Joan den astelehenean, hilaren 7an, epaitu dituzte Txuri Ollo eta Ivonne Chokarro Nafarroako Lurralde Auzitegian. Auzi berean dago, halaber, Mohamed al Massri gazatarra. Sei hilabeteko kartzela zigorra –urtebete eskatzen zieten– eta bi urteko aurrekari penalak ezarri dizkiete Iruñean Palestinaren alde eta Israelen aurka egindako pintaketa batzuengatik.
Goazen gertaeretara. Pintaketak egin zenituzten Iruñean, San Saturnino elizan, eta Frantziako atarian, Palestinarekiko elkartasunez. Zer zioten pintaketek eta zergatik egin zenituzten?
Leku gehiagotan ere egin genituen, San Frantzisko plazako komunetan, adibidez, baina beste bi horiengatik zigortu gaituzte. Une horretan urtebete generaman Palestinako genozidioarekin eta guk egoera hori salatu nahi genuen. Lan asko egin dugu instituzioetan eta beste hainbat lekutan exijitzeko nazioarteko auzitegiek Israelen aurka emandako genozidio ebazpena betetzeko. Erakundeek jo dezakete Israelen aurka zigorrak ezarriz, harekin harremanak moztuz edo, gutxienez, haren aurkako kautelazko neurriak hartuz, baina inork ez du horrelakorik egin. Hitzarekin ez digutenez kasurik egiten, pintaketa horiek egin genituen egoera hori salatzeko eta arreta erakartzeko.
Pintaketak nahita egin zenituzten bi gune babestu horietan?
Ez, eta esan dizut, beste batzuetan ere egin genituen. Ez ginen kontziente bi toki horiek ondare historiko eta kulturala zirenik. Gu paretetan ari ginen eta, gainera, bestela ere, San Saturninoko eliza pinturaz betea dago.
Epaiketara iritsi aurretik justizia errestauratiboan aritu izan zarete urtebetez. Nola joan da prozesu hori?
Lau bilera egin genituen ANAME Nafarroako Bitartekaritza Elkarteko María Rovira abokatuarekin. Ez da auzitegi barruko organo bat, baina hor barruan dute bulegoa. Lehen bileran oso ongi hartu gintuen eta dena azaldu genion, biluztu ginen. Hurrengo bietan oso zorrotz etorri zen, zartailuarekin, bere asmoak inposatzeko asmoarekin, eta azkenean berriz goxo-goxo. Azkenean, sinatu behar izan genuen delitu larria egin genuela. Nik esan nion hori konfesatokia bezalakoa zela: aitortzen duzu, damutzen zara, ez duzula gehiago egingo diozu, penitentzia... Hamahiru puntuetatik birekin bakarrik nengoen ados, baina nazkatuak ginen prozesuarekin urte osoan bueltaka, eta sinatu nuen “por imperatibo legal” (legeak behartuta). Guk uste genuen horrekin bukatuko zela, baina ez, azkenean epaitegira joan behar izan dugu.
Iruñeko Udalarekin eta Gotzaindegiarekin ere izan zarete.
Rovira abokatua ere egon zen haiekin eta gu ere bai, baina bakoitza bere aldetik. Horietako batek ere ez du gure aurkako salaketarik jarri.
Publikoki esan duzue onartzen duzuela zigorra, baina ez dela delitua. Azalduko duzu hori?
Pintaketak egiten harrapatu gintuzten, beraz, hori ezin dugu ukatu, eta gainera harro gaude horrekin. Baina ez dut onartzen hori delitu larria denik. Nork egiten ditu legeak? Nork inposatu? Bai, zikindu dugu eta garbitu dezakegu. Hori delitu txikia da, delitu larriak Gazakoak eta Palestinakoak dira, eta hemengo eta nazioarteko auzitegiek eta gobernuek ez dute ezer egin. Larria gurea da eta hiltzea ez? Zer munduan gaude? Euskal Herrian bertan kolaborazionismo handia dago Israelekin, instituzio eta enpresen aldetik, CAF eta beste enpresa asko hor daude... Inork ez du Israelekin moztu, ezta haren aurkako zigorrik jarri ere.
Israelek jarraitzen du ehunka palestinar hiltzen, baina jaitsi egin da Palestinarekiko mobilizazioa gizartean. Antza, jendea nekatu egiten da. Baduzue halako kezkarik?
Bai, jaitsi egin dira mobilizazioak, jakitun gara. Balizko bake akordioak izan ziren duela urtebete-edo, eta su-etena sinatu zen; alabaina, egon da su-etenik Gazan, Israelek 1.300 pertsona baino gehiago hil dituenean? Bistan da ezetz. Gosez daude, ur zikinarekin, argirik gabe, ospitaleak eta eskolak txikituta... Hedabideetatik ere duela urtebete baino askoz gutxiago salatzen da hori guztia. Guk jarraituko dugu eta zerbait egin behar dugu arreta deitzeko.
Ulertzen dut BDZri buruz ari zarela. Eman dira urratsak boikot ekintzetan eta horrelakoetan?
Bai, gu Boikot Desinbertsioak eta Zigorrak taldekoak gara. Esan dugu, orain behera egin du elkartasunak, baina ezin da konparatu gu hasi ginen garaiarekin, egoera asko hobetu da. BDZ kanpaina duela hogei urte hasi zen, ni hasieratik nago hor. Duela hiru urte hamar-hamabost lagun biltzen ginen, gehien jota hogei, eta gaur egun, hiru urtez, 300 lagunetik gora elkartzen gara asteartero Iruñean, ohikoan Udaletxe plazan. CAFeko kanpainak daude, bestelako mobilizazio handiak, dozenaka hitzaldi eskoletan eta kultur etxeetan...
Badago aldaketa handi bat eta eusten diogu. Urte hauetan guztietan Israel asko desprestigiatu da. Israelgo produktuen boikota hazi egin da, zeresanik ez kirol eta kultur mailako boikotak; begira 2025eko Espainiako txirrindularitza itzulian... aurten ez dira pasatu ere egin Euskal Herritik. Carrefourrek ez dakit nabarituko dituen gure kanpainen ondorioak, baina gu pasatzen garenean ateak ixten ditu. BDZ Hegoafrikan egin zuten kanpainan dago oinarrituta; han 30 urte behar izan zituzten, eta guk hogei daramatzagu. Ea beste hamar urte baino lehen zerbait aldatzea lortzen dugun. Guk gurean jarraituko dugu.