argia.eus
INPRIMATU
CIAren Poloniako espetxe klandestinoen ikerketa oztopatzen ari direla salatu dute
  • Poloniak espetxe klandestinoak zituela eta AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralak (CIA) 2002az geroztik Europako ustezko terroristak galdekatzeko erabiltzen zituela dio hainbat txostenek. Baina ikerketa ofizial batek aurrera egin ez dezan oztopoak jartzen ari direla salatu dute.

ARGIA @argia 2013ko martxoaren 12a
Poloniako aireportuetako bat.

Europako Batzordeak eskatutako 2007ko Dick Marty txostenak eta Open Society Foundations erakundearen Globalizing Torture: CIA Secret Detention and Extraordinary Rendition ikerketak diote Polonian espetxe klandestinoak zeudela.

Gaiarekin lotuta herrialdeko fiskaltzak 2008an abiatutako ikerketa ofizialari trabak jartzen ari zaizkiola salatu berri dute. Al Qaedako kide izatea leporatuta, Abd al-Rahim al-Nahsiri atxilotu zuen CIAk 2002an, eta "hobetutako itaunketa teknikak" aplikatu zizkioten, urte horretako abenduaren 4ra arte. Ondoren, zantzuak daude CIAk Poloniara eraman zuela, "itaunketarekin" jarraitzeko. Hori da fiskaltza ikertzen ari zena, harik eta hainbat hedabidek kasua eta ikerketa publiko egin zuten arte. Varsoviako fiskaltzatik Krakoviara aldatu zuten ikerketa eta Al-Nashiriren abokatuak azaldu duenez, ordutik oztopoak baino ez dizkiete jarri kasuan aurrera egiteko.

"Oso-oso arraroa da kasu bera hiru fiskalek ikusi izana –dio abokatuak– eta azken urtean aurrerapenik egin ez izana oso datu tristea da". Helsinkiko Fundazioko zuzendari Adam Bodnar-en esanetan, "ikerketa luzatzeko saiakera guztiek kasu honi buruzko emaitza argirik ez ematea bilatzen dute. Kasu hau harri txintxarra da zapatan, poloniar fiskal eta politikarientzat". Izan ere, 2002-2004 urteetan Polonian lehen ministro zenari eta garaiko inteligentzia zerbitzuetako buruari presoen atxilotze ilegala baimentzea egotzi liezaiekete.

Al-Nashirik Poloniaren aurkako salaketa jarri du Giza Eskubideen Europako Gorteetan. Une honetan, eta trabak traba, zaila dirudi kasua ezkutuan geratzea.