Gurutzetako ospitaleko genero identitatearen unitatea desagerraraztea du helburu Sumin Trans kolektiboak. Kolektiboko kide Bryn Hounsell Rio-k trans pertsonek Osakidetzan pairatzen duten bortizkeria salatu du.
Asko dira azken urteetan Gurutzetako ospitaleko GIU genero identitatearen unitatearen kontra egindako protestak. Kolektibo eta norbanako askok salatzen dute indarkeria ugari pairatzen dituztela. Bryn Hounsell Riok, Sumin Trans kolektiboko kideak, azaldu du horri erantzun antolatu bat emateko beharra ikusi dutela: “Helburu bakarra duen talde bat sortzeko premia ikusi genuen, Gurutzetako ospitaleko genero identitatearen unitatea abolitzea helburu duen talde bat”. Barakaldon (Bizkaia) dago unitatea.
2024ko abuztuan sortu zuten taldea, horren aurretik, kide batek GIUan lehen hitzordua eskatu, eta beste biolentzia askoren artean, indarkeria lodifoboa sufritu zuelako. Horren adibidea da trans pertsona lodiei kirurgiak ukatzen dizkietela “ez litzatekeelako hain estetikoa” geratuko. Horrez gain, salatzen dute legez kanpokoa den arren, endokrinologiatik eta psikiatratik pasatzera behartzen dituztela. Argudiatzen dute “barne protokolo bat” dela: “Psikiatrak esan izan du legearen gainetik daudela. Ea ongi zauden eta babesa duzun galdetzeko dela esaten dute, baina finean, bizitza osoa egiten daramatena egiten dute. Hau da, patologizatu eta galdetu ea galtzontziloak eta horrelakoak erabiltzen dituzun”.
Gaineratu du unitateko begirada “oso binarista”, “heterosexuala” eta “patologizatzailea” dela: “Soilik izan zaitezke emakumea edo gizona, eta beti oso modu konkretuan. Hau da, pertsona transmaskulino bat baldin bazara, oso gizona izan behar duzu. Aldiz, transfemeninoa bazara, oso emakumea. Horrek performatzera eramaten gaitu, bestela arreta ukatzen digutelako”. Hounsellen kasuan, ez-binarioa da, eta psikiatrak, jakin zuenean, kirurgia ukatu zion. Pribatura joan behar izan zuen: “Gezurretan harrapatzea jolas dibertigarri bat dela iruditzen zaio psikiatrari”. Kasu batzuetan hormonak edo kirurgia batzuk egitea ukatzen diete, baina beste batzuetan behartu egiten dituzte: “Pertsona transmaskulinoei etengabe esaten diete histerektomia egiteko. Nire uteroa ongi baldin badago zergatik antzutu behar nauzu?”.
Trans pertsona lodiei kirurgiak ukatzen dizkiete “ez litzatekeelako hain estetikoa” geratuko
Feminitatea eta maskulinitatea ez dira performatu beharreko gauza bakarra, egonkortasun mentala ere performatu beharra dagoela dio. Azaldu du zalantzati agertuz gero, “erraza” dela psikiatrak diagnostiko bat jartzea edota pilulak ematea eta unitatean “harrapatuta” geratzea. Gainera, aldez aurretik diagnostiko psikiatriko bat izanez gero, “oso zaila” da arreta egokia jasotzea: “Autismoa eta mugako nortasun nahasmendua, XXI. mendeko histeria, dira gehien begiratzen dituzten diagnostikoak”. Pertsona psikiatrizatuen, eroen, sistema psikiatrikotik bizirik atera direnenen edota sufrimendu psikosoziala pairatzen duten pertsonen patologizazioaren kontrako jarrera irmoa azaldu du. “Trans izatea berez ez da patologia bat, baina aldi berean, asko eroak gaude. Azkenean bizi ditugun indarkeria guztiek eragina daukate gure buruan”, esan du.
Arreta deszentralizatzeko premia
Egun, Gurutzetakoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan trans pertsonak artatzeko unitate bakarra. Astean bitan ematen dute soilik arreta eta goizez baino ez. 2025eko martxoan Osakidetzak iragarri zuen transen lehen mailako arretako zerbitzuak martxan jarriko dituela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lurralde bakoitzeko bana egonen da eta GIUarekin harremanetan egonen dira: “Horrek esan nahi du beste oztopo bat gehiago jarriko digutela. Ez dut beste txosna bat gehiago nahi”.
Sumin Transeko kideen arabera, arreta deszentralizatu, eta lehen mailako arretatik artatu beharko litzateke. Hounsellen ustez, “ez da horren zaila” baimen informatuaren bidez familia medikuak analitikak egitea, nahi izatekotan hormonak ematea, jarraipena egitea eta kirurgia nahi izatekotan, kirurgiara bideratzea. “Ez dugu patologia bat bezala tratatu behar. Haurdun egotea ez da patologia bat, baina haurdun dauden pertsonek akonpainamendua behar dute. Ba gure kasuan berdin. Halere, ez dugu ahaztu behar indarkeria obstetrikoa ere pairatzen dutela”, esan du.