EAJko Peio Etxelekuk bozen %46,54 lortu ditu, eta beste bi hautagaiekiko aldea handitu du bigarren itzulian: orain arte auzapez izandako Christian Devèze zentristak %33,74 eta ezkerreko abertzalea den Argitxu Hiriart-Urruty-k %19,7. Ez du aurreratu nahi izan Herri Elkargoan lehendakari gai izango den, eta Marienia proiektuaren indargune hau nabarmendu du: "Gaur gaurkoz kanbotarren gehiengo handiak ezetz esan dio proiektuari".
Bigarren itzulian beste bi hautagaiekiko aldeak handitu egin ditu Etxelekuk Kanbon (Lapurdi). Izan ere, lehen itzulian Etxelekuk bozen %39,55 lortu zituen, Devèzek %34,99 eta Argitxu Hiriart-Urrutyk %25,46.
Abstentzioa txikiagoa izan da bigarren itzulian: %33,63 (lehen itzulian %35,02ekoa izan zen). Eta bigarren itzuli honetan Etxeleku izan da boz kopurua igo duen bakarra: lehen itzulian 1.266 boz lortu zituen eta bigarren honetan 1.538. Aldiz, Devèzek bigarren itzulian 5 boz galdu ditu, 1.115 boz lortuta. Eta Hiriart-Urrutyk 164 boz galdu ditu, 651 boz lortuta.
Peio Etxelekuk adierazpen hauek egin ditu Euskal Hedabideek egin duten zuzeneko jarraipenean, gogorarazi diotenean Argitxu Hiriart-Urruty-k leporatu diola Marieniaren borrokarekin bere bozemaileak "engainatu eta ebatsi" dizkiola. Etxeleku: "Ariketa demokratikoa izan da kanpaina, eta kanpaina bukaeran irabaztea eta galtzea onartzen badakit. Argitxuk nik bezala maite du Kanbo eta gai izango gara geroari begira elkarrekin lanean aritzeko. Kanboarrek ulertu dute zein den gure proiektua. Ez gara kadiran geratu, etxez etxe jarraitu dugu jendeari gure proiektua azaltzen". Aurkezleak galdetu dio Euskal Hirigune Elkargora aurkeztuko ote den, eta kazetariei pazientzia eskatu die: "Gaur arratsean ospatuko dugu egin duguna, eta hortik landa ikusiko dugu nola gauzak bideratzen diren Herri Elkargoan. Orain arte kontzentratua nintzen Kanbon gertatzen denari". Bukatzeko, Marieniaz galdetu dio kazetariak eta hauxe Etxelekuren erantzuna: "Marienia gai korapilatsua da, lege ikuspegitik ainitz deretxo onartuak izan baitira dagoeneko promotorarentzat. Lehen urratsa izango da elkarrizketa bat hastea, ez bakarrik promotorarekin, baita laborariekin ere. Gaur gaurkoz kanbotarren gehiengo handiak ezetz esan dio proiektuari eta hori oinarri sendoa da".