Pertur, 50 urte zain


2026ko maiatzaren 14an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urteurren garaiak datoz. Franco hil zenetik 50 bira emanak zizkion eguzkiari lurrak iaz; Ogro Operaziotik 53 aldiz oihukatu da "urte berri on". Zerrendak jarrai lezake. Egutegietan atzera egiteko garai hauetan, badaude ahantzi diren kasuak ere. Batzuetan erabat ahaztu ez badira ere, ondorengotza politikoek gizabanakoen oroimena korapilatu dute. 

1976ko uztailaren 23a ezkero ez da ikusi Pertur. Desagerrarazi zuten. Aipatutako egunaren aurretik gertatutakoak behatuz, in crescendo joan ziren Pertur eta bere ingurukoen aurkako ekintzak. Ematen du, beraz, zorigaitza aurreikusten zela, idatzita zegoela nonbait. Hariaren korapiloa uztailaren 23an estutu zen, baina lehenagotik bazetozen hariak nahasten. 

1976ko martxoan, ABC-k –ETA politiko militarrak bidalitako Zerga Iraultzaile baten gutuna atzeman ondoren–, edukiaren berri eman zuen. Bertan eskatzen zioten jasotzaileari Perturrekin, Ezkerrarekin, Markekin edo beste zehaztutako etakideren batekin harremanetan jartzeko. Hilabete berean, Perturren eta J.L. Echegaray Mark-en erretratuak argitaratu zituen ABC-k, Angel Berazadi enpresaburuaren bahiketaren erantzule hartuta. Bahiketaren oihartzunaz haratago, argazkiarekin Pertur pertsonifikatua izan zen, eta iritzi publikoan tokia hartu zuen. Jada ez zen soilik ETApm-ren buruzagitzako izena, baizik eta itxura zehatzeko gizabanakoa. 

Garai haietan, ETApm-k bi polizia inspektore bahitu zituen Hendaian; Jesús María González eta José Luis Martínez. ABC-k 1976ko apirilaren 7an ETApm-ri egotzi zion erantzukizuna eta, gainera, ekintza estrategikotzat definitu zuen –momentu hartan bahituta zegoen Angel Berazadiren askapenagatik Espainiako Gobernuari 200 milioi pezeta ordaintzera behartzeko–. Erakundeak ez zuen aldarrikatu. 

Uztailaren 27an azaldu ziren aurreneko prentsa notiziak, denak antzeko izendapenekin: ‘Perturren desagerpen misteriotsua’, mende erdia igaro duena, gaur egun arte heldu dena

1976ko apirilaren 8an Espainiako Estatuaren negoziaketarako ezezkoaren aurrean, ETA politiko militarrak Berazadi hil zuen, hiru astez bahituta izan ondoren. Unidad egunkari donostiarrak portada eman zion berriari, "Berazadi, asesinado". Enpresaburua hilda, Pertur ETApm-ren zuzendaritzan kokatu zuten bai egitura polizialek zein prentsa orokorrak –erakunde armatuaren eta Berazadiren familiaren arteko zubia izan omen zen negoziaketan–. Erailketak eragindako astinaldi politikoaren aurrean, Fraga Iribarnek mehatxu garbia jaurti zuen: "Si quieren guerra, la tendrán". Esan daiteke Fraga ez zebilela oker, gerraren logikak harrapatu baitzuen Pertur handik hilabete batzuetara. 

Hurrengo hilabeteek ere ekaitz-giroan jarraitu zuten; odoltsu, berunak eraginda. Testuinguruaren adierazle esanguratsuenetakoa izan zen La Voz de España-k maiatzaren bosgarrenean etakideak hiltzeagatik mertzenarioek hamar milioi pezeta jasoko zituztela adierazi zuenean: "Diez millones para matar a quienes mataron". Berri horretan Pertur Fronte Militarreko buru kokatu zuten. Ingurugiro bortitza zen, eta ordainsari kodiziatsuarekin elkartua, gezi guztiek norabide berdintsura zeramaten.

1976ko udan murgilduta, Perturren familiari gertatu zitzaizkion egoerarik larrienak. Lehendabizikoz, ekainean, familiak mehatxu idatziak jaso zituen eta etxea metrailatu zioten. Uztailaren 15ean, Pertur bahitua izan baino zortzi egun lehenago, Marta Bergaretxe (Perturren ama) atxilotua eta giltzaperatua izan zen Irunen, Eduardo López Maturana inspektorearen agindupean. Apirilaren 4an Hendaian desagertutako bi polizia inspektoreren harira galdeketa sendoa egin zioten. Desagertutakoen egonlekuaz informazio bila zebiltzan. 

1976ko uztailaren 23an, Pertur azken aldiz ikusia izan zen. Hurrengo egunetan, familiak salaketa jarri zuen Frantzian –handik gutxira Gipuzkoan– eta Triple A-k bere aldetik ekintza erreibindikatu zuen. 27an azaldu ziren aurreneko prentsa notiziak, denak antzeko izendapenekin: "Perturren desagerpen misteriotsua", mende erdia igaro duena, gaur egun arte heldu dena. Unidad arratsaldeko egunkari donostiarrak jakinarazi zuen "ETAko aktibista" Perturrek Behobian zuela hitzordua ostiralean, eta harrezkero, bere jardunbidea lainotu zela, arrastorik utzi gabe. Perturren gurasoak semearen bahitzaileei zuzendu zitzaizkien, etsipenak jota eta emozioak eraginda: "Bizirik badago, esaiguzu; hilda badago, entregatu gorpua". Erreguaren ondoren BVEk gutun bat eman zuen argitara, exekuzioa eta lurperatzea bere gain hartuta. "Ojo por ojo, ¡Viva la unidad de España!"-rekin bukatu zuten idazkia. Horren aurrean, justizia eskakizuna Euskal Herrira hedatu zen eta uztailaren bukaeran Donostian manifestazioa egin zen, Salba dezagun Pertur lelopean. 

ETApm-k eginiko ikerketa sakonak José María Escudero Tejada seinalatu zuen. Bahiketaren arduradunari izen eta abizena jartzeak ezegonkortasuna eragin zuen eta espainiar prentsak Perturren hurbileko zirkuluei egotzi zien erantzukizuna. La Voz de España-k Migel Angel Apalategi Apala jarri zuen erdigunean. ABC-k irailaren 5ean erailketaren ustezko xehetasunak ere eman zituen. Egunkariaren esanetan, Pertur Apalaren autora sartu zen eta horrek bi tiro eman zizkion, burua zaku batekin estali ondoren.

Informazio horren aurrean, gutxitan ikusi den bezala, Apalak berak indibidualki sinatutako gutuna eskuz idatzi eta zabaldu zuen, errugabetasuna defendatzeko eta espainiar prentsaren bertsioa gezurtatzeko. "A todo el pueblo vasco" tituludun eskutitzean, hilketaren erantzuleak Montejurrako eta Santurtziko gertakarien parekoak zirela adierazi zuen, hots, Espainiako Estatuko errepresioaren adarretakoak. Bere seinalamendua, kanpaina zela salatzen zuen aldi berean. Apalak zalantzarik ez zuen Euskadi barnetik zatitzeko eta konfrontazioa hedatzeko ereindako informazioa zela eta, horrenbestez, herri osoari dei egin zion gezurra salatzeko eta Euskadiren askatasun osoaren alde borrokatzeko.

Urteurren garaia da, 50 urte, justiziaren zain. Korapiloa ez da laxatu. 

Orhi-Xabier Zabaleta Ikatzeta, EHUko Historiako ikaslea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.