argia.eus
INPRIMATU
Laura Mintegi: “PP atzera ari da berriro, demokrazia egiteko dago”
  • Laura Mintegik “ederrean sartu zara” entzun ohi du lehendakarigai  denetik. Segituan baina, “animo” entzun ere: “Ederrean sartu zara esaten didate, eremu politikoa bortitza dela hautematen dutelako. Pertsona horiek, herritar arrunta ikusten naute eta euren eremutik jardutea espero dute, alegia, herritarrek politikan esku-hartze handiagoa izatea nahi dute” diosku EH Bilduren lehendakarigaiak.

2012ko urriaren 20a
Laura Mintegi EH Bilduko hautagaia.

Hautagai izendatu zintuztenetik nola antzeman duzu politikaren eremua?

Lege zurrunak dituen eremua da politikarena. Eremuan sartu den arrotz bat bezala hartu naute beste politikariek, intruso bat bezala: “Etorri berria da plazara eta eginahaletan ari da nabarmentzeko” sentiarazi didate. Argi dago: herritarren eta politikarien artean amildegia dago. Aldiz, guk, EH Bilduko ordezkariok, kaletik gatozela hautematea nahi dugu. Areago, aditzera ematen ari gara ez gatozela politikaren eremuan integratzera, eremua aldatzera baizik. Egitera gatoz eta ez soilik esatera. Badugu programa bat, eta berau betetzeko borondatea eta jende ongi prestatua.  

Politikari ez, politikagile izan nahi duzula, idatzi duzu zure blogean.

Nahi dudala ez, politikagilea naiz. Bizitzan –ari naizen beste eremuetan– politika egiten dut, erabakiak hartzen ditugunean politika egiten baitugu. Unibertsitateko sailean edo PEN klubean hartzen ditudan erabakiak politikoak dira. Politikaren irakurketa oso murritza da, ordea. Bizitza printzipio batzuen arabera antolatzea da politika. Politika egiten dugu gure seme-alabentzat eskola hautatzean edota zer-nolako kontsumitzaile mota garen arabera.

Politika gutxietsia al dago?

Nik bereizten ditut politika eta politikoa. Politika ez da gutxietsia, errespetu handia diot. Politika da zer-nolako ideologiaren arabera antolatzen duzun bizitza soziala bestearekiko, edozein eremu sozialean. Serioa eta inportantea da. Politikoa da, ohiko politikari profesionalek politikari buruz egin duten erabilpen partziala, interesatua eta askotan zikoitza. Politika egin daiteke politika-kerietan galdu gabe.    

Zer ekar dezake EH Bilduk politikara?

Ezkerreko politika garatzea eta subiranotasunean sakontzea dira gure helburuak. Helburuok gauzatu daitezen baldintzak sortu nahi ditugu, asmo osoa dugu zentzu horretan.

Hori bera saiatu dira egiten ordezkatzen duzun esparru sozialaren hainbat aukera politiko 30 urtez, Konstituzioaren eta Estatutuaren markoan saiatu ere. Orain bezala, funtsean.

Askotan ahazten dugu panorama zeharo aldatu dela iazko urritik, eta hori ezin dugu enoratu. Beste fase politiko batean gaude, gauzak aldatu dira zeharo. Azken bost urteetan ez da hildakorik izan. Independentzia helburu dugunoi politika egiteko ordua heldu zaigu, soilik politikaren bidez, eta horretan ari gara.

“Dugun guztia eman behar dugu” esan duzu. Iraganean ezker abertzaleak zeukan guztia eman ei du.  

Berriro diot: ezin da azterketa politikoa egin koordenada edo espazio tenporalak alde batera utzita. Guztia eman da iraganean, eta beste modu batera eman daiteke garai berrian. Momentuak, zikloak eta koiunturak daude, eta oraingo koiuntura egokia da goi-mailako politika ofizialean ere jarduteko.

Irakurri elkarrizketa osorik ARGIAren 2.338. zenbakian.