Asteartetako Goizean argi buletinaren azpiko atala da hau. Izenak dioen moduan, postaletako irudiei buruzkoa da, “benetako” irudiei buruzkoa nahi bada, edo, bestela esanda, liluraren atzeko aldeaz. Atal horren bilduma da orrialde hau, argitaratutako hurrenkeran ekarrita. Ez bazaude buletinean izena emanda, eta goizero zure postontzian jaso nahi baduzu, debalde, eman izena hemen.
Urriaren 6a.
Bali. Nor zara zu gure ura lapurtzeko?
Ez diet halako galderarik irakurri Baliko herritarrei, baina egingo dute, seguru, ez baita normala gertatzen ari zaiena.
Zuk ere ezagutzen duzu norbait Balin egon dena oporretan? Ez nuke kriminal baten pare aurkeztu nahi, baina oso-oso-oso modan jarri da helmuga turistiko gisa, eta hara joaten denak zer gutxiago gertatzen ari dena jakin baino. Zeren triskantzak ez du izenik. Duela zortzi urte baino bost aldiz turista gehiago jasotzen dituzte gaur egun, eta bai, ariko dira hotel enpresa batzuk aberasten, baina hango jendeak ezin du bizi. Datu batzuk emango dizkizut:
Jende gehiena nekazaria da, eta arroz-soroetan egiten du lan. Historikoki horrela izan da. Baina mende hasieratik hona, turismoa indartu ahala, lurrak galdu eta galdu ari dira, ura falta zaielako edota lur horietan hotelak eraikitzen ari direlako. Azken lau urteotan, adibidez, Donostiaren azaleraren pareko arroz-soroa galdu dute.
The Guardian-eko kazetari bat Balin egon da uda hasieran, eta interesgarria iruditu zait jaso duena. Nekazari batekin hitz egin du adibidez, 52 urte dituena eta arroz-soroetan lan egin izan duena beti. Hilean gutxi gorabehera 72 euro irabazten ditu. Horrekin bizi da arrunt samar. Kexu da kanpoko kapitala eskua sartzen ari delako, Mendebalde aberats honek nahi duena egiten duelako... Gaztelaniaz irakur dezakezu hemen.
***
Irailaren 29a.
Koolkerke. Jakintsuagoak ginelakoan... Buru argiak baziren lehen ere. Edo argiagoak ziren lehen.
Belgikan, Brujas hiritik gertu, Koolkerke izeneko herrian, aspalditxotik dute uholdeen kezka, batik bat udazken parteari-eta begira. Uda ostean euri jasak egin ditzake, eta badute herria urak harrapatzeko beldurra. Kanalek ere gainez egiten omen dute batzuetan.
Bada, han non hasi diren zuloa egiten herriaren kanpoaldean, ura jasotzeko eta uholde arriskua gutxitzeko. Eta hara, egitera zihoazena topatu dute egitera zihoazenaren lur azpian. Beste material batekin, jakina, baina presa zahar baten arrastoak topatu dituzte. Tira, aurkitu zituzten udaberrian. Azterlana eginda jakin dute presa horrek helburu berberak zituela, herria urak ez hartzea. Duela 1.800 urte inguruko kontuak dira.
***
Irailaren 15a.
Danubio. Ekarri nuen hona Oria ibaia ur faltan zenean. Eta Urko Apaolaza lankideak ere aipatu zuen Itzaletik argira-ko pieza batean. Bai, Europako bigarren ibairik luzeena ur falta larrian ibili da uda honetan, eta Errumaniak, adibidez, zoro moduan eta ingurugiroko lege guztiak gaindituta arroka batzuk-eta leherrarazi zituen, aldameneko ibaietako ura Danubiora eramateko, bestela ezingo zuelako bere zentral nuklearrik handiena martxan mantendu.
Hori kontatu nuen. Baina bestelako postaleko irudi bat sortu du Danubiok uda honetan. Eta inoiz baino hobeto esanda, behea edo hondoa arazotzat ikusi beharrean, exotikotzat hartu da. Serbian eta Kroazian, adibidez, ur azalean geratu dira Bigarren Mundu Gerran hondoratu eta abandonatu ziren itsasontzi nazi batzuk. Goiko irudi hori, adibidez, Serbiako Prahovo herrian hartua da. Begira nola ageri irudian jendea arrastoetara gerturatzen; eta begira atzean nola dagoen kruzero handi bat aingura botata.
Hori Serbian. Baina Hungarian, berriz, Budapesten, Margarita zubi luzea itxita egon da, gerra garaiko lehergailu bat ur bazterrean ikusi dutelako, eta argazkiak bolo-bolo zabaldu dira. Eta Bulgarian, bestalde, mamut batena dirudien femurra eta hainbat hezur zati topatu dituzte.
Horixe izan da ibai arraro honen uda honetako turismoa.
***
Irailaren 8a.
Plaça de Catalunya. Cronos filma estreinatu berri dute. Ez naiz ikustera joan, baina anuntzioan ikusi dut badela Bartzelonako Katalunia Plazaren plano ikusgarri bat, airetik egina, plaza bete-betean ageri dena…
Hiriaren “hasiera puntua” da plaza hori. Hala irakurri dut hainbat gida turistikotan. Ramblatara sarrera, Gràcia pasealekura lotura, erdigune historikoa... Nik ere, turista on baten gisan, adimen artifizialari bota diot galdera, ea zer moduzko lekua den, interesgarri ote den. Beltzunez beteriko informazio pilari zera gehitu dio: “Belardiak eta iturriak ditu, egoteko lekua da”.
Ez naiz aspalditxoan bertan egon, baina deigarria egin zitzaidan udan sareetan zabaldu zen irudi bat. Alde batean, autobus turistikoaren zain dagoen jendea itzaletan, zuhaitzaren gerizpe gozoan, hor baitute markesina; eta metro batzuk harantzago, errepide ertz zikinean eta eguzki berotan, aterperik gabeko egonlekuan, hiriaren erdigunetik etxera itzultzeko desiran dagoen jendea.
Begira argazkia.
“Behin-behinekoa” omen itxaronlekua, obra batzuk tarteko. Uda osoa eman dute horrela.
Hor, eskuinaldean eta alkandora urdinez ageri den andrea, 72 urtekoa, marmar betean. “Giriak itzaletan, eta teila bat bezala gaude gu su gorrian”, leitu diot prentsa kronika batean.
***
Irailaren 1a.

Napoli. Hiri kaotikoa, intentsua, eta historiaz betea. Vesuvio sumendia aldamenean, eta portu galanta eta hondartza asko ditu inguruan. Baina guztiak ez daude denei irekita. Pentsa zenbateraino, kuriositatez adimen artifizialari galdetu eta honela erredaktatu dit esaldia: “Zonalde honetan badaude doako sarbideko hondartzak”. Horretara noa.
Euskal Herriko kostaldea halako bi ditu Napoli barnebiltzen duen Campania eskualdeak. Eta bertako hondartza guztien %70 daude enpresa pribatuen eskuetan. Hori da, hona ekarrita, Bizkaiko eta Lapurdiko kosta guztia ordainpeko bilakatzea, eta Gipuzkoako 10 kilometro gehiago ere bai.
Eta pagatu pagatu, pagatuta ere ez zaude beti salbu. Sarrera onartu behar dizute zenbait lekutan edo klubek, edo mafiek. Gauza bera ez ote...