‘Pizkundearen Korrika’ deitu diote 24. edizioari

  • Korrikaren 24. edizioaren balorazio positiboa egin dute Ane Elordi Korrikaren arduradunak, AEKko Nazio Kontseiluko kideek eta lekukoaren mezua idatzitako zazpi egileek. 12. eguna ekimena aurkeztu dute: Korrikan parte hartu duten eragileek euskararekiko konpromisoa mantentzeko ariketa. 

     

Korrikaren 24. edizioaren balorazioa egin dute. AEK Koordinakundea

2026ko martxoaren 30ean - 17:37
Azken eguneraketa: 2026-04-01 08:08
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Pizkundearen Korrika amaitu biharamunean agerraldia egin du AEKk Korrikaren 24. edizioaren lehen balorazioaren berri emateko. Pizkunde ezizena jarri diote, 24. edizioa pizkunde berrirako "txinparta" izan baita, horrela uste dute. Izan ere, Ane Elordi Korrikaren arduraduna, AEKko Nazio Kontseiluko kideak eta lekukoaren mezuaren zazpi egileak bat etorri dira aurtengo edizioak parte hartze "masiboa" izan duela, inoiz baino lekuko hartze gehiago izan dituena: 3.400. Elordik adierazi du “babes zabala” izan duela edizioak: “Ez da egon jende gutxiko kilometrorik”. Hauspo hori baliatuta,  12. eguna deituriko ekimenaren berri eman du Elordik eta “parte hartu duten eragile guztiei konpromisoa” eskatu die, lekukoa eramatearen “sinbolismotik” haratago, ordezkari politikoek haien “babes juridiko eta politikoa” eman dezaten eta “Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur” ditzaten, Korrikak “11 egun horietatik haratago” joan behar duelako. 

“Euskal Herri Euskalduna, horixe da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna” azaldu dute igandean Bilbon eta asteleheneko balorazioan, eta euskararen etorkizunerako “guztioi dagokizun erantzukizuna” hartzea eskatu dute. Hori horrela, aipatu ekimenaren ildotik euskara ikasi eta praktikatzeko helburuarekin jarduera ezberdinak antolatu dituzte: apirilaren 22an doako ordubeteko eskolak antolatu dituzte 100 euskaltegitan euskara ikasten hasi direnentzat; eta maiatzaren 21ean berriz, 65 mintzodromo antolatu dituzte Euskal Herrian zehar. 

Elordik adierazi du Korrikak  “Iruñean egingo den ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxara begira" jarri dituela, eta “euskaltzaletasuna elikatzeko herritar bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa” dela; “euskara garelako eta izango garelako”.

 

 


Irakurri gehiago: Korrika Euskara Euskalgintza
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.