Polizia-jazarpena salatzeko protesta antolatu du ostegun honetarako Gasteizko gaztetxeak

  • Kutxipasa zaratatsua antolatu du Gasteizko Gaztetxeak, larunbat goizaldeko gertakaria eta oro har, azken boladan nagusitzen ari diren "kutsu arrazista eta klasistadun" jazarpen polizialak salatzeko. Ostegun honetan, 19:30ean abiatuko dira Hala Bedi tabernatik, Nahikoa da! Jazarpen Poliziala Borrokatu lelopean.


2026ko maiatzaren 14an - 07:00
Larunbat goizaldeko gertakariei erantzuteko 'kutxipasa zaratatsua' antolatu du ostegun honetarako Gasteizko Gaztetxeak. gau gorri (CC BY-NC-SA 2.0)
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Gasteizko Gaztetxeak Kutxipasa zaratatsua ekimena antolatu du ostegun honetarako, larunbat goizaldean Ertzaintzak bi herritarren aurka izandako jarrera salatzeko. Nahikoa da! Jazarpen Poliziala Borrokatu lelopean, 19:30ean abiatuko dira Hala Bedi tabernatik.

Asteburuko gertakizunak "oso larriak" direla salatu du sare sozialetan kaleratu duen irakurketan, ertzainek modu "desproportzionatuan" erantzun zutela zehaztuta. Izandako jarrera "oldarkorra" gaitzetsi dute, pistola ateratzeaz gain, kotxearekin jendea harrapatzen saiatu eta bertakoak bultzatzen aritu zirela nabarmenduta.

"Polizia-jazarpena" salatu dute eta beharrezkoa ikusten dute "abusu polizialen" aurrean berehalako erantzun kolektiboa ematea, "armatu gabe dagoen gazte baten aurka pistola ateratzea ezin delako normalizatu". Udaltzainen zein ertzainen "inpunitatea" jarri dute erdigunean eta azken boladan Alde Zaharrean izaten ari diren "presentzia itogarria" ere salatu dute. Gasteizko Gaztetxean argi dauka: "Segurtasun diskurtso faltsuak" garatuz doaz eta Udaletxe zein Estatuak "kontrol sozialerako mekanismoak gogortzen" dituzte. Are gehiago, horren aitzakipean jarrera arrazista eta klasistak zabaltzen ari direla ere nabarmentzen da zabalduriko irakurketan.

Larunbat goizaldeko gertakariak

Larunbat goizaldean bi herritar liskarretan hasi ziren Gasteizko Alde Zaharreko Hala Bedi tabernaren aurrean. Segurtasun Sailak jasotako deiaren harira, kaleko arroparekin jantzitako ertzainak bertaratu eta bi gazte borrokan ikusi dituzten, horietatik bat "botila hautsi baten lepoarekin besteari eraso egin" nahian. 

ARGIAk bertan egon zen bizilagun batekin hitz egiteko aukera eduki du. Ertzainak bertan zeudela hurbildu zen liskarra gertatzen ari zen lekura, baina ez zuen poliziak zirenaren berririk. Une horretan, polizietako batek "bat-batean pistola atera" zuela ikusi zuen. Segurtasun Sailaren arabera, botiladun gizonak zuen "jarrera oldarkor eta mehatxagarriaren" aurrean atera zuen arma, baina lekukoak eskuartean zuena ikusteko aukera izan ez bazuen ere, ez du baieztatzen Poliziaren bertsioa: "Inondik inora [ez zuen jarrera oldarkor eta mahatxagarria], baxu zegoen, negarrez, uste dut, eskuak altxatuta". Botiladun gizona lesio delituak egotzita atxilotu zuten eta bestea ospitalera eraman.


 


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 11
Ertzaintzak herritar bat pistolaz apuntatu du eta lekukoak mehatxatu ditu
LEKUKOTASUNA | “Poliziak auzoan darabilen biolentziarekin nazkatuta nago”

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.