"Pertsonen eguneroko bizitza hobetu nahi dugu, eta gizartea eraldatu”

  • Urtebete dela elkartasun biltegia jarri zuen martxan Gasteizko Herrizoma elikadura sareak. Hilabetean behin oinarrizko elikagaiak eskatzen dituzte supermerkatuetako sarreretan, eta han bildutakoekin zein Errekaleorren duten ortu komunitarioaren produktuekin saskiak osatzen dituzte, beharra duten sareko familiek hartu ditzaten. Elkartasun biltegiaz, kolektiboaren ibilbideaz eta aurrera begirako erronkez mintzatu gara Aitor Korres Abaitua eta Fatima Berkaoui Ondur sareko kidekin.

Khadija Nanouh Berkaoui

2026ko urtarrilaren 12an - 07:18
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Alde Zaharreko elikadura sarea gara, elikaduratik abiatuta pertsonen eguneroko bizitza hobetu nahi dugu, eta gizartea eraldatu”, laburbildu ditu Berkaouik Herrizomaren helburuak. Pandemia garaiak sakondu zuen prekarizazioa azpimarratu du Korresek, “elikagaiak eta etxebizitza asko garestitu ziren”.

Bi lan ildo garatu zituen Herrizomak hasiera batean, ortu komunala eta erosketa kolektiboak. “Ortua Errekaleor auzo okupatuan dugu, bertan ekoizten ditugun produktuak lokalean uzten ditugu nahi duenak hartzeko”. Autoprodukzioa, diruaren bitartekaritzarik ez, eskuzabaltasunean eta konfiantzan oinarritutako banaketa. “Nolabait utopia elikatu nahi duen ildoa da”, azaldu du Korresek. “Horregatik da bereziki garrantzitsua”, azpimarratu du Berkaouik. Erosketa kolektiboei dagokionez, garai batean produktu ugari erosten zituzten, baina gero erabaki zuten aukera zehatzak sortzen direnean soilik burutzea, azkenaldian, esaterako, olioa edo laranjak.

Elkartasun biltegia

Urtebete inguru dela, Herrizomako kideek txangoa egin zuten Iruñera, Haritu elkarlaguntza sarearen lana ezagutzeko. Besteren artean kolektiboaren elkartasun biltegia ezagutu zuten, saskien banaketa egunean hain zuzen ere. Proiektuak ilusioa piztu zien Herrizomako kideei, are handiagoa aurretik zuten kezka bati erantzuteko baliagarria izan zitekeela pentsatuta. “Hutsune bat ikusten genuen, sareko militante ia denak zuriak eta nolabait esateko klase ertainekoek ginen, hori gainditu nahi genuen”, gogoratu du Aitorrek. Saiatzea erabaki zuten.

Hilabetean hogei elikagai saski banatzen dituzte beste horrenbeste familiarentzako

Hilabetean behin Herrizomaren txaleko arrosak jantzi eta lau supermerkaturen sarreretan banatzen dira militanteak, herritarrei hitzez edo eskuorriz ekimena azaldu, eta oinarrizko elikagaiak edo garbiketarako produktuak ematea proposatzen diete. Jasotzen dutenarekin eta ortu komunaleko produktuekin saskiak osatzen dituzte. Abenduan, beste bide bat ireki zuten: Aldaialde ikastetxean ekimena aurkeztu eta bertan egin zuten elikagai bilketa, dozenaka kutxa betez. "Eskerrik asko motibazio txute honengatik", idatzi zuten sare sozialetan. Gaur egun hilabetean hogei saski banatzen ditu Herrizomak beste horrenbeste familiarentzako.

Bizitza hobetu, mundua eraldatu

Biltegiarekin sareko kideen eguneroko bizitza hobetzea dute helburu, baina baita antikapitalismoa, antolakuntza eta politizazioa indartzea ere, Herrizomako kideek diotenez. Horregatik ematen diote garrantzia egiteko moduei. Pertsona edo familia bat sarera hurbiltzean, Harrera lantaldearekin hitzordua jartzea da lehen urratsa. Lantaldeak kolektiboaren balioak, lan ildoak eta antolamendua azaltzen dizkie, eta asanblada orokorrean parte hartzera gonbidatzen ditu.

Asanblada orokorrak hilabetean behin egiten dituzte, igande arratsaldetan –“denok libre dugun tarte bakarra delako”, azaldu du Berkaouik–, meriendarekin hasi, bilera formalarekin jarraitu, eta saskien banaketarekin amaitzeko. 50 pertsona inguru bildu ohi dira. Sareko kide izateko gutxieneko konpromisoa asanbladetan parte hartzea eta hilabetean behin txanda bat egitea da. “Animatu, etorri Aiztogile kaleko 72.eko gure lokalera edo idatzi emailera [Herrizomagasteiz@gmail.com] eta jarriko gara harremanetan zuekin”, dio Berkaouik irribarretsu.

Asanbladetan parte hartzen duten pertsonen soslaiaz galdetuta, “denetarik dago”, dio Berkaouik, “bereziki biltegia abiatu genuenetik”. Aniztasuna jatorrian eta adinean, baina baita sarera hurbiltzeko motibazioei eta esperientzia militanteei dagokionez ere. “Batzuk beharrak bultzatuta heltzen dira, beste batzuk ideiarekiko afinitateagatik, edo biengatik aldi berean. Batzuek agian ez dute aurretik inoiz militatu, beste batzuk bai, ni adibidez Afro elkarte aforamerikarrean aritu nintzen, baina hori bai, planteamendua ez zaio arrotza egin hurbildu zaigun inori”.

Euskara, etxebizitza, saretzea

Pozik daude Herrizoman biltegiak proiektuari oro har eman dion bultzadarekin, hazten ari dira, eta gehiago hazteko aukera ikusten dute. Aurrera begira jarrita, zenbait erronka eta asmo aletu dizkigute.

"[Euskararena] “Landu beharreko gai garrantzitsua da” (Fatima Berkaoui)

Asanbladek luze jotzen dute, eta ez dago aukera handirik zeregin praktikoetatik harago jo eta gai edo kezka orokorragoei tokia egiteko. Horretako, aparteko “hausnarketa espazio” bat sortzeko asmoa dute, eta hor landu nahi dute, besteak beste, euskararen presentzia. Lantaldetan euskara ere erabiltzen dute, edo umeen zaintza espazioan euskaraz aritzen dira, baina asanblada orokorrak soilik gazteleraz eta arabiarrez egiten dituzte. “Landu beharreko gai garrantzitsua da”, dio Berkaouik.

Gasteizko Alde Zaharrean ditu sustraiak Herrizomak, eta elikaduran zentratzen da, baina helburu handiagoak ditu. “Elikadura bezala, etxebizitza ere oinarrizko behar materiala da, eta horretan Auzoan Bizi etxebizitza sarearekin elkarlan zuzena dugu. Horrez gain, Gasteizko beste auzoetan ere antzeko ekimenak sortzea nahiko genuke, eta Euskal Herri mailan ere saretzen hasi berriak gara, Iruñeko eta Galdakaoko kideekin esaterako”.

Azkenik, produkzio komunalaren ildoan jauzia egiteko aukera sortu zaiela azaldu dute. “Pertsona batek lursail handi bat laga digu Gasteiztik hurbil, eta fruitu arbolak jarriko ditugu bertan”.

 

Aldaialde ikastetxean janari bilketa egin zuten abenduan Herrizoma
Errekaleor auzoan du ortu komunala Herrizomak Herrizoma

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Herri mugimendua kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.