Pornografiaren kontsumoa 13 urterekin hasten da ohiko izaten, EHUren azken ikerketaren arabera

  • Pornografia kontsumitzeak sexting praktikei, autoestimuari, enpatiari edota genero-rolei nola eragiten dien aztertu dute, 12-17 urteko arabarrak lagin hartuta. Kasik erdiak noizbait kontsumitu du online pornografia, nagusiki mutilek.

Freepik

2026ko otsailaren 25ean - 10:58
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Prebentzio eta esku-hartzeko estrategiak ezartzea helburu, Arabako hamalau ikastetxetako 12-17 urte arteko 1.413 ikasleren lagina jaso du azterlanak. EHU, Vital Fundazioa eta Gasteizko Udala daude ikerketaren atzean, eta datu zaparradaz gain, hainbat ondorio aurkeztu dituzte astearte honetan.

Ikasleen %47,3ak noizbait kontsumitu du pornografia eta ehuneko hori nabarmen handiagoa da mutilen artean (%67,5) nesken artean baino (%32,5). Lagin guztiaren %44ak pornografia kontsumitzen jarraitzen du, batez ere mutilek (%80,3ak).

Pornografiarekiko lehen harremana batez beste 12 urterekin da eta 13 urterekin hasten da kontsumo hori ohikoa izaten. 6 urterekin dagoeneko pornografiarekin kontaktua izan duten haurren kasuak ere nabarmendu ditu azterketak. Adinean gora egin ahala, berdin egiten du pornografia kontsumoak: Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, “bereziki handiak” dira ehunekoak.

Sextinga eta mehatxu sexualak

Ondorioztatu dute pornografia ikusten duten nerabeek gehiago hartzen dutela parte eduki sexuala duten mezuak, irudiak eta bideoak bidaltzen (alegia, sextinga delakoan). Aldi berean, presioak, nahi ez diren sexu eskaerak, eduki sexualak baimenik gabe bidaltzea edota irudi intimoak zabaltzearekin loturiko mehatxuak ere ohikoagoak dira pornografia kontsumitu dutenen artean. Egoera horiek batez ere neskek jasaten dituzte.

Bestelako loturak ere egiten ditu azterketak. Hala nola enpatia emozional eta kognitibo txikiagoa dutela halako edukiak ikusten dituzten nerabeek eta sexismo “maila handiagoak” identifikatu dituztela horiengan: “Horrek indartu egiten du eduki horiek genero-jarrera eta genero-rol desorekatuen eraikuntzan duten eraginari buruzko kezka”.

Azken ondorioa garbi dute ikerketaren egileek: “Beharrezkoa da hezkuntza afektibo-sexual integrala indartzea, bai eskolan, bai familian, ikuspegi kritikoa txertatuz pornografiari, baimenari, berdintasunezko harremanei eta Interneten erabilera seguruari buruz”.

Gaia sakon jorratu genuen Pornografia denean sexu hezitzaile nagusia mahai-inguruan.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Pornografia kanalean gehiago
2023ko azaroaren 28
Teknologia
Pornografiaz

2022ko martxoaren 16
Albertina Carri. Traba egitearen artea
"Kamera ere idazketa-modu bat da"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...