Aurten bertan Petronorrek hainbat istripu izan dituela-eta, Eusko Legebiltzarrera azalpenak ematera joan da Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua, EH Bilduk eskatuta. Inguru hartako segurtasuna eta osasuna bermatzeko petrolio-enpresa eta Jaurlaritza elkarlanean direla nabarmendu du.
Haserre agertu da EH Bildu: duela zazpi hilabete eskatu zuen sailburua Legebiltzarrera joan zedin azalpenak ematera, baina astearte honetan egin du agerraldia Jauregik. Muskizko (Bizkaia) Petronor enpresak hainbat istripu izan dituela eta inguruko herritarrak kezkatuta daudela gogoratu du Amancay Villalba koalizioko legebiltzarkideak. Azpimarratu du "herritarren segurtasuna eta osasuna arriskuan" daudela eta petrolio-enpresan badela zer hobetu.
Petronorrek izandako bentzeno ihesaren ondorioz, herritarrei etxean geratzeko deia egin zien Jaurlaritzak joan den otsailean, eta horren harira eskatu zuen agerraldia EH Bilduk, baina Villalbak nabarmendu du ordutik istripu gehiago izan direla. “Uztailean zuziak piztu egin ziren berriz ere, eta jendea, berriro ere, kezkatu egin zen. Petronorri kontrol zorrotza egin behar zaio, inguruko eragileekin komunikazio kanalak definitu behar dira, ikerketak egin, aire kalitatearen neurketak, eta hori guztia gardentasunez”.
Mikel Jauregiren hitzetan, helburu partekatua dute petrolio-enpresak eta Jaurlaritzak: “Instalazioen segurtasuna indartzea eta langileak, herritarrak eta ingurua babestea”. Otsailetik hona gertaturiko gainerako alarmak aipatu ditu. Ekainean, “balio ezohikoak” detektatu zirenean, “analizatzaileen hutsegite bati” egotzi zitzaizkionak, “ingurua zaintzen” aritu zirela azaldu du.
Uztailean zuziak huts egin izana konpresore baten matxurari leporatu dio. Instalazioaren “jarraipen espezifikoa” egin zela, Osasun Publikoarekin koordinatu zirela eta enpresari informazioa eskatu zitzaiola aipatu du. Eta orduko hartan jada azaldu zuela, Osasun eta Segurtasun sailekin koordinatuta lan egiten zutela, “aire kalitatearen jarraipen etengabea eginda eta herritarren segurtasuna eta osasuna lehenetsita”.
Abuztuan sufre dioxido maila gainditu zela-eta, enpresak “berehalako neurriak” ezarri zituela eta ikuskaritzak eskatutako informazioa bidali zuela gehitu du.
Jauregiren arabera, Petronorren inguruan dauden lau kontrol estazioetan erregistratu den aire kalitatearen urteko batez bestekoa legezko mugen barruan dago, isurtzen duen bentzeno mailari dagokionean.