Biziraun elkarteko elkar laguntza taldeetako koordinatzaileetako bat eta Agifes elkarteko psikologoa da Iratxe Etxenike. Suizidioaren atzean dagoen sufrimendu pilaketa hobeto ulertzeko zenbait gako eman ditu.
Irailean ohi baino gehiagotan hitz egin ohi da suizidioaz, irailaren 10ean Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna delako. Hala ere, Iratxe Etxenike psikologoak argi du gainerako hilabeteetan ere hitz egin beharko litzatekeela. Uste du suizidioa oraindik tabua dela, eta hitz egiteak prebentzioan lagun dezakeela. Sufrimendu psikosoziala lantzen duen elkartea da Agifes, eta bertan lan egiten du Etxenikek. Biziraun elkarteko elkar laguntza taldeetako koordinatzaileetako bat ere bada. Zumarragan (Gipuzkoa) izan da, irailaren 15ean, Ondoezaren muga: suizidioa sufrimenduaren begiradatik ulertuz hitzaldia ematen. Agifes elkarteak antolatu du hitzaldia.
Aipatu izan duzu askotan suizidioak lotura handia duela sufrimendu pilaketarekin. Sufrimenduan arreta jarri ordez, suizidioa patologizatzeko joera dagoela uste duzu?
Bai. Kontuan hartu behar dugu suizidioaren atzean ez dela beti diagnostiko bat egongo, baina beti topatuko dugu giza sufrimendua. Nahastu egiten dugu, eta giza sufrimendua patologizatu eta diagnostikatu dezakegu. Horrek onurak eta kalteak eragin ditzake. Onurak, laguntzari dagokionez, eta kalteak, estigmatizazioagatik. Indibidualki, pertsona batzuei gehiago edo gutxiago laguntzen die. Dena nahasten dugu, eta gizartean irudi bat sortzen dugu, zeinetan iruditzen zaigun suizidioaren kausa diagnostikoa dela. Suizidioaren kausa sufrimendu metaketa da. Kontuan hartu behar dugu gizaki guztiok sufritzen dugula, eta, hortaz, denoi gerta dakigukeela. Nolabait, hitzaldiaren haria da suizidioa humanizatzea, ikustea ez dela horren arrotz eta urruna. Pertsona bat mendian egon eta lainoa sartu izan balitz bezala da. Lainoa sartu da, ez dut ikusten, ez dakit nora eman pausoa eta edozein momentutan eror naiteke. Mendian ere edonor galdu daiteke.
Zer egin daiteke hobeto ulertzeko beste baten sufrimendu pilaketa?
Pertsona baten sufrimendua ulertzeko, lehenik eta behin, entzun egin behar da. Entzutea isilik mantentzea da, dakarren guztiarekin. Nolabait, edukiontzi baten lana egin behar dugu, eta parekoak sufrimendu hori gure edukiontzian askatu behar du, guk ezer esan gabe eta eduki hori kutsatu gabe. Kutsatzea izan daiteke esatea: “Tontakeria bat da”, edo “bai zera! Hori pentsatzen ari zara?”, edo “zergatik zaude horrela?”. Horrek eragin dezake aurrean dugun pertsonak pentsatzea edukiontzia ez dela segurua. Epairik gabe entzun behar da.
"Zure ikuspegira mugitzen naizenean, errazago ulertuko dut zeintzuk diren zure beldurrak eta zailtasunak"
Norbaitek ondoez handia adierazten duenean edo bere buruaz beste egin nahi duela esaten duenean, nola jokatu ohi du gizarteak?
Nik bi modu bereiziko nituzke. Bat izango litzateke gutxiestea: esatea ez dela horrenbesterako, kasurik ez egitea edo baliogabetzea. Hau da, zaku hori txikitu eta gutxietsi. Bestea, konpondu nahi izatea. Uste dut borondate onez egiten dela, baina askotan norberaren ezintasunetik egiten dugu. Zure mina horren desatsegina egiten zaidanez eta ez dakidanez zer egin, minimizatu egiten dut edo konpontzen saiatzen naiz.
Zer egin daiteke ondoan egon, baina epaitu, gutxietsi eta konpontzen saiatu gabe?
Puntu garrantzitsu bat epairik gabe entzutea da. Epairik ez egiteko eta hanka ez sartzeko, hoberena da ez komentatzea. Hau da, isilik egon, eta ez egin iruzkinik edo ez eman iritzirik. Demagun bi pertsona gaudela, eta zubi batek banatzen gaituela. Zubia kili-kolo dago eta badirudi erori egingo dela. Orduan, ez da horrenbeste nik zuri tira egitea, bide arriskutsu eta beldurgarri horretatik pasatzeko, baizik eta ni zure posiziora eta zure zapatetara hurbiltzea, zuk zubia nola ikusten duzun ikusteko. Zure ikuspegira mugitzen naizenean, errazago ulertuko dut zeintzuk diren zure beldurrak eta zailtasunak. Aldiz, nik zuri tiraka etortzeko esaten badizut, behartua sentituko zara eta ez zaitut ekarriko.
Susmorik izatekotan edo norbaitek bere buruaz beste egin nahi duela esaten badu, lagungarria izan daiteke galdetzea?
Geroz eta gehiago gomendatzen da suizidioaren inguruan modu zabalean galdetzea. Horrekin erran nahi dut nolabait neutraltasunetik galdetu behar dugula. Adibidez, modu neutralean galdetzea izango litzateke: “Inoiz pentsatu al duzu zeure buruari min egitea?” edo “inoiz pentsatu al duzu zeure buruaz beste egitea?”. Aldiz, “ez duzu inoiz pentsatu izanen zeure buruaz beste egitea, ezta?” eta “hori ez zaizu burutik pasatu, ezta?” bezalako galderek kutsua aldatu egiten dute. Horren arabera, erantzungo dut edo ez. Nik detektatzen badut norbaitek neutraltasunetik eta epairik gabe galdetzen didala, ziurrenik esatera ausartuko naiz. Bestela, ez. Galdetzea ongi dago, baina ez edozein modutan. Beste pertsonaren erosotasuna eta zintzotasuna bilatzen dugu. Epaitzearen atzean askotan nire beldurra dago; nik bilatzen dudana da: “Mesedez, erran iezadazu ezetz”.
"Apal, baxu eta denbora luzez ondoez handi batean egon den pertsona bat-batean hobetzen bada, horrek alarma piztu behar digu"
Baiezkoa bada, nola eusten ahal zaio horri?
Erantzuna baiezkoa bada, hurrengo pausoak esplorazio pausoak izango dira. Esan badit pentsatu izan duela, galdetzen ahal diot ea noizbait jarri dion bere buruari momentu bat egiteko. Zein momentutan egingo lukeen erraten badit, hurrengo galdera izango litzateke ea inoiz pentsatu duen nola egingo lukeen. Esplorazio horretan bilatzen duguna da ikustea buruan duen ideia hori zein puntutaraino daukan egituratua. Zenbat eta definituagoa egon, orduan eta arrisku handiagoa dago. Honekin ez dut erran nahi irudi hori difusoa bada ez dagoela inongo arazorik.
Pertsona batzuek, beren buruaz beste egin baino egun batzuk lehenago, bakea sentitzen dutela ematen du. Sufrimenduari epe muga jartzen diotelako izan daiteke?
Bai. Kontuan hartu behar dugu erabaki hau ez dela egun batetik bestera hartzen. Erabaki hau –erabakia deitzen ahal bazaio– norberaren bizitzako erabakirik zailena da. Ziurrenik, pertsona horren buruan denbora luzez egon da egin edo ez egin ideia. Batzuen kasuan, beste batzuen kasuan baino gehiago luzatuko da hori. Ohikoena ez da gaur umore txarrez esnatu naizela eta egingo dudala. Erran dugun bezala, sufrimendu metaketa bat da. Metaketa horretan, zenbait zalantza existentzial planteatu daitezke. Alegia: “Merezi al du bizitzeak?” eta “noizbait bukatuko ote da sufrimendu hau?” bezalako galderak. Horrek guztiak sufrimenduaren mamua handitzen du. Dakardan sufrimendua ikaragarria da, eta behin erabakia hartuta, arnasa hartzeko modu bat da, nolabait sufrimenduari bukaera jarriko diodalako. Horrek lasaitasuna emango dio, eta kanpora islatuko da. Horrek gerora gelditzen diren senideei buruhauste handiak ematen dizkie, nolabait lasaitasun faltsu bat zelako.
Horrek ez du esan nahi denek lasaitasun hori sentitzen dutenik, ezta?
Gerta daiteke, baina ez beti. Apal, baxu eta denbora luzez ondoez handi batean egon den pertsona bat-batean hobetzen bada, horrek alarma piztu behar digu. Adi egon behar dugu, ez baitakigu zein aldera eman dezakeen buelta.