Maitane Campos Fundazuri / Euskal Herriko Bertsozale Elkartea

2026ko urriaren 26a - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi, ala alderantziz? Zalantza hori izan nuen idazkariak poesia oposaketen emaitzak oholtzaratu arteko tartean. Eta ez dut uste bakarra izan nintzenik. Oso gustura entzun nituen biak, eurengandik espero nuenetik gertu. Lekunberrikoaren neurriko saio batek eskatzen zuena ekarri zuten biek ala biek: esku batean egonarria eta bestean distira. Doinu berri banarekin zapaldu dute txapelketa, eta ez dirudi bide laburra egitera etorri direnik. Nik egiari zor, Gaztelumendi neukan aurretik, izan ere, Arzallusek Xabat Ilarregirekin batera egindako hamarreko txikiko ariketa ez zitzaidan bereziki egokia iruditu, gaiz kanpo aritu zirela iruditu zitzaidan tarteka, eta horrek zigorra ekar zezakeela aurreikusten nuen.

Saioa Alkaiza izan zen hirugarren, eta txapelketa hasi aurretik bere izena inor gutxik aipatzen bazuen ere, finalerako hautagaia izan daitekeela erakutsi zuen Lekunberrin, aurrez Donapaleun egin bezalaxe. Azpimarratzekoa bakarkakoan egindako lana. Gaiari heltzeko modua izan zen bereziki txalogarria. Iruditu zitzaidan gutxi-asko beste bost bertsolarien gaiek bazeukatela ageriko helduleku bat, agendan indarra duten gai sozialei zuzenean lotuta zeudela, alegia: bularreko minbiziarekin lotutako pinkwashinga, zaintza lanak, etxebizitza… Eta Alkaizari egokitu zitzaionak (urte luzetan herriko kirol klubean hainbat zereginetan laguntzen diharduen eta klubeko lehendakari izateko eskaerari ezetz erantzun zion pertsona izatea egokitu zitzaion) elkarteetako borondatezkoen konpromisorik ezaz kantatzeko aukera ematen bazuen ere, publikoari zirrara sortzeko lan estra eskatzen ziola bertsolariari. Halere, aurreko ariketa guztietan erakutsitakoa egin zuen Alkaizak: gaiari zirrikitu interesgarri bat topatu eta bertso ukigarriekin erantzun. Bikain josi zituen bertsoak irudiz eta argudioz inurri lanean zoriontsu jarraituko duen andre zaharraren ahotik.

Xabat biek utzi zuten euren inpronta. Asko eskertzen dudan zerbait egin zuen Illaregik hasierako agurrean: bere euskalkian kantatu. Inportantea iruditzen zait bertsolariek agurretan euren gorputza testuinguruan kokatzeko ahalegina egitea. Ariketa puntuagarrietan, tarteka laprastadaren bat edo beste egin arren, aipatzekoak haren azkartasuna eta ziurtasuna. Arnasarik hartzeko tarterik hartu gabe hasi zituen, adibidez, puntu guztiak puntukako ariketan. Galletebeitiaren kasuan, amaierako agurrean erabili zituen berbak neure eginda, aitortuko dizuet nik maite dudan bertsoa zelakoa den esan beharko banu, Galletebeitiak bakarkako bertsoen hasieretan eszenak sortzeko duen gaitasunaz egingo nukeela berba. Hala hasi zuen, adibidez, bakarkako azken bertsoa, sekula manifestazio batera joan ez den eta lehenengora joatea erabaki duen 40 urteko pertsonaren ahotik: “Ipini nahi dut nire inpronta/ eta besterik ez zait inporta/ kaletik zenbat jende pinporta/ ametsen alde munduan kontra”.

Pena txikiren bat badut, Gorka Pagonabagarrengatik da. Oso gauza zailak eta ederrak egiten dakien bertsolaria da, asmatzen duenean (hamarreko txikian, esate baterako) niri izugarri gustatzen zaidana. Egiten dakien horretatik urrutien igarri nuen bertsolaria izan zela uste dut, sentsazio goxoa utzi du, hala ere, aurtengo txapelketan.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.