argia.eus
INPRIMATU
Pentsiodunek aldarrikapenei eutsiko diete udaran, baina egutegian moldaketekin
  • Araban eta Nafarroan asteleheneko deialdiak bertan behera utziko dituzte udaran zehar, eta Bizkaia zein Gipuzkoan zer egin erabakiko dute datozen egunetan. Momentuz, abuztuaren 20an manifestazioa deitu dute Bizkaiko pentsiodunek.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 03a
Pentsiodunen elkarretaratzea, Bilbon (Argazkia: Ecuador Etxea)

Bost hilabete daramatzate pentsiodunek astelehenero pentsio duinen aldeko mobilizazioak egiten. Udaran ere hala eginen dutela aurreratu dute, baina mobilizatzeko gaitasuna galdu ez dadin, egutegian moldaketak egingo dituztela adierazi dute. Izan ere, udara hasiera nabaritu zen asteleheneko elkarretaratzeetan: Iruñean ez zen elkarretaratzerik izan, eta Gasteiz, Bilbo eta Donostian ohi baino jende gutxiago bildu zen.

Jose Antonio Perera Bizkaiko Pentsiodunak Martxan plataformako presidenteak astelehenean Bilboko udaletxe aurrean egindako agerraldian adierazitakoaren arabera, uztailean eta abuztuan ere asteleheneroko mobilizazioekin jarraitu nahi dute. Hala ere, azaldu duenez, astean asteko erantzunaren arabera erabakiko dute deialdia agin ala ez, asteazkenero egiten duten bileran. Edozelan ere, gaurdanik zabaldu diete pentsiodunei abuztuaren 20ko manifestaziora batzeko deia. Bilboko Aste Nagusiaren baitan egitea aurreikusten duten manifestazioa irailean aldarrikapenei indar handiagoz heltzeko baliagarria izan daitekeela adierazi du Pererak.

“Sabin Etxekoei eta PPkoei hankak dardarka jartzea lortu” dutela adierazi du Pererak, eta Pedro Sanchezen gobernua negoziatzeko prest azaldu dela. Aurreratu duenez, udazkenean dira bilera egitekoak, Magdalena Valerio Gizarte Segurantzako ministro berriak bere taldea osatzen duenean. Martxan jarriko den negoziazioa luze joango dela uste arren, beraien eskari nagusiak betetzeko baliagarria izango dela pentsatzen du Pererak.