PP, Vox, Junts eta UPNren aurkako bozkek atzera bota duten lege dekretuaren ondorioz pentsioen igoera eta pertsona zaurgarriak etxegabetzeko debekua ezerezean geratu dira, besteak beste. Egoera salatzeko, pentsiodunen mugimenduak mobilizazioak egin ditu ostegun eguerdian Hego Euskal Herriko hiriburuetako PPren egoitzen aurrean. Pedro Sánchezek jakinarazi du Ministro Kontseiluak “ezkutu sozialaren” 80 neurritatik 29 dekretu bidez onartuko dituela.
Espainiako Parlamentuak asteartean atzera bota du, PP, Vox, Junts eta UPNren bozkekin, pentsioen igoera eta “ezkutu soziala” jasotzen zituen lege dekretua. Ondorioz, indargabetatuta geratu dira pentsioen %2,7ko igoera 2026rako; gutxieneko pentsioen %7ko igoera; kotizazio gabeko pentsioak eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak %11,4 handitzea.
Erabakiaren aurrean “gaitzespena eta haserrea” adierazteko manifestazioak antolatu ditu ostegun honetan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. 12:00etan mobilizatu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetako PPren egoitzen aurrean, hots, Bilboko Bizkaia plazan, Donostiako Illunbe kalean, Gasteizko Olagibel kalean eta Iruñeko Plazaola kalean. Mugimendutik salatu dute "onartezina" dela pentsioak handitzearen aurka bozkatzea, eta "eskubide hori trukerako txanpon gisa baliatzea alderdien arteko eztabaidetan". Halaber, gutxieneko pentsioa lanbidearteko gutxieneko soldatarekin "parekatzea" exijitu dute "genero arrakalaren kronifikazioa eta diru sarrera eskasia" eragozteko.
Horrez gain,“ezkutu soziala” edo "Omnibus dekretuak" jasotzen zituen hainbat neurri ere izoztuta geratu dira; hala nola, 2025eko lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) luzatzea; autonomoen kotizazio sozialak izoztea; beste bizitokirik ez duten familia zaurgarrientzako etxegabetzeak eta kaleratzeak etetea; familia kalteberen argi, ur eta gas hornidura eteteko debekua; bonu sozial elektrikoaren deskontuak luzatzea –%42,5 kontsumitzaile kalteberentzat eta %57,5 kaltebera larrientzat–; eta ibilgailu elektrikoak erosteko laguntza fiskalak.
PPk eta Voxek adierazi dute dekretuak jasotzen dituen neurri askorekin ez daudela ados. Bereziki familia kalteberentzako etxegabetzeen debekuarekin, "okupazioa babestea" dakarrela argudiatuta.
Arrakastarik gabeko joko parlamentaria Madrilen
PSOE azken boladan lagun handirik gabe dabil, besteak beste, ustelkeria kasuek gainezka egin diotelako. Ez soilik oposizioko alderdiek, gobernatu ahal izateko babesa erakutsi ziotenek ere bizkarra erakutsi diote. Hain zuzen, inbestiduraren gehiengo hori sendotu asmoz dabil orain Sánchez presidentearen alderdia, eta asteak daramatza lanean beste talde parlamentariekin akordioak lortzeko; hala nola, Esquerra Republicanarekin autonomien finantzaketaren inguruan, edo Podemosekin, berriki ezagutu dugun etorkinen ezohiko erregularizazioaren inguruan.
Joko parlamentaria, baina, konplexua izaten ari da Madrilen azken egunotan, inork ez baitu ezer ematen trukean ezer jaso gabe. El Diariok.es-ek jasotzen duenez, gobernuak etorkinen erregularizazioa onartzearen truke, Podemosek baiezkoa eman beharko die Juntsek eskatutako Kataluniarentzako immigrazio-eskumenei, nahiz eta alderdi moreak testua “arrazista” zela adieraz zuen. Horrela, PSOEk nahi zuen Juntsek “ezkutu sozialaren” dekretuari baiezkoa ematea. Baina Puigdemonten alderdiak ezezkoan jarraitu du, eta PP, Vox eta UPNren eskutik dekretua ezerezean utzi.
80 neurritatik 29 dekretu bidez
Asteazken eguerdian, Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak Ministro Kontseilu osteko prentsaurrekoan jakinarazi du Gobernua Juntsekin “azken momentuko”akordio batera iritsi dela, neurrien paketea Errege dekretu bidez aurrera ateratzeko, parlamentuan ezeztatu ziren eduki "ia guztiekin". Eduki “ia guztiak”, ordea, 80tik 29 dira. Sánchezek adierazi du mantenduko direla, besteak beste, "garraio publikorako laguntzak, pentsioak KPIaren arabera handitzea, eta gutxieneko pentsioak hobetzea". Horrez gain, aurreratu du lehendik aurreikusita ez zegoen neurri berri bat: "Jabeentzako eta maizterrentzako abal eta bermeen sistema publiko berri bat sortzea".