Berriz ere Korrikak astindu du Euskal Herria. Atharratzetik Bilbora, Xiberutikan Mendebaldera, zazpi probintzietatik pasatuz. A zer irrika, bi urte zain egon ondoan eta gure tennis parea errautsa hartzen utzirik, berriz ere gorputzak berotu ditugu. Milaka pertsona batu dira aurten ere lekukoaren atzetik. Herriaren zainak borborretan aritu dira hamaika egunez eta hamar gauez. AEKk sustatutako ekimen honek, eskuz esku elgarrekin biharko euskalduntzea bultzatzen du eta bide beretik herri oso bat batzen.
Aldarriak ez dira eskas Korrikan. Euskaratik, feminismora, eta feminismotik herri baten aniztasunera. Oraindik aditu ditzakegu furgonetatik datozen leloak: “Bai, bai, bai, euskarari bai!” edo baita “Eus-ka-ra hizkuntza ofiziala!” ere. Zahar eta gazteak oihuka kausa beraren alde eta nehoiz bezain batuak. Irrintzi zahar bat aho gaztetan. Irrintzi bat eta bakarra aho orotan.
Harrigarria da nola herritar oro hamaika egunez euskararen alde batzen den. Euforiaren baitan, kilometroz kilometro, eskuz esku. Lekukoa hartu eta pasa, eragile batetik bestera, maitasun eskutitz baten bide luzea. Eragile hauek, euskararen sustatzea eta garapena bermatzen dutenak, askotarikoak dira. Izan elkarte, erakunde, sindikatu, kirol talde… eta beste hainbeste. Baina argi da, batzuk, korrikawashing-a egiten dutela. Gaur euskararen alde engaiatzen naiz, eta bihar kale.
Korrikako aldarriak, herri baten oihu dira. Korrikan batzen den hiztun bakoitzak ozen oihukatutako aldarriak urte guzian zehar aldarrikatzen baditu, orduan bai, euskara izango gara
Horrelako engaiamendu puntualari, engaiamendu post-it-a deritzogu. Kendu eta berriz kolatu daitezkeen horietarikoa. Hamaika egunez post-it hau kolatu eta bat-batean denak euskararen alde dira. Denak engaiatzeko eta lekukoa hartzeko prest dira. *Klik*, argazkian agertu eta Instagram-en igo. Sare sozialak; hau bai engaiamendu salda. Hamaika egun eta ez bat gehiago. Biharamunean, berriz ere erdara da maisu eta euskara bigarren planora itzultzen da. Irrintziak eztitzen dira eta bezperan hitzemandakoak lurruntzen. Alta, bagare, bagera, bagire, bagara Korrika 365 egunez irautea nahi dugunak.
Hamaika eguneko engaiamendua ez da nahikoa euskararentzat. Eta are guttiago hizkuntza eskubideen lerroak mugiarazteko. Baxoa euskaraz oihukatzea ez da nahikoa gero erdaraz aritzeko bada egun guzian zehar. Lekukoa hartzea ez da nahikoa ondotik hizkuntza politika egonkor bat plantan jartzeko ez bada ahaleginik. Ez dezagun norantza galdu eta ez gaitezen mozorrotu. Korrikako aldarriak, herri baten oihu dira. Korrikan batzen den hiztun bakoitzak ozen oihukatutako aldarriak urte guzian zehar aldarrikatzen baditu, orduan bai, euskara izango gara.
Johane Larre Salaberri
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.