Pediatrak gizarte zerbitzuetara deitzeko mehatxua egin diola salatu du ama batek, haurrari %100 begetala den elikadura emateagatik

  • Espainiako Pediatria Elkartearen arabera, haurrek %100 begetala den elikadura izan dezakete, baldin eta ondo planifikatuta eta behar bezala gainbegiratuta badago. Andrea Velasco nutrizionistak bat egin du iritzi horrekin.


2026ko abuztuaren 7an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hamalau hilabete ditu Leizek. Jaiotzean arnasa hartzeko arazoak izan zituenez, duela gutxi arte Basurtuko ospitalera joan behar izan du hainbat azterketa mediko egitera. Helburua zen egiaztatzea ez zuela sekuelarik. Bere amak, Aitziberrek, salatu du Basurtuko pediatrak gizarte zerbitzuetara deitzeko mehatxua egin diola haurra beganismoan hezteagatik. Leizek lau hilabete zituenean, pediatrak jakin zuen Aitziber beganoa zela, eta galdetu zion ea haurra ere begano hazteko asmoa zuen. Baietz erantzun zion Aitziberrek. "Badakizu debekatuta dagoela?", galdetu zion. "Nik erantzun nion ez zegoela debekatuta. Horrez gain, esan zidan haurra behar bezala hazten ez bazen, gizarte zerbitzuetara deitzeko arrazoia izan zitekeela”, kontatu du.

Bigarren azterketa medikoan, Aitziber lanean zegoenez, haren ama eta bikotekidea joan ziren Leizerekin. Medikuak ez zien beganismoaren inguruko ezer esan; soilik galdetu zien ea ondo jaten zuen. Baietz erantzun zutenez, ez zuen gehiago galdetu. Azken azterketa medikoan, berriz, Aitziber bikotekidearekin joan zen medikuarenera. Kontsulta amaitzear zegoela, elikaduraren gaia atera zuen berriro. "Biak beganoak zarete?", galdetu zien. Baietz erantzun zutenean, berriz esan zien: "Badakizue hori gizarte zerbitzuetara deitzeko alarma seinale izan daitekeela?”.

Tentsioa handitzen joan zen heinean, Aitziberrek esan zion mehatxatuta sentitzen zela artatzen zuen bakoitzean. “Pertzentilen kontua berez oso subjektiboa iruditzen zait, haur bakoitzak bere erritmoa duelako. Hala ere, Leizek pertzentil guztiak betetzen ditu. Ez dut uste haurrei egunero hestebeteak edo gozoki industrialak ematen dizkieten familiak gizarte zerbitzuekin mehatxatzen dituztenik”. Horregatik, pediatra aldatzea eskatu zuen. Hala ere, medikuak alta eman zion: “Ez dakit alta eman zigun Leize benetan ondo dagoelako edo ondorioen beldur zelako”.

Lehen aldiz beganismoari buruzko iruzkinak egin zizkionean, Aitziber zer esan jakin gabe geratu zen. Erditu berria zen, kontsultan bakarrik zegoen eta erditu osteko depresioa zuen. Azpimarratu du oso zaurgarri sentitu zela: “Berriz ere ni bakarrik munduaren kontra nengoela sentitu nuen. Are gehiago hondoratu ninduen, eta pentsatzera iritsi nintzen ez nintzela ama ona izango eta haurra kenduko zidatela. Txiki-txiki eginda utzi ninduen”.

Desinformazioa eta eguneratzeko premia

Medikuaren argudio nagusia zen elikadura begetalarekin haurra zenbait mantenugaitan, batez ere proteinetan, motz gera zitekeela. Hala ere, 2026ko ekainean Espainiako Pediatria Elkarteak argitaratutako ohar baten arabera, haurrek %100 begetala den elikadura izan dezakete, baldin eta ondo planifikatuta eta gainbegiratuta badago. Gainera, ikerketen arabera, ondo diseinatutako elikadura begetalek fruta, barazki, lekale eta zuntz gehiago izaten dituzte, eta gantz ase gutxiago.

Bestalde, Osakidetzak gida edo bide-orriak eskaintzen dizkie elikadura begetala egin nahi duten familiei. Leize ez da soilik ospitaleko pediatrarengana joaten; ohiko pediatra ere badu. Harekin ez dute inolako arazorik izan. Aitziberren arabera, gehiago informatu da, eta elikadura antolatzeko gida eskaini die.

Andrea Velasco nutrizionistak berretsi egin du bideragarria dela: “Elikadura osagarriarekin hasten direnean, handitu egiten dira mantenugai jakin batzuen beharrak; hala nola proteinenak eta burdinarenak. Behar horiek, elikadura beganoarekin, primeran ase daitezke”. Azaldu du elikadura begetalak eta orojaleak uste baino antzekotasun gehiago dituztela, eta oinarrizko jarraibideak oso antzekoak direla. Kontuan hartu beharreko mantenugaien artean daude burdina, iodoa, proteinak, omega-3 gantz-azidoak, D bitamina, kaltzioa eta B12 bitamina: “Edozein elikadura motatan, oinarria elikagai freskoek eta gutxi prozesatuek osatu behar dute. Horien artean daude fruta, barazkiak, zereal integralak, lekaleak, fruitu lehorrak, haziak eta gantz osasungarriak”.

Antzekotasun horiez gain, badaude kontuan hartu beharreko berezitasunak ere. Esaterako, B12 bitaminaren kasuan, sei hilabetetik aurrera osagarria hartu behar dute elikadura begetala jarraitzen duten haurrek. Elikadura orojalea dutenek, berriz, askotan zeharka jasotzen dute bitamina hori, animaliei emandako osagarrien bidez.

Proteinen iturriak ere aldatu egiten dira. Elikadura begetalean, lekaleak eta haien eratorriak —adibidez, tofua— dira iturri nagusiak. Burdinan aberatsak diren elikagaien artean daude zereal integralak, fruitu lehorrak eta lekaleak. Gainera, otordu bakoitzean C bitaminatan aberatsa den elikagai bat sartzea komeni da, burdinaren xurgapena hobetzeko. Omega-3ari dagokionez, liho- eta chia-haziak iturri garrantzitsuak dira. Kaltzioa, berriz, sesamoan, almendretan, sojan, tofuan, babarrunetan, kruziferoetan eta beste hainbat elikagaitan aurki daiteke.

Aitziberren eta Velascoren ustez, Osakidetzan informazio eta prestakuntza gehiago behar dira arreta egokia bermatzeko. Haien iritziz, informazio falta handia dago, eta eskaintzen diren prestakuntzak ez dira profesional guztiengana iristen. “Gehiago eguneratzea gustatuko litzaidake. Askotan etxetik eramaten dugu lana eginda, baina askok ez gaituzte entzuten. Gizatasun apur batekin tratatzea nahiko nuke”, esan du Aitziberrek.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...