“Poesia mailu bat da” literatur jaialdia ospatuko dute Gasteizko Gaztetxean

  • Azpimarra irakurle lanpetuon taldeak literatur jaialdiaren hirugarren edizioa antolatu du eta astebukaera honetan ospatuko da Gasteizko Gaztetxean. Taldeko kide bat elkarrizketatu du Hala Bedik jaialdiaren inguruan eta irakurle taldearen nondik norakoez jakiteko.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko ekainaren 5ean - 13:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Gaur bertan emango diote hasiera literatura jaialdiari Gasteizko Gaztetxean. Arratsaldeko 17:00etan eta larunbat gauera arte luzatuko den egitaraua aurkeztu du Azpimarra taldeko kide batek.

“Azpimarra irakurle lanpetuon taldea” bezala izendatzen duzue zuen burua. Izenak taldekideon errealitatea islatzen du edo nondik elkartzen zareten azaltzen duen adierazpen bat da?
Azpimarra, esan dezakegu, beste gauza askoren artean, badela arazo indibidual bati aurkitu diogun erantzun kolektiboa. Arazo hori da lanak eta ikasketek markatzen duten bizimodu frenetikoen erdian, askotan, zaila dela kalitatezko tarteak aurkitzea irakurtzeko. Ez bakarrik irakurtzeko, baizik eta gure ustez interesgarriak izan daitezkeen gauzak irakurtzeko, elkarren artean partekatzeko, ondo zukutzeko irakurtzen ditugun gauzak eta hausnarketarako tartea ateratzeko.

Zentzu horretan auto-izendatu genuen gure burua modu pixka bat ironiko batean “lanpetu” bezala. Azpimarra bera sortzen delako ezintasun batetik edo frustrazio batetik, gehiago irakurri nahi izan baina ezin ahal izatetik. Horregatik deitzen da horrela, txiste moduan ere bai. Aurkitu dugu talde bat, biltzerakoan nolabait, norberak zuen frustrazio indibidual horri erantzun kolektibo bat eman eta guztion artean elkar motibatzeko. Baita denon artean irakurtzeko grina pizteko eta irakurtzeko bultzada hori jasotzea guztion artean motibatuz. 

"Lanak eta ikasketek markatzen duten bizimodu frenetikoen erdian, askotan, zaila da kalitatezko tarteak aurkitzea irakurtzeko"

Liburuen inguruan elkartzen zarete. Irakurketa normalean bakarka egiten den lan bat da. Zuek isolamendu hori apurtu eta kolektiboan egiten duzue lanketa. Zer irakatsi dizue prozesu honek?
Taldean irakurtzeak alde batetik balio digu gure artean elkar motibatu eta pixka bat, zentzu onean, elkar derrigortzeko irakurtzera, konpromiso bat hartzen dugulako besteekin. Baina horretatik haratago ere bai ikusten dugu balio digula liburuei zukua ateratzeko, liburuetatik haratago egon daitezkeen eztabaida politiko edo dena delakoei heltzeko. Askotan bakoitzak bere perspektibatik liburuan gauza ezberdinak azpimarratzen ditu edo gauza diferenteek deitzen diote atentzioa. Ikusten duguna da elkartzerakoan batak eta besteak daukan ikuspegi hori bateratuta guztiok bueltatzen garela beti etxera holako sentsazio batekin, liburua berriro irakurri izango bagenu bezala, edo liburuari zuku askoz gehiago aterako bagenion bezala. Orduan, ikusten dugu irakurtzea nahiz eta ekintza indibidual bat den bere horretan, eta hori horrela den eta ondo dagoen, irakurtzearen ekintzak inplikatzen dituen beste gauza batzuk kolektiboan ere egin daitezkeela, irakurketa gero komentatzea edo elkar motibatzea izan daitekeen bezala. Hori da ematen diguna taldeak.

Hirugarren urtez egingo duzue Gasteizko Gaztetxean literatura jaialdia. Zer aurkituko dute bertara gerturatzen direnek?
Aurten hirugarren aldiz antolatu dugu Poesia mailu bat da jaialdia. Urtero mimo handiz egiten dugun jaialdi bat da, Gabonen bueltan hasten gara lehenengo ideia batzuei buelta bat ematen, eta poliki-poliki asanblada irekien bidez eta ikasturtean zehar irakurle taldean biltzen den jendea inplikatuz, eta batzuetan jende berri bat ere lanera txertatuz, guztion artean antolatzen dugun jaialdi bat da. Aurten, justu, bi egunetakoa izango da.

Ostiralean bi tailer izango ditugu. Alde batetik idazketa tailer bat fabulak idazteari buruzkoa, eta beste bat reel edo bideo formatuko poesiari buruzkoa. Gero, aurreko urtean bezala, errepikatuko dugu poesia mikro irekia eta bukatzeko izango dugu Xak taldearen kontzertua. Larunbatean, berriz, agurrarekin hasiko dugu arratsaldea, bertso batzuk izango dira segur aski. Horren ostean izango dugu mahai ingurua, ipuingintzari buruzkoa izango dena, eta etorriko dira Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez. Horren ostean, Aner izeneko kantautore bat egongo da, gehienbat Silvio Rodriguezen bertsioak egiten, baino orokorrean horrelako kantu iraultzaileak abesten eta bertsioak egiten. Horren ostean, ari gara prestatzen poesia ekitaldi bat deitu dioguna Zuzenean teilatutik, non sorpresa dezente egongo diren. Eta bukatzeko, izango dugu Koimbra taldearen kontzertua, haien debuta izango dena. Gasteizko talde berri bat da.

Egitarau konkretuaz gain, bertan jendeak aurkituko duena izango da giro ona, izango dira aldarrikapen politikoak, izango da hausnarketarako tartea, baina bereziki ondo pasatzeko eta elkartzeko puntu bat. Orokorrean literaturaren bueltan ibiltzea gustatzen zaion jendeak gure artean ezagutu eta komunitate hori sortzeko espazio bat. Baita ere komunitate hori zabaldu eta nahiz eta literatura bereziki gustatu ez, egitarauko beste kontuengatik hurbildu eta gustura egon daitekeen jendea. Saiatzen gara, baita ere, gauza anti-intelektualak egiten, edozeinentzako erakargarriak izan daitezkeen gauzak. Literaturako friki sakonena izan edo besterik gabe interes minimo bat piztu eta gustura egoteko tokia sortu nahi dugu. Mundu guztiarentzat giro eroso bat sortu nahi dugu pedantekeriarik gabe, bai jaialdian eta bereziki egiten ditugun saioetan.

"Uste dugu literatura konprometitu bat beharrezkoa dela gaur egungo mundu bortitz honen aurrean"

Jaialdiaren izenak ozen hitz egiten du bere horretan: Poesia mailu bat da III. Hitzek gogor kolpatzeko gaitasuna dutela aitortu eta literaturak mundua eraldatzeko duen gaitasuna aldarrikatzen duzue. Nola eraikitzen da erresistentzia poesiatik?
Iruditzen zaigu nahiko inportantea dela, segur aski, hori gabe zentzua galduko lukeelako aurretik esan dudan guztiak. Hau da, uste dugu literatura kolektiboan egin daitekeela, literaturak balio dezakeela hausnarketak sustatzeko, kontzientziak pizteko eta abar. Uste dugu literatura konprometitu bat beharrezkoa dela gaur egungo mundu bortitz honen aurrean. Literaturak berak bakarrik segur aski ezin du mundua salbatu, baina literaturak edo literaturatik egin dezakegu ekarpena mundu hobe baten aldeko borroka horretan, aurretik egon diren idazle eta artista pila batek erakusten diguten moduan.

Uste dugu gaur egun bizi dugula horrelako garai bat, non desprestigio bat egon daitekeen arte politikoarekiko edo zuzenean konpromiso politikoz egiten den artearekiko. Horren aurrean nahi dugu aldarrikatu, aurretik egin den bezala. Gaur egunean, forma berriak bilatuta eta literatura berrituta, edozelan ere beharrezkoa da garaiak exijitzen duenari erantzutea literaturatik; hortik ere ere borrokarako deia luzatu daiteke. Horregatik hartu dugu Gabriel Arestiren figura, gurera ekarri nahian, segur aski Euskal Herrian daukagun figura erreferenteetako bat delako artea modu politiko batean ulertzen, eta horregatik hartu dugu bere esaldia, “poesia mailu bat da”, eta horrekin ibiltzen gara urtero.


Literatura kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...