Faboritoa zen Antonio José Seguro alderdi sozialistako buruzagi izango da presidente berria, hauteskundeen bigarren itzulian %65eko babesa lortu ostean. Parean, ijitoen aurkako kanpaina egin duen eskuin muturreko Chega alderdia zeukan. Igandean munduko beste hainbat txokotan egin dituzte hauteskundeak, eta eskuinaren goranzko joera nabarmendu da.
Portugalgo herritarrek datozen bost urteetarako estatu burua aukeratu dute hauteskundeen bigarren itzulian: Antonio José Seguro alderdi sozialistako buruzagi André Ventura eskuin muturreko hautagaiari gailendu zaio. Alde handiarekin gainera, bozken %65ak babestu du Seguro. Krabelinen Iraultzak 1974an diktadura faxistarekin amaitu zuenetik lehen aldiz eskuin muturreko hautagai batek har zezakeen herrialdearen agintea, baina ez da izango oraingoan behintzat. Hala, hogei urteko etenaren ostean, ezkerreko presidente bat izango du berriro ere Portugalek. Nolanahi ere, ultraeskuinak lortu duen bozken %32a Chega alderdiak inoiz lortu duen kopuru handiena da.
Ezohiko hauteskundeak izan dira, lehen aldiz joan direlako bi hautagai bigarren itzulira lau hamarkadaren ostean. Buruz buru aritu dira Seguro eta Ventura. Lehenak, sozialdemokraziaren defentsa izan du aldarri eskuin muturraren aurrean; bigarrenak, ijitoen aurkako kanpaina gogorra egin du, eta diktadura faxistaren nostalgiaz herrialdeak “hiru Salazar” behar dituela adierazi du. Ez dira emozio handiko bozak izan, urtarrilaren 18an, lehen itzuliaren ostean, Portugalgo gizartearen zati handi batek dagoeneko hartu zuelako Chega alderdiaren aurka egiteko hautua. Sorpresa handiena parte hartze maila izan da: bozkatzera deituta zeuden herritarren %59 gerturatu da hauteskunde-mahaietara, maila nazionalean zifra nahiko altua.
Hauteskundeak igandean egitea, baina, azken momentura arte luzatu den zalantza izan da. Izan ere, azken asteotan ekaitz bortitzek zigortu dute Portugal, eta herrialdeko txoko asko uholdeak jasaten ari dira. Venturak hauteskundeak bertan behera uztea proposatu zuen larunbatean, bere leloa behin eta berriro errepikatuz: “Pikutara hauteskundeak!”. Igandean, baina, eguzkia lagun, portugaldar asko hauteskunde-mahaietara gerturatu dira.
Emaitzak ezagutu ostean, Seguro garailea pozarren agertu da. Adierazi du “portugaldar guztien presidentea” izango dela, eta azkeneko hauek polarizatutako hauteskundeak izan badira ere, Venturari gonbita luzatu dio, “aurkariak izateari utzi, eta garatuagoa eta justuagoa izango den Portugal baten alde elkarlanean aritzeko”.
Munduan eskuina goraka
Portugalgoak ez dira izan igande honetan egin dituzten hauteskunde bakarrak.
Aragoiko erkidegoan (Espainia), PPk hauteskundeak aurreratu zituen, hala gehiengo absolutua lortuko zuelakoan, eta bozak irabazi baditu ere, ez du bere helburua lortu. Alderdi sozialista ahuldu du, baina aurrekoan baino boto gutxiago jaso du eta Voxek bere ordezkariak bikoiztu ditu. Thailandian ere parlamenturako hauteskunde aurreratuak egin dituzte, Kanbodiarekin tentsio militarra gori-gori dagoela. Inkestek ziotenaren kontrara, desmilitarizazioa bultzatzeko konpromisoa agertu duen alderdi kontserbadoreak aise irabazi ditu hauteskundeak. Japonian, Sanae Takaichi presidente kontserbadoreak hauteskundeak deitu zituen Parlamentuko gehiengoa indartzeko asmoarekin. Helburua neurri eskuindarrekin lortu du: kanpainan zehar zergak jaitsi, AEBen aldera gerturatu, eta armetan gehiago inbertitu du Takaichik.