoren eta PPren eta Voxen aurkako botoarekin—, eskuinak gobernatutako erkidegoek ez dutela gaitasunik dagozkien haur eta nerabeak hartzeari uko egiteko. Beraz, nahi ala ez, Espainiako eskuinak legea bete beharko du.
Migrazio ministro Elma Saizek iragarri du 25 milioi euroko aparteko partida erabiliko dutela Ceutan bakarrik dauden adin txikikoei laguntzeko
Bertzalde, Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro Elma Saizek iragarri du 25 milioi euroko aparteko partida erabiliko dutela Ceutan bakarrik dauden adin txikikoei laguntzeko. “Autonomia erkidego guztien zentzuari dei egiten diot, PPk gobernatutakoak barne, arreta emateko”, adierazi du Saizek.
Gazteria eta Haurtzaroaren ministro Sira Regok, berriz, jakinarazi du Ceutan bi eskola irekiko dituela ehun adin txikiko migratzaile baino gehiago premiaz hartzeko.
Gutxienez 141 pertsona hil dira Ceutan (Espainia) Espainiaren eta Marokoren arteko muga gurutzatu nahian. Uztailaren 30etik abuztuaren 4ra bitarte, 78 dira Espainiako uretan berreskuratutako gorpuak. Marokok ez du jakitera eman zenbat pertsona hil diren herrialdeko uretan. SER Espainiako irrati kateak, ordea, jakinarazi du, Maroko iparraldeko lau ospitaletako datuen arabera, 63 pertsona hil direla muga gurutzatu nahian.
Guztira, 72.000 migratzailek lortu zuten Ceutara igarotzea, Espainiako Gobernuko Barne ministro Fernando Grande-Marlaskaren arabera. Horietatik 70.000 itzularazi egin dituzten arren, hiri autonomoan egoera ez da oraindik baretu, eta ARGIA hiriko Elin erakundearekin mintzatu da, bertako egoera zein den azaltzeko.