Igandean egin da hauteskunde presidentzialetako lehen itzulia, Antonio José Seguro buruzagi sozialistak botoen %30,53 lortu ditu eta eskuin muturreko hautagai Andre Venturak %24,59. Bigarren itzulia otsailaren 8an egingo da. Segurok dei egin die batzera “demokrata, aurrerakoi eta humanistei”. Hauteskunde kanpainan ultraeskuindar burua migratzaileen aurka aritu da.
Portugalgo hauteskunde presidentzialak bigarren itzulian erabakiko dira, lehen itzulitik boto gehien eskuratu dituzten bi hautagaien artean. Igandean izan da lehen itzulia, eta inkestek ziotenaren kontrara, Alderdi Sozialistako Segurok botoen %30,53 lortu ditu eta Chega eskuin muturreko alderdiko Venturak %24,59. Abstentzioa %44koa izan da. Demokrazia ezarri zenetik behin bakarrik, 1986ko hauteskunde presidentzialetan, behar izan da bigarren itzulia.
Lider sozialistak garaipen hitzaldian dei egin die “demokrata, aurrerakoi eta humanista” guztiei berarekin bat egitera, “garaitu ahal izateko estremismoa eta portugaldarren artean gorrotoa eta zatiketa eragiten dutenak”. Eskuin muturreko hautagaiak migratzaileen aurkako diskurtsoa zabaldu du eta Portugalen gutxienez bost urtez kotizatu ez duten etorkinei dirulaguntzak kentzeko proposamena egin izan du, baita ere, migratzaileen sarrera kuota eztabaidatzeko erreferendum bat proposatzen du. Hauteskunde kanpainan Chega alderdiak ijitoen kontrako kartelak ere erabili ditu, eta Lisboako epaitegi batek kartel horiek debekatu ditu, “ideia diskriminatzaileak zabaltzea eta gutxiengo etniko baten aurkako erasoa egin izana” ebatzita.
Otsailaren 8an argituko da nork eskuratuko duen presidentetza: eskuin muturrak ala sozialistek.