Poliziaren Kontrol Batzordeak eten egin ditu Iker Aranaren, Aritz Ibarraren eta Sestaoko atxiloketaren ikerketak

  • Hiru kasuetan Ertzaintzaren jokabidea ikertzeko “material urriegi” duela erran du batzordeak. Hortaz, informazio gehiago eskuratu arte, prozedurak geldiaraztea erabaki du. Bertzalde, Getxon (Bizkaia) izandako atxiloketa baten txostena argitaratu du, eta bertan udaltzainen jarrera babestu du.

Itoitz Otsoa. El Salto CC BY SA

2026ko abuztuaren 3an - 11:56
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak eten egin ditu Ertzaintzaren jokabidea ikertzeko abian jarritako hiru espediente: Iker Aranarena, Aritz Ibarrarena eta Sestaon (Bizkaia) zauritutako gazte batena.

Aranak 2025eko apirilaren 3an barrabil bat galdu zuen ertzain batek jaurtitako foam bala baten ondorioz. Etxarri II gaztetxearen hustea salatzeko Bilbon egin zuten manifestazioan gertatu zen ezbeharra. Istiluak egon ziren, eta ertzain batek “aurrez aurre, barrabiletan apuntatuta, eta 30 metro baino gutxiagora” egin zion tiro 33 urteko gazteari.  

Batzordeak adierazi du “orain arte ofizialki” eskuratu dituen agiri bakarrak bi bertzerik ez direla: batetik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak 2025eko apirilaren 7an egindako azalpen laburra; eta, bertzetik, Ertzaintzak berak bidalitako dokumentuak, “ertzain bati ezarritako diziplina arloko prozedurari lotutakoak”. 

Material “urria” duela argudiatuta, batzordeak azaldu du ezin diola ikerketari “taxuz” heldu. Haren arabera, “agintaritza judizialak atestatua eta kasuaren gainerako informazio garrantzitsua eskuratzea onartzen duen arte”, ezinen dituzte ikergaiaren inguruabarrak laburbildu, eta ertzainen jardunaren zuzentasuna ebaluatu. 

Aritz Ibarraren kasua

Azalpena antzekoa da Aritz Ibarraren kasuan. Falangeak urriaren 12an Gasteizen egin zuen elkarretaratzearen aurkako mobilizazio batean, ertzain batek ilustratzaile gasteiztarrari metro gutxira tiro egin zion foam jaurtigai batekin. Pilotakadaren ondorioz, hortz bat galtzeaz gain, masailezurra hautsi zioten ebakortzen gainetik.

Aranaren kasuan bezala, Ertzaintzak baimena eskatu zion epaitegiari ikertutako eginbideen kopia batzordeari bidaltzeko, baina epaileak erantzun zuen ez zuela “komenigarri ikusten auzia epaitegian ikertu bitartean atestatua batzordera bideratzea”.

Batzordeak martxoan jakinarazi zuen Ibarrak jarritako salaketa eta Ertzaintzak identifikatutako manifestarien kontrako prozesuak batera aztertuko zituela. Badira egun horretan zer gertatu zen erakusten duten bideoak, baina batzordeak erabaki du ez dituela bideo horiek "ez interpretatuko, ezta balioetsiko ere". Argudiatu du irudi horiek "polizia jokabide osoaren testuinguruan" kokatu behar direla.

Hala, informazio faltan, batzordeak prozedura geldiaraztea erabaki du hurrengo egoeratako bat heldu arte: “bata, epaile eskudunak batzordeari baimena ematea eskatutako dokumentazioa eskuratzeko; edo bestea, jarduketa horri lotutako prozedura judizial eta administratiboak behin betiko amaituta egotea”.

Sestaoko kasua

Aurtengo kontua da Sestaoko Jose Antonio Agirre kalean gertatutakoa. Otsailaren 22an, kalez jantzita zihoazen bi ertzainek hiru pertsonari egin zieten eraso borra luzagarriekin, argudiatuta hiru lagun horiek poliziak zihoazen ibilgailua kolpatu zutela. Liskarraren ondorioz, lagun horietako bi, 51 urteko emakume bat eta 22 urteko gizon bat, ospitalera eraman behar izan zituzten. Are, gizonari barrabil batean ebakuntza egin behar izan zioten. Emakumeak berehala jarri zuen salaketa.

Batzordeak txostena osatzeari uztea erabaki du orain ordea, informazio eskasegi duelako: “Ez dago ikergai honen inguruabarrak laburbiltzerik, batez ere, zenbait alderdiri buruzko informazioa falta zaigulako: egitateak, parte hartzaileak, lekuko eta kaltetuen adierazpenak, jasotako froga edo zantzuak eta abar”.  

Getxoko udaltzainek egindako atxiloketa

Getxoko Udaltzaingoak 2025eko uztailaren 1ean egindako atxiloketa bati buruzko ebazpena argitaratu du batzordeak uztailean. Naiz.eus hedabideak zabaldutako irudietan ikus daiteke nola agente batek atxilotua jipoitzen duen lurrean dagoen bitartean. Erasoak agerikoa dirudien arren, batzordeak bat egin du Getxoko Udaltzaingoak emandako azalpenarekin, atxilotuak ihes egin nahi zuela: "Indar horren erabilera egokia izan zen, hala egiteari esker iheslaria desarmatu eta eskuburdinak jarri zizkiotelako, kaltea eragiteko erabiltzeko aukera saihestuta". 

Hala ere, batzordeak zenbait neurri proposatu ditu; hala nola, banakako soineko kameren erabilera orokortzearen alde egitea, "tentsiorik eta ziurgabetasunik ez egoteko, burututako jarduketak interpretatzeari dagokionez". 


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...