Petronorren geldialdiari egotzi dizkiote kiratsa eta kutsatzaile batzuen balore altuak

  • Egunotan Muskizen “kirats jasanezina” jasaten ari dira herritarrak. Turruntero elkarteko Amelia Garciak esan digunez, egunik txarrena urtarrilaren 14a izan zen: “Usaina ez ezik, begietan azkura, eztarriko narritadura eta arnasa hartzeko zailtasuna igartzen zen”. Sintoma horiek amoniako emisioren batek eragin ote zituen susmoa du Garciak –“airearen kalitatea neurtzeko kabinek ez dute amoniakoa atzematen”–, baina susmoarekin konformatu behar; izan ere, Turruntero elkartea kexu da administrazioak ez diela ematen eskatutako informazioa.


2015eko urtarrilaren 28an - 06:21
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Herritarrei Petronorren jarduerari buruzko informazioa ukatzen zaiela salatu du Muskizko Turruntero elkarteak (Arg.: Etxaburu-CC By SA).

Bost urtean behin hainbat unitate gelditzen ditu Petronorrek, mantenu lanetarako. Enpresak prentsa ohar batean zabaldu badu ere –eta medio gehienek jaso– otsailaren 2an hastekoa dela geldialdia, urtarrilaren 15ean hasteko asmoa adierazi zien, fax bidez, Muskiz eta Abantoko udalei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari, besteak beste.

Egun bat lehenago gertatu zen Amelia Garciak kontatutakoa. “Udalak erantzun zidan esanez SOS Deiak-ek Petronorrera deitu zuela eta enpresak esan zuela ez zegoela inongo arazorik”.

Urtarrilaren 14ko goizean, hain zuzen, San Julian auzoan –hor bizi da Garcia– Petronorrek berak ezarritako kabinak bentzeno kontzentrazio handia neurtu zuen airean: 46,7 mikrogramo metro kuboko.

Kopuru hori ez da legez kanpokoa, araudiak ez baitu ezartzen une jakin baterako gehienezko bentzeno kontzentraziorik, urteko batez besterako muga bat baizik. Muga hori metro kuboko bost mikrogramokoa da.

Egun berean, Abantoko estazioan, Petronorren inguruan halaber, onartutako NOx kontzentrazioa –200 mikrogramo metro kuboko– gainditu zen bi ordutan. Ingurumen Sailaren webgunean jasota dauden datuen arabera, urtarrilaren 7tik 14ra bitartean gutxienez 21 aldiz gainditu du ordubete baten barruko langa hori Abantoko kabinak –emaitza altuena 355 mikrogramokoa izan zen, urtarrilaren 7an–; legearen arabera, urte berean asko jota hamazortzi aldiz gerta daiteke hori, baloreak osasunerako segurutzat jotzeko.

“Enpresak dioena dioela, datuek erakusten dute zer edo zer gertatzen ari dela; beste batzuetan argudiatu dute araudiaren barruan daudela, baina oraingoan marra gorria gainditu dute”, kexu zen Amelia Garcia Muskizko Udalari igorritako mezu batean.

Petronorrek berak iragarri zuen Ingurumen Baimen Bateratuaren eskariak betetze aldera bere jardueraren eta estazioek neurtutako baloreen arteko harremana maiztasun handiz aztertuko zuela, "baina herritarroi informazioa ukatzen digute”, salatu du San Juliangoak, “emaitzak askotan eskatu ditugun arren, ez dakigu azterketa hori egiten den”.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Petronor
Lemoako Bistibieta zabortegian egon liteke 'Prestige' hondamendian euskal kostaldean bildutako galipotaren %37

Elkarrekin-Podemos taldeak informazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Lemoako Bistibietako zabortegian egon daitekeen hondakinen inguruan. Ekologistek sarritan salatu dute bertan gorde zituztela 2002an hondoratutako Prestige petroliontziak askatu eta euskal arrantzaleek itsaso... [+]


Petronorrek erraustegietako hondakinak jaso eta eraldatzeko proiektua aurkeztu du

Zierbenako portuan planta bat eraiki nahi du enpresak. Arriskutsutzat jotzen diren hondakinak eraldatu eta hormigoi eta baldosen bidez, besteak beste, eraikinetan eta obra publikoetan sartu nahi ditu.


Petronorren obra batzuk geldiarazi ditu Muskizeko Udalak

Lizentzia-eskaeran “hainbat artxibo osatu gabe zeudelako” obrak geldiarazteko dekretua sinatu du Muskizko alkate Edu Brionesek.


2023-07-10 | Jon Torner Zabala
"Petronorrek kirola zikintzen du" mezua zabaldu du Greenpeacek Zierbenako estropadan

"Petronor eta Repsol dira Euskadin eta Espainiako Estatuan hurrenez-hurren CO2 gehien isurtzen duten konpainiak", salatu du Greenpeacek. "Gisa honetako ekitaldiak baliatzen dituzte haien irudia garbitzeko".

 


Eguneraketa berriak daude