argia.eus
INPRIMATU
2026ko azaroaren 2a
Poliziek 15 urteko manifestariarekin izan zuten jarrera euskarafoboa salatu du EHEk Baionan
  • Baionako EHEk salatu du poliziek 15 urteko gaztea kolpatu eta“jarrera euskarafoboa” eduki izana, baita “oraindik polizia horiek erruztatu ez izana” ere. EHEk salaketa eta eskakizun batzuk eman nahi izan dizkie Baionako polizia-etxeko arduradunei, baina Poliziak eragotzi egin diela adierazi dute.

Baionako polizia-etxe aurrean elkartu ziren euskaltzaleak polizien jarrera salatzeko. Nathalie Guironnet.

Baionako EHEk deitutako elkarretaratzean 50 bat lagun bildu dira polizia-etxearen aurrean. EHEk salatu du bi polizik 15 urteko ikaslea “azkarki kolpatu izana” eta polizien “jarrera euskarafoboa”. Gogorarazi du hilabete igaro dela gertatutakotik eta “hobendunak ez direla oraindik erruztatuak izan”. Poliziari eta beren agintariei leporatu die manifestatzaileen aurka “bortizkeria handia” erabiltzea.

Bortizkeria pairatu dutenek jarritako salaketak “lehenbailehen” aztertuak izatea eskatu du EHEk, eta poliziak “erruztatuak izatea”. Euskararen aldeko antolakundeak bat egin du egunotako manifestazioetan ikasleek eta herritarrek egin dituzten aldarrikapenekin, alegia, ikasleen baldintzak hobetzea, azterketak euskaraz egiten uztea eta bizitzaren garestitzea bukatzea.

Gaztea urriaren 1ean kolpatu zuten

15 urteko gazteak salaketa jarria du urriaren 1ean gertatu zitzaionaren harira. Ikasleak azaldu zuen lizeoetako blokatzeen mobilizazioen testuinguruan, Baionako manifestazioan, poliziak ostikoa eman ziola eta lurrean kolpatu, baita gas negar eragilea erabili zutela ere. Horrez gain, gazteak poliziei jarrera euskarafoboa izatea leporatu die. Izan ere, euskaraz mintzatu zenean oldartu zitzaizkion, eta ondoren poliziatako batek “euskaldun horiekin beti berdin da” esan zuela salatu zuen manifestariak. Gazteak konortea galdu zuen erasoaren ondoren eta ospitalean artatu zuten.