argia.eus
INPRIMATU
2026ko ekainaren 1
ANALISIA
Pobretuen aurkako gerra Gasteizen
ARGIA

Akordatzen naiz, 2003an Argentinara bidaiatu nuenean, astindu egin ninduela kale gorrian bizitzen eta supermerkatuen sarreretan eskean ikusi nuen jende kopuruak. Arpilatze neoliberalaren eta corralito-aren osteko urteak ziren. Gogoan dut bortitza egin zitzaidala horren guztiaren normaltasuna, pobrezia hura paisaiaren parte baitzen ordurako, jendearen joan-etorrien arteko dekoratu. Gasteizen paisaia ez baitzen berdina. Gaur da eguna, ordea, pertsona bat hiriko edozein kale txokotan lotan ikusteak arreta deitzen ez diguna; sarreran eskale bat duten supermerkatuek ez, ez dutenek pizten digute arreta.

Gasteizen kalean bizi diren herritarren kopuruak %1,091ko hazkundea izan du zortzi urtetan, udalaren datuen arabera: 2008an 24 ziren; 2026an 262. Kalean lan egiten duten Hurbil taldeko profesionalek lonja edo lantegietan lan egiten duten 177 pertsona dituzte identifikatuta. Neguan udalak kalean bizi diren pertsonei gauetan ostatu emateko 291 plaza izan ditu hainbat baliabide bidez (CMAS, Aterpe, tutoretzapeko etxebizitzak...). %100eko erabilera izan dute, eta itxaron zerrenda plazen hirukoitza izatera heldu da: 873 pertsona negu gorrian kalean “itxaroten”.

Gasteizen kalean bizi diren herritarren kopuruak %1,091ko hazkundea izan du zortzi urtetan, udalaren datuen arabera: 2008an 24 ziren; 2026an 262

Maiatzaren 19an Gasteizko Udaltzaingoak Jesus Guridi Musika Kontserbatorioaren aterpeetan bizi ziren pertsonak kanporatu zituen eta beren jabetzak lapurtu.

Maiatzaren 27an Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak URSSA eta EGA lantegi abandonatuak hustu, 119 pertsona identifikatu, dokumentazioa lapurtu eta hitzordua jarri zien Atzerritartasun Bulegoan, askorentzat kanporatzea ekarri dezakeena. Eraso kate baten azken(aurreko) katebegia izan zen. Bi aste lehenago, goizeko 03:00etan, Ertzaintzak biolentzia handiz aterarazi zituen URSSAko bizilagunak, ilaran jarri, banan-banan grabatu eta koloreka sailkatu zituen (berdeak “onak”, laranjak “ez hain onak”, gorriak “gaiztoak”). Hurrengo egunean berriz ere bueltatu zen Ertzaintza; URSSAtik laster botako zituztela ohartarazi zieten, eta Errekaleor auzo okupatuan indarrez sartzera bultzatu zituzten. Argindarrik eta urik gabe bizi direla salatu dute, zabor eta arratoi artean.

Maiatzaren 31n 50 pertsona “kale gorrian” utziko dituztela salatu du Salburuako Harrera Sareak. Egunez Espainiako Poliziaren komisaria aurrean bizi dira, maliarrak dira gehienak, hilabeteak dira asilo eskaera egin zutela. Negu gorria hasi zenean, auzokideek lo egiteko tokia lortu zieten bi parrokiatan eta auzo elkartean. Harrera sareak jakinarazi du igandetik aurrera parrokien aterperik gabe geratuko direla.

Haurra nintzela astindua sentitzen nuen inor eskean ikusten nuen bakoitzean, “nik etxea dut eta berak ez”, pentsatzen nuen, zentzugabekeria sinistu ezinik

Akordatzen naiz haurra nintzela astindua sentitzen nuela inor eskean ikusten nuen bakoitzean, “nik etxea dut eta berak ez”, pentsatzen nuela, zentzugabekeria sinistu ezinik. Akordatzen naiz izebek behin 500 pezetatako txanpon erraldoia eman zidatela –dirutza haur harentzako–, pauso batzuetara eskean ari zen emakumea gurutzatu nuela, eta txanpona eman niola.

Haur hura hil zen, eta inoiz tarte batez berpizten bada ere, berarekin joan ziren justiziazko jarrera oinarrizkoenak, sentiberatasuna, harritzeko eta harrituz sumintzeko gaitasuna. Eta zure haurra, irakurle, bizi al da? Eta gure haur kolektiboa, zertan da? Biderkatzen jarraituko duten pobretuek zer aurkituko dute gugan, haurra, ala polizia?