Polizia Judizialak EEPko bi ordezkari deklaratzera deitu ditu

  • Anita Lopepe eta Maider Behoteguy dira bi ordezkariak, eta Simon Fetet prefetak abiarazi inkesta baten ondorioz deitu dituzte deklaratzera. Ustezko interes talka bat da inkestaren abiapuntua, baina Fiskaltzak afera baztertu du azkenean. Peio Dufau diputatuak "egoera gero eta larriagoa" dela ohartarazi du.


2026ko urriaren 19a - 14:41
Azken eguneraketa: 2026-10-20 14:55
Simon Fetet prefeta da inkesta abiarazi duena. Euskal Irratiak
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Afera bat gehiago euskararen kontrako oldarraldian, eta aldi honetan ere Simon Fetet prefetak abiaturik. Orain arte Herriko Etxeetako deliberoen aurka egin badu, aldi honetan Euskararen Erakunde Publikoaren aurka egin du, bertako bi kidek Polizia Judizialaren aitzinean deklaratzeraino. Kazeta hedabidearen arabera, Anita Lopepe da lehen ordezkaria, Ainhize-Monjoloseko hautetsia; eta Maider Behoteguy bigarrena, EEPko lehendakaria. EEPk Seaskari egin dion 60.000 euroko diru-laguntza gehigarria izan da inkestaren abiapuntua, Seaskako ko-lehendakaria den Antton Etxeberri Anita Lopeperen senarra baita hain zuzen. Polizia irailaren 16an hurbildu zen EEPko bulegora, diru-laguntzaren bozketa hartan Anita Lopepek parte hartu ote zuen jakiteko. Behoteguy deitu zuten lehenik deklaratzera, irailaren 30ean, eta Lopepe ondotik, urriaren 6an. Bi entzunaldien ondotik afera artxibatu zuen fiskaltzak.

Auzia Pirineo Atlantikoetako prefeta den Simon Fetetek abiarazi zuen, bozketa horretan interes-talka bat bazelakoan. Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politiken lehendakariorde den Antton Curutcharryk aferari buruzko argibideak eman ditu. Bozketa ekainaren 26an egin zen hain zuzen, eta orduan jada Baionako suprefeta den Mathieu Duhamelek bozketa geldiarazi nahi izan zuen, "uste zuelako ez zegoela prest, laguntza nora zihoan jakitekorik ez zegoelako". EEPren diru-laguntzak zazpi pertsonak bozkatzen dituzte, eta bozketa hartan hiruk adierazi zuten aurkako iritzia, Estatuko hiru ordezkariek hain zuzen ere.

Lopepe harrituta agertu da "prefetak agerturiko jokabidearengatik", eta bide beretik jo du Curutcharryk ere: "Pasarte horrek argiki erakusten du zer motako harremana sustatu nahi duen Barne Ministerioak, eta, zehazki, Baionako suprefetak, lan eremu partekatua izateko xede duen EEPko gainerako kideekin". Estatu-ordezkarien ofentsiba euskarafoboa salatu du, eta prefetak eta suprefetak Barne Ministerioaren menpe direla oroitarazi du. Hori dela eta Baionako suprefeta izandako eta gaur egungo Barne ministro den Laurent Nuñez interpelatu du Curutcharryk, "ministroa prefetaren eta suprefetaren jokamoldeaz arduratu dadin nahi genuke. Lurralde hau eta bertan dauden orekak ongi ezagutzen ditu, eta bere ordezkariek zer hautsi dezaketen ulertzeko gai da". Peio Dufau EH Baiko diputatuak ere "egoera gero eta larriagoa" dela ohartarazi du.

Prefetak lehenago ere egin zuen EEPren kontra

2007az geroztik EAEko Gobernuak EEPri ematen dion diru-laguntza bat ere izan zuen jomugan suprefetak urte hasieran. Curutcharryk adierazi duenez, "Atzerri Ministerioarekin harremanetan jartzeko gomendioa eman zigun suprefetak, diruztatze hori atzerriko potentzia batetik zetorrelako, eta laguntza horrek zer asmo zuen galdetzera iritsi zen". Hala ere, suprefetak gibelera egin zuela gaineratu du. 

Era berean, Lurraldeko Funtzio Publikoaren Zentro Nazionalak funtzio publikoko langileei eskaintzen dizkien formakuntzak zalantzan ezarri zituen suprefetak, "Frantsesa da Errepublikako hizkuntza" konstituzioko legea aintzat hartuta. Jean-Marie Girier prefeta ohiak ideia bertan behera utzi zuen.


Euskara kanalean gehiago
2026ko azaroaren 4
Koofizialtasunaren aldeko manifestazioa
Indarrak batu, euskararen garaia dela ohartarazteko

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.