Viktor Orban ultraeskuindarrak ez du jarraituko Hungaria gobernatzen, hamasei urteko agintaldiaren ostean. Parte hartze historikoarekin, hungariarrek erabaki dute Peter Magyar-ek parlamentuaren bi heren baino gehiago kontrolatuko duela. Herrialdea Europar Batasunera gerturatzea aurreikusten da.
Igandean egin dituzte legebiltzarrerako bozak Hungarian, eta aldaketa izango dute herrialdean: Viktor Orban ultraeskuindarrak presidente izateari utziko dio hamasei urteren ostean. Haren ordez, Tisza alderdiko Peter Magyar hautagaiak hartuko du erreleboa herrialdearen gidaritzan, hauteskundeak alde handiarekin irabazi baititu: parlamentuko eserlekuen bi heren baino gehiago eskuratu ditu, 199tik 138. Parte hartzea historikoa izan da, %79,5, 1989an gobernu komunista bertan behera geratu zenetik handiena.
133 eserleku ziren, bi hereneko gehiengoa, Magyarren alderdiaren langa beste alderdi batzuen parte hartzerik gabe konstituzioa aldatu ahal izateko. Helburua erdietsita, Orbanek lau agintalditan ezarritako lege eztabaidatsuak bertan behera uzteko aukera du, esaterako, ijitoen edo LGTBI+ kolektiboaren kontrakoak.
Magyarren garaipenak hainbati iradoki dio eskuin muturrak sabaia jo duela Europan, baina ez dirudi datorrena oso ezberdina izango denik. Izan ere, ezkerreko ezein alderdik ez du lortu ordezkaririk parlamentuan, eta Magyar liberala eta oso kontserbadorea da: familiaren, nazioaren eta kristautasunaren defendatzaile sutsua. Orbanen alderdikide garrantzitsua izan da orain dela bi urte arte, eta ezaguna da tratu txarrak egin zizkiola bikotekide ohiari, berak ere onartu baitzituen, Ane Irazabal berriemaileak jakitera eman zuenez. Iaz, EuroNews hedabideak berretsi zuen bikotekide ohiak tratu txarrak eta xantaia leporatu zizkiola beste behin.
Europar Batasuna pozik
Aldaketa nabarmenena da Magyar Europar Batasunaren aldekoa dela. Orbanen gidaritzapean Hungariak oztopoak jarri izan dizkie EBetik bultzatu nahi izan dituzten zenbait erabaki eta politikari. Bestetik, Europak zigor ugari ipini dizkio Hungariari, Orbanen gobernuak Zuzenbide Estatua errespetatzen ez zuela argudiatuta. Ondorioz, herrialdearen krisia Europaren laguntza ezarekin lotu dute askok, eta horrekin amaitzeko diskurtsoa baliatuta irabazi ditu hauteskundeak Magyarrek. Kanpainan agindu du, besteak beste, erreformak egingo dituela Bruselak blokeatuta dituen Hungariarako funtsetatik ia 18.000 milioi euro berreskuratzeko.
Magyarren garaipenak lasaitua eragin die EBko kideei. Besteak beste, Europar Batasunak Ukrainako gerran duen korapiloari begira, Orbanen porrotak ekarri dezake EBren 90.000 milioi euroko maileguaren blokeoa amaitzea. “Herrialde batek Europarako bidea hartu du berriro. Batasuna indartu egin da”, adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Alemaniako eta Frantziako presidenteak ere pozarren agertu dira aldaketarekin. Macronek sare sozialetan zabaldu du "Hungariako herriak Europar Batasunaren balioekiko atxikimendua aukeratu" duela. Magyarrek berak hauteskundeen aurretik adierazi zuenez, "Ekialdearen eta Mendebaldearen artean aukeratzen ari gara”.