Petrolio enpresa handienek etekinak bikoiztu dituzte Iranen aurkako erasoak hasi zirenetik

  • AEBen eta Iranen arteko gerrak Ormuzko itsasartea erabat baldintzatu du, Iranek blokeatu egin baitu estatubatuarren erasoen aurrean. Ondorioz, petrolio enpresa handienek ia 70.000 milioi dolar mugitu dituzte azken hilabeteetan. Iranek esan du itsasartea itxita dagoela eta Omanekin adostasun batera iritsi dela haren kudeaketari dagokionez. AEBek Oman erasotzearekin mehatxatu dute, hark elkarrizketak "oztopatuz" gero. 


2026ko abuztuaren 19an - 09:05
Azken eguneraketa: 11:02
Ormuzko itsasartea, artxiboko irudia. Efe
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urte erdia igarota, ekonomian AEBen eta Iranen arteko gerraren zantzuak antzeman daitezke. Munduko petrolio enpresa handienek irabazi historikoak eskuratu dituzte; 2026ko bigarren hiruhilekoan, ia 70.000 milioi dolarreko diru fluxua sortu dute. La Vanguardia egunkariak jaso du albistea, Bloomberg merkataritza eta analisien enpresaren datuak bilduta. Otsailean gerra hasi zutenetik, Ormuzko itsasartea tentsio gune bilakatu da, eta berebiziko garrantzia bereganatu du haren gaineko kontrolak, nazioarteko petrolioaren eta gasaren zati handi bat bertatik igarotzen delako. 

ExxonMobil, Chevron, Sheel, TotalEnergies eta BP petrolio enpresak dira, besteak beste, inoiz baino dolar gehiago mugitu dituztenak. 2022an Ukrainako gerra hasi zenean 60.000 milioi dolar inguruko diru fluxua eragin zuten; aurten, baina, ia hamar milioi dolar gehiago. Era berean, enpresa horien guztien irabazi garbiak batuta eta iazko epe berdinekoarekin alderatuta, etekinak %160 handitu dira, hau da, 47.000 milioi gehiago.

Europako Batasuneko petrolio enpresa handiekin ere antzekoa gertatu da. Azken datuen arabera, BP, Shell, Eni, Orlen, Repsol eta OMV enpresek bikoiztu egin dituzte etekinak, iazkoekin alderatuta. 

Egunkariak jasotako adituen iritzien arabera, oraingoz enpresak etekinak "gordetzen" ari dira, berriro inbertitu gabe edota akzioak saldu gabe. Petrolioaren gorakadaren kausa "gatazka geopolitikoa" dela ondorioztatu dute adituek, ez "berrikuntza" edo "eraginkortasuna" hobetzegatik. Izan ere, itsasartetik pasatzen da munduko petrolioaren %20a eta gasaren %25a, eta otsailetik etengabe jomugan izan da, Teheranek blokeatu egin baitu AEBetako erasoen aurrean.

Iran, AEB eta Oman

Astelehenean amaitu da ekainean AEBek eta Iranek sinatutako memorandumaren 60 eguneko tartea. Besteak beste, hitzartu zuten, epe hori bukatuta, "fronte guztietako" erasoak etengo zirela eta Iranek itsasartea "gerraren aurretiko egoerara" itzuliko zuela. Egunak igaro dira, ordea, eta erasoek jarraitu dute.

Ormuzi dagokionez, Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du itsasarteak itxita jarraitzen duela, argudiatuta AEBek "ez dutela bete ekainean hitzarturikoa". Aitzitik, Iranek eta Omanek, itsasartearekin muga egiten dutenek, itsasartearen kudeaketari buruz elkarrizketak abiatu dituzte eta akordioa lortu dute.

Donald Trump AEBetako presidenteak, bere aldetik, adierazi du ez dagoela elkarrizketarik Iranen eta beraien artean, baina esan du itsasarteak "irekita" jarraitzen duela. "Amore emateko" eskatu dio Irani, eta mehatxu egin du Oman erasotzearekin, azken hori Iranen eta AEBen artean sartu eta Ormuzi buruzko eztabaida "oztopatuz" gero. "Muturra sartzen badu, leherrarazi egingo dugu", esan du Trumpek Fox News telebista katean astelehenean. 


Petrolioa kanalean gehiago
2026ko irailaren 16
Argentinaren zain urratuak
Lurra jokoan, estraktibismoaren bihotzean

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...