PISA azterketak Hego Euskal Herrian utzitako emaitza txarrek ez dute oro har harridura handiegirik utzi hezkuntza komunitatean, baina bai kezka. Teknologia, irakurtzeko denbora, hizkuntza ereduak, migratzaileak… hartu dituzte jomuga batzuek eta besteek, kritika gurutzatuak tarteko.
PISA nazioarteko proba ezagunak interes jakinak eta gabezia ugari ditu, ez du lurralde bakoitzaren testuingurua kontuan hartzen, ikasleek ez dute ikastetxean proba eredu hori aurretik lantzen eta, dena esate aldera, ikasle askoren motibazioa ere ez da ziurrenik beste azterketa batzuen aurrean duten mailakoa. Behin hori guztia esanda, PISAk utzitako datu ilunak aztertzeko beharra nabarmendu dute adituek. Astebetean, erreakzio sorta ez da txikia izan.
Teknologia digitala. Haur eta gazteek (ere) gaur egun duten pantailen kontsumo neurrigabea da adituek gehien errepikatu duten faktorea, zalantzarik gabe. Are, PISAren antolatzaileek eurek –eskoletako digitalizazioa bultzatu zuten berberek– seinalatu dute emaitza kaskarren arrazoi gisa. Scroll amaigabeen, sare sozialen eta estimulu zaparradaren garaiotan, arretari eta esfortzuari eragiten ari zaiola garbi dute egunotan hitz egin duten adituek. Etxeko kontsumoa jarri dute fokua, baina baita eskoletako digitalizazio prozesuan ere. EAE, Nafarroa eta Katalunia dira eskoletan digitalizazio maila handiena dutenak, hain justu PISA txostenean beheranzko nabariena izan dutenak. Zehazki, Espainiako Estatuan eskolan pantaila gehien erabiltzen duten ikasleak EAEkoak dira: hiru ordu baino gehiago egunean. Eskolan dauden bitartean, EAEko ikasleen %46ak egunean gutxienez lau ordu ematen ditu pantaila baten aurrean (Espainiako Estatuan, batez beste, %17ak).
Europa mailan ere, ikasgelan teknologia digitalarekin denbora gehien igarotzen duten ikasleak EAEkoak direla azpimarratu du Lucas Gortazar adituak, eta erkidego bakarra dela telefono mugikorren erabilera arautua ez duena. “Eskua joan zaigu teknologiaren aferarekin”. Telmo Lazkano Altxa Buruako kideak ikerketak aipatu ditu: “Eskolan zenbat eta denbora gehiago eman pantailen aurrean, orduan eta emaitza kaskarragoak”. Eta hain justu, digitalizazio planek gurean protagonismo handia izan dutela gogoratu du STEILAS sindikatuak: hezkuntza sailek “Chromebookez eta arbela digitalez hornitu zituzten gure eskolak, joera pedagogista hutsalak sustatuta”.
Ildo berean seinalatu dute adimen artifizialaren erabilera. Maila sozio-ekonomiko altuko ikasleek emaitza txarrak atera izana horrekin lotu du, adibidez, Nelida Zaitegi pedagogoak.
Oraingoan ere, ordea, ohiko mezua zabaldu du Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak: teknologia berrien erabilera ezin dela “deabrutu”. Gogoratu behar dugu digitalizazio prozesuan indar handia egin duela Jaurlaritzak. Pasa den ikasturtean bertan, 24,5 milioi euroko kostua izan duten pantaila erraldoiak instalatu dituzte EAEko ikastetxeetan (BEZa kontuan hartu gabe), web-kameretara 11 milioi euro bideratu dira eta ikasgeletako ordenagailu berriak erostera 8 milioi euro.
Denboran arreta mantentzeko gaitasun faltarekin lotu du Gortazarrek irakurtzeko zailtasuna
Irakurtzeko denbora. Irakurtzeko eta irakurritakoa ulertzeko gaitasunak jaso du danbateko handiena PISAn. Irakurritakoa ongi ez ulertzeak, gainera, errenkadan dakar gainerako ikasgaietan ere huts egitea. Gaur egun gutxiago irakurtzen dela argudiatu du hainbatek. Pedrosaren esanetan, aldiz, datu ofizialen arabera inoiz baino gehiago irakurtzen dute nerabeek, baina “aurrean testu zailago bat jartzen diegunean, zehatzagoa, teknikoagoa, zerbaitek ihes egiten digu”. Denboran arreta mantentzeko gaitasun faltarekin lotu du Gortazarrek, eta irakasle bati baino gehiagori ere irakurri diogu, liburu bat patxadaz irakurtzea gehiago kostatzen zaiela gazteei, eta irakurketa planak inoiz baino beharrezkoagoak direla, misterio handirik gabe: egunero irakurtzea. Ikasleengan testuak ulertzeko zailtasunak antzematen dituela honela kontatu zion ARGIAri Nora Uribeetxeberria irakasleak: “Ez daude irakurtzera ohituta, eta horrek zerikusia du, gainera gaur egungo gizarteak ez du batere laguntzen: inguruan ikusten dudana da, eta txiki-txikitatik, mugikorrekin eta tabletekin aritzen direla eta estimulu oso azkar eta zaratatsuetara daudela ohituta, gero patxadaz eseri eta irakurtzen jartzea kosta egiten da. Eta kosta egiten da Haur Hezkuntzatik hasita. Azken urteetako joera nabarmena da”.
Ez da berria PISAren emaitza txarrak migratzaileei, maila sozio-ekonomiko baxuko ikasleei edota “geletako aniztasunari” egoztea, baina EAEk aurkezturiko ikasleen lagina izan da indize sozio-ekonomiko eta kultural altuena duena
Murgiltze eredua. Hautsak harrotu ditu Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politiken sailburuak. Emaitza txarren atzean dagoen faktoreetako bat euskarazko murgiltze eredua dela aipatu du, azterketa egin duten ikasleetako batzuek hizkuntza gaitasun nahikoa ez dutela-eta. Sailburuaren hitzak “arduragabekeria” direla salatu du EH Bilduk, eta murgiltze eredua auzitan jartzeko aprobetxatu du CCOO sindikatuak PISAren deskalabrua. Kontuak kontu, sailburua eta sindikatu espainol hori ez dira euskara (edota gaztelania) menderatzen ez duten ikasleengan fokua jarri duten ahots bakarrak. Beste ikuspuntu batetik heldu dio gaiari LAB sindikatuak, sailburuaren hitzak kritikatuta eta murgiltze ereduan gehiago sakondu behar dela iritzita: “Euskara gaitasuna indartzeak ekarriko ditu emaitza hobeak”.
Migratzaileak. Ez da berria PISAren emaitza txarrak migratzaileei, maila sozio-ekonomiko baxuko ikasleei edota “geletako aniztasunari” egoztea, denek maila duina lortzea eta ekitatea bermatzea hezkuntza sistemaren egitekoak ez balira bezala. Azken PISAn, ordea, maila sozio-ekonomiko altuko ikasleek ere emaitza kaskarrak izan dituzte, eta Madril kenduta, EAEk aurkezturiko ikasleen lagina izan da indize sozio-ekonomiko eta kultural altuena duena. Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, halere, adierazi du azterketara aurkeztutako ikasleen artean migratzaile tasa handiena duen laugarren erkidegoa Nafarroa izan dela, eta hori dela emaitzei gehien eragin dien faktorea. STEILASek erantzun du segregazioa ezin dela ondorio partzialak ateratzeko erabili eta Gimeno izan dela murrizketak ezarri dizkiena landa eremuko ikastetxeei. LABek ere adierazpen “klasistak eta arrazistak” alboratzeko eskatu dio, eta aniztasunari arreta emateko baliabide gehiago jar ditzala, indarrean dauden ratioak txikituta.
Hezkuntza sailek datu eta ondorio zaparrada xehe-xehe argitaratu dezatela eskatu dute eragileek, nahiz eta herritarroi ematen diguten ebaluazio hauen inguruko datu eta ondorioen gaineko informazioa gero eta murritzagoa den
Eta gehiago. Egungo familiak zenbat inplikatzen dira seme-alaben ikasketa-prozesuan? Etxean nola mugatzen eta arautzen da pantailen erabilera? Irakasleek nola berrikusi behar dute beren jarduna? Curriculumean egin diren aldaketek izan al dute eraginik emaitzetan? Hego Euskal Herriko administrazioek bideratutako ebaluazio diagnostikoak nola ezkontzen dira PISAren emaitzekin? Galdera eta elementu ugari dago oraindik aztertzeko, eta hezkuntza sailek datu eta ondorio zaparrada xehe-xehe argitaratu dezatela eskatu dute eragileek, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak azken proban inoizko laginik txikiena aurkeztu duen (eta beraz, datu gutxiago jasoko dituen bueltan) eta nahiz eta azken urteetako esperientzia den txosten gero eta laburragoak kaleratzen dituela, eta beraz, herritarroi ematen zaigun datu eta ondorioen gaineko informazioa gero eta murritzagoa den.