Asteartetako Goizean argi buletinaren azpiko atala da hau. Izenak dioen moduan, postaletako irudiei buruzkoa da, “benetako” irudiei buruzkoa nahi bada, edo, bestela esanda, liluraren atzeko aldeaz. Atal horren bilduma da orrialde hau, argitaratutako hurrenkeran ekarrita. Ez bazaude buletinean izena emanda, eta goizero zure postontzian jaso nahi baduzu, debalde, eman izena hemen.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Irailaren 8a.
Plaça de Catalunya. Cronos filma estreinatu berri dute. Ez naiz ikustera joan, baina anuntzioan ikusi dut badela Bartzelonako Katalunia Plazaren plano ikusgarri bat, airetik egina, plaza bete-betean ageri dena…
Hiriaren “hasiera puntua” da plaza hori. Hala irakurri dut hainbat gida turistikotan. Ramblatara sarrera, Gràcia pasealekura lotura, erdigune historikoa... Nik ere, turista on baten gisan, adimen artifizialari bota diot galdera, ea zer moduzko lekua den, interesgarri ote den. Beltzunez beteriko informazio pilari zera gehitu dio: “Belardiak eta iturriak ditu, egoteko lekua da”.
Ez naiz aspalditxoan bertan egon, baina deigarria egin zitzaidan udan sareetan zabaldu zen irudi bat. Alde batean, autobus turistikoaren zain dagoen jendea itzaletan, zuhaitzaren gerizpe gozoan, hor baitute markesina; eta metro batzuk harantzago, errepide ertz zikinean eta eguzki berotan, aterperik gabeko egonlekuan, hiriaren erdigunetik etxera itzultzeko desiran dagoen jendea.
Begira argazkia.
“Behin-behinekoa” omen itxaronlekua, obra batzuk tarteko. Uda osoa eman dute horrela.
Hor, eskuinaldean eta alkandora urdinez ageri den andrea, 72 urtekoa, marmar betean. “Giriak itzaletan, eta teila bat bezala gaude gu su gorrian”, leitu diot prentsa kronika batean.
Irailaren 1a.
Napoli. Hiri kaotikoa, intentsua, eta historiaz betea. Vesuvio sumendia aldamenean, eta portu galanta eta hondartza asko ditu inguruan. Baina guztiak ez daude denei irekita. Pentsa zenbateraino, kuriositatez adimen artifizialari galdetu eta honela erredaktatu dit esaldia: “Zonalde honetan badaude doako sarbideko hondartzak”. Horretara noa.
Euskal Herriko kostaldea halako bi ditu Napoli barnebiltzen duen Campania eskualdeak. Eta bertako hondartza guztien %70 daude enpresa pribatuen eskuetan. Hori da, hona ekarrita, Bizkaiko eta Lapurdiko kosta guztia ordainpeko bilakatzea, eta Gipuzkoako 10 kilometro gehiago ere bai.
Eta pagatu pagatu, pagatuta ere ez zaude beti salbu. Sarrera onartu behar dizute zenbait lekutan edo klubek, edo mafiek. Gauza bera ez ote...